Joseba Salbador Goikoetxea

Esne-haztegiek berrikuntzarako ateak ireki dituzte

Esnetarako behi-azienden haztegiek bizi duten egoera zailaren aurrean, funtsezkoa bihurtu da ekonomia eta ingurumen-iraunkortasunari lagunduko dioten jardunbide berriak bilatzea. Neiker zentro teknologikoak ekoizpen jasangarriagoa lortzeko neurriak hartu dituen ustiategietako bat erakutsi du.

Neiker zentro teknologikoak ekoizpen jasangarriagoa lortzeko neurri berriak hartu dituzten ustiategietara bisitak antolatu ditu.
Neiker zentro teknologikoak ekoizpen jasangarriagoa lortzeko neurri berriak hartu dituzten ustiategietara bisitak antolatu ditu. (NAIZ)

Esnetarako behi-azienden sektorea EAEko nekazaritza-ekoizpeneko sektore nagusietako bat da. Gaur egun, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban 470 ustiategi daude esnea ekoitzi eta saltzen dutenak. 2020an, 176 milioi litro saldu zituzten, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren datuen arabera. Hala ere, ekoizpen-kostuen etengabeko igoerak, azken aldiko energia eta erregaien garestitzeari gehituta, zaildu egiten du ustiategien mantentzea.

Horren ondorioei aurre egin ahal izateko, ustiategien ekonomia eta ingurumen-iraunkortasunari lagunduko dioten jardunbide berriak bilatzea funtsezko tresna bihurtu da, esnetarako behi-azienden haztegiak egoera kaltegarri horretara egokitu ahal izateko eta haien etorkizuna bermatzeko.

Testuinguru horretan, Neiker zentro teknologikoak esne-ekoizpen jasangarriagoa lortzeko neurri berriak hartu dituen lehen ustiategietako bat bisitatu zuen udaberrian: Arabako Arespalditzako Urruela SC – Soloitza gaztandegia.

Pilar Merino Neiker-eko Baliabide Naturalen saileko ikertzaileak azaldu zuenez, «ustiategi honetan ezarri dituzten berrikuntzak funtsezko alderdiekin lotuta daude, hala nola belaunaldien arteko erreleboarekin edo gazta freskoa, jogurtak eta gazta urdina bezalako esnekien berezko elaborazioarekin. Gainera, instalazio bioklimatikoak ere jarri dituzte martxan, bai baserrian bai gaztagintzan energiaren erabilera eta aprobetxamendua hobetzeko asmoz».

Ekoizpen eraginkorragoa eta iraunkorragoa

Baserrira egindako bisitan, zimaurren kudeaketari eta ustiategiaren barruko eguzki-plakek energia-eraginkortasunari egiten dioten ekarpenari buruzko xehetasunak ezagutu ahal izan ziren.

«Likidotutako zimaurrak ongarri organiko gisa erabiltzen dira normalean, baina horiek biltegiratzea eta kudeatzea konplikatua da. Horregatik, etxalde honetan zati likidoa (eremua ureztatzeko eta ongarritzeko erabiltzen duguna) eta solidoa bereizten dituen sistema bat dugu, biltegiratu eta garraiatzeko erraztasun handiagoz», azaldu zuen Enrique Urruelak, ustiategiko nagusiak.

Bereizgailu honek energia-kontsumo handia duenez, eguzki-plakak jarri dituzte, behar duten energiaren zati batez hornitzeko.

Baserrian egindako ibilbidearen ondoren, Soloitza gaztandegira egindako bisitarekin jarraitu zuen jardunaldiak. Ziortza Lopez da bertako arduraduna eta orain dela bost urte arte, esne ekoizpen guztia Iparlateri saltzen ziotela azaldu zuen. Orain, ordea, ekoizpenari balio erantsia eman diote esnea eraldatzeko proiektu berriarekin, eta gazta freskoa eta gazta urdina bezalako esnekiak eta jogurtak egiten dituzte.

Gaztandegiaren barruan, parte-hartzaileek bertatik bertara ezagutu ahal izan zituzten eraginkortasun handiko hotz-ekipoak edo geotermia-sistema bezalako instalazio bioklimatiko berriak, zeinak, besteak beste, beren jarduera garatzeko behar duten energiaren erabileran eta aprobetxamenduan eraginkortasun handiagoa ahalbidetzen baitute.

Dairy4Futureri buruz

Ekimen hau Dairy4Future proiektu europarraren barruan antolatutako ate irekien jardunaldietako bat izan zen. Proiektu honen helburua Europar Batasuneko Eremu Atlantikoan esne-ekoizpen iraunkorragoa eta eraginkorragoa lortzeko hainbat berrikuntza identifikatzea eta zabaltzea da.

Ekimena 2018an jarri zen abian eta abeltzaintzako ustiategiekin zerikusia duten funtsezko lau alderdi ditu ardatz: Atlantikoko esnetarako behien sektorearen indarguneak eta ahuleziak aztertzea, haren erresilientzia ekonomikoa sustatzea, baliabideen erabileraren eraginkortasuna hobetzea eta etorkizunerako esnetarako behien abeltzaintza-sistema iraunkorrak aurkitzea.

Proiektu honetan Arku Atlantikoko bost herrialdek hartzen dute parte (Irlanda, Britainia Handia, frantziar eta espainiar estatuak eta Portugal). Europar Batasuna osatzen duten 28 herrialdeetako esne-ekoizpenaren %20 osatzen dute, 100.000 abeltzain ingururekin batera.