Jon Ormazabal
Kirol-erredaktorea, pilotan espezializatua / redactor deportivo, especialista de pelota
Entrevista
Jokin Altuna
Aspeko aurrelaria

«Bolada hau amaitzea ez da arraroa izango, arraroa oraingo hau da»

26 urterekin, amezketarra kaiolako marka guztiak hausteko bidean da; are gehiago, Aimar Olaizolak lortu ez zuen bat ere lortu du, zazpigarren urtez jarraian finalera helduta. Berezko sena badu, artista handia da, bai, baina atzean lan handia ere badago eta eguneroko horrekin gozatzen ikasi du.

Jokin Altuna.
Jokin Altuna. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Ez naiz originala izango: 7. finala jarraian. Bada zerbait.

Bai, gauza handia da. Ez da izaten erraza baloratzea, baina disfrutatzen ari naiz, pozik nago oso. Orain, bi aste hauetan, kontzentratuta eta ilusio handiarekin.

Badakit orain marketan ez duzula pentsatzen esango didazula, baina tarteka ez da komeni gelditzea eta egindakoa baloratzea?

Noski, askotan gertatzen da, partida jokatzen duzu, dutxatzen zara, badakizu zerbait handia egin duzula, baina irten, lagunekin egon eta finaleko gauzak hasten dira, sarrerak, bata bestea... ez da erraza. Gustatzen zait, bai, familiarekin baloratzea. Azkenean txikitatik ordu pila bat egin ditugu hara eta hona eta orain halako emaitzak lortzea kristorena da. Denei oso eskertua nago eta nire aldetik oso harro lortzen ari naizenaz, baina ea beste pausotxo bat ematen dugun.

Historiako espezialista handienen pare jartzen zaituzten zenbakiak dira ia.

Bueno, onenaren pare egoteko lau txapel irabazi beharra dauzkat eta hori ez da erraza, baina dena ez da txapelak irabaztea eta erakusten ari naizen erregulartasuna ere gauza handia iruditzen zait, oso zaila. Ze alde batetik aurkariak ditugu, bestetik mina hartzea daukazu edozein unetan, gauza asko dira; orain arte denak aldeko erori zaizkit.

Azkenaldian sarri entzun dizugu «egindakoa nik asko baloratzen dut» esaten. Gainerakook ez dugu hala egiten?

Bueno, adibide bat jarriko dizut. Finalera lehen aldiz iritsi nintzenean gogoan dut etxean afaldu, kalera irten eta Amezketako bi tabernak ia beteta zeudela igande batean, eta aurten, lagunekin afaldu, bost-sei lagun, trago bat hartuko genuela eta goiko tabernan inor ez eta behekoan ere ez. Adibide bat da baina, azken finean, nik uste, bizian, ez kirolari dagokionez bakarrik, behin eta berriz zerbait ona edo etortzen zaizunean ohitu egiten zara. Eta ni neroni behintzat kontziente naiz ze zaila den hor goian egotea, pilotako kideekin era guztietako gauzak ikusten dituzulako. Aurrekoan, adibidez, Elordiren aurka jokatu eta bere lehen finalerdia zen. A ze ilusioa zuen eta asko baloratzen dut berak egin duena eta nik uste horrek laguntzen didala nik egindakoa baloratzen.

«Finalera lehen aldiz sartu nintzenean, Amezketako bi tabernak ia beteta zeuden gauean; aurten lagunekin afaldu, trago bat hartu nahi eta ez zegoen inor»

Horretan zuk ere erru pixka bat baduzu, dena hain erraz egiten duzula ematen du...

Beste kirolari batzuk ere horrela ibili izan direnean nik ere pentsatu izan dut eurek irabaziko dutela berriz, edo helduko direla finalera. Nik uste garrantzitsua dela inguruan duzun jendearekin ez konparatzea, baina bai aztertzea. Esaterako, nik aurrekoan ere esan nuen asko baloratzen dudala Peio, Elordi edo Dario, lan asko eginda, beste guztiek bezalaxe, iritsi direla gora eta partida garrantzitsuak izateak ze ilusio egiten dien eta nik ere ikustea, ostra begira, eurena baloratzeak nirea baloratzen laguntzen dit. Nirea oso ezohikoa da eta badakit egunen batean amaituko dela bolada hau. Hori ez da arraroa izango, arraroa oraingo hau da. Oraingoa asko disfrutatu eta amaitzen denean berdin, segi insistitzen eta buelta eman egoerari.

Aipatu dituzun hiru horien aldeko aldarria egin duzu txapelketa honetan?

Elordi eta Dario kintakoak ditut eta badakit txikitatik ze lan dagoen. Gero profesionaletara igo eta batzuek zertarainoko presioa duten garbi ikusten dut nik aldagelan. Gaur egun pilotari profesionalak, nire ustez, lehen baino askoz kreditu gutxiago dauka eta exijenteagoa da alde horretatik; ez baduzu funtzionatzen badakizu bi edo hiru urtean etxera zoazela. Bai Elordik eta bai Dariok une txarrak pasa dituzte eta ibili izan dira beldurrarekin euren ibilbidea gazte amaitzeko; pazientzia izanda pilotariek hobetu egiten dute eta, begira, 26 urte dituzte eta, denbora emanez gero, hobetu egiten dute.

Batari eta besteari euren bizitzako aukera kendu zenien eta sekulako besarkada eman zizuten partida amaituta.

Niri sekulako poza ematen dit. Harritu ez nau egin, aurretik banekien, irabazi edo galdu, hala izango zela, biak oso lagunak ditut. Dariok bizi izan zuen partida bizita, zegoen bezala egonda, asko demostratu zidan, eta berdin Elordik. Ikusi zen ze pertsona mota diren eta iruditzen zait pilota oso ondo irudikatzen duten uneak direla eta kirolaren gainetik benetako lagunak daudela.

Irabaztera ohitu egiten norbera? Aspertzen da norbera irabazteaz?

Aurten bai nuela berriz ere lehiatzeko gogoa. Unairen aurka Buruz Buruko finalerdia galduta, udan geldiune dezente izan nituen eta gogoa nuen berriz lehiatzeko, har hori sentitzeko. Irabazteaz ez dut uste inor aspertzen denik eta kirolari guztiek, batzuek gehiago, besteek gutxiago, galdu gehiago egiten dugu irabazi baino. Azkenean izango dira urteak galdu baino partida gehiago irabazten dituzunak baina azkenean saiatzen naiz irabazitakoan eta galdutakoan esperientzia bezala hartzen.

«Beste pilotariei finalerdietara heltzeak ze ilusio egiten dien ikusteak lagundu egiten dit lortzen ari naizena hobeto baloratzen»

Udara gainezka eginda heldu zinen?

Bai, Buruz Burukoa bukatu nuenean oso larri nengoen, fisikoki eta pisuz ere bai, oso argal. Gelditu gabe ibilitako bi urte izan ziren, alde batetik oso positiboak emaitza aldetik, baina beharra nuen gelditzekoa, ze oso larri nengoen, paliza handia hartuta eta kosta egin zitzaidan bukaeran gose hori mantentzea, Binakakoa amaitu zenean. Binakakoan sekulako ilusioa nuen, bai jarri niola nire buruari helburu bezala, nahi nuen irabazi eta gero lortu nuenean pixka bat jaitsi egin nintzen. Beti dago zerbait ikasteko; nik uste orain berriz pilak kargatuta nagoela eta ilusioarekin.

«Buruz Burukoa bukatu nuenean oso larri nengoen, fisikoki eta pisuz ere bai, oso argal. Gelditu gabe ibilitako bi urte izan ziren, alde batetik oso positiboak emaitza aldetik, baina beharra nuen geratzekoa, kosta egin zitzaidan gose hori mantentzea»

Hainbeste denboran horri eusteak oso zaila behar du?

Bai, nik uste mantendu naizela orain arte, baina gorputzak batzuetan abisuak ematen dizkizu. Arazo txiki batekin nenbilen, hatzeko fibrosi horrekin, denbora asko neraman, eskuarekin ere nahiko justu eta ondo etorri zitzaidan geratzea. Gero berriro hasterakoan kosta egin zitzaidan eskuarekin eta udan arazo hori etorri zitzaidan, iskioetan. Hanketan sekula ez nuen izan lesiorik, baina gauzak ez dira kasualitatez etortzen. Anekdota bat da, baina debutatu nuenetik Amezketako festetan kuadrilla egunean bazkaldu gabe nengoen, zortzi urte, eta, begira, festetan lasai ibiltzeko balio izan zidan, gustura ibili nintzen eta alde horretatik ondo etorri zitzaidan.

Uda gehiena galdu duzu. Zer da errentagarriagoa, uda edo txapelketa?

Nik txapelketa aukeratuko nuke. Ekonomikoki udan jokatzen dira partidarik gehien eta partida asko jokatu nahi dituzu, baina hor dago ere, udan roskatik pasaz gero, neguan ez zaizkizu gauzak ondo ateratzen. Nik uste bilatu behar zaiola neurria eta nik uste orain hobeto hartzen diodala 20 urte nituenean baino.

«Anekdota bat da, baina debutatu nuenetik Amezketako festetan kuadrilla egunean bazkaldu gabe nengoen lagunekin, zortzi urte, eta begira, festetan lasai ibiltzeko balio izan zidan lesioak; gustura ibili nintzen eta alde horretatik ondo etorri zitzaidan»

Oinatzen aurkako lehen final hartatik zertan aldatu zara?

Esperientzian, noski. Fisikoki ere garapen handia izan dudala uste dut; 20 urtetik 26ra normala da. Gero buruari buelta gutxiago ematen diodala ere bai, nirean gehiago zentratzen naiz. Lehen igual aurkaria oso ondo ikusten banuen, gehiago kezkatzen nintzen. Orain ez diot hainbeste begiratzen. Gazte guztiak 20 urterekin baino 26rekin zentratuago egoten dira eta ni ere lasaiago nago, gehiago zentratzen naiz.

Izan ere, 26 urterekin beteranoetako bat zara.

Gauza da batzuetan egoten naizela horri bueltaka aldagelara joandakoan eta, akordatzen naiz. Ez dakit zenbat dauden zaharragoak; gure kintakoak bagaude batzuk, baina Joseba Jose, Beñat eta Danel izango dira zaharragoak. Gogoratzen naiz Titin eta Retegiren arteko final mitiko hura ikusi nuela telebistan eta han esaten zen «beteranoa gaztearen aurka» eta Titinek orduan 28 urte zituen, begira zenbat aldatu den. Lehen ibilbideak gehiago luzatzen ziren eta 26 urterekin oso gaztea zinen. Orain desberdina da. Aurrekoan Elenak galdetu zidan gazteen urtea zela ematen zuela aurten, eta esan nion gaztea nire kintakoa dela.

Gustatzen zaizu zure esperientziatik aholkuak ematea?

Nire ustez, sartzen den gazteari gustatzen zaio. Ez da eskatu egiten dizutela, baina gustatzen zaie zaharragoak entzutea. Nik edozein duda dudala edozeini galdetzen diot, baina eroso sentitzen naiz laguntzen. Aldagelan, egia esan, oso gustura sentitzen naiz, txikitatik ezagutzen dudan jende asko dago; bi urte gazteago sartu direnekin ere oso harreman ona daukagu eta eroso sentitzen naiz, lagun asko ditut eta horrek ere asko laguntzen dit.