Futbola, euskara, musika, jokoak, jan-edaria... eta euria. Hotza eta ura euskal futbolaren festara gerturatu nahi izan diren baina eguraldiak eskaini ez duen giroa zaleek jarri dute.
Klub bilbotarrak antolatutako Athletic Plazara ekimenak mota guztietako jardueraz betetako egitaraua eskaini du eguerditik aurrera eta bufanda zuri-gorri zein zuri-urdin, Ahobizi zein Belarriprest txaparekin, familian zein kuadrilan, adin guztietako lagunak katiuskak eta aterkia hartu eta festan murgildu dira, euriak utzi duen neurrian.
Partidaren ordua gerturatu ahala zelaiaren inguruak betetzen joan dira eta zazpiretatik aurrera, Xabi Solanoren eta Zigor DZren musikak San Mamesera sartzeko eta, bidez batez, euskaraz bizitzeko deia zabaldu du. Athleticen eta Realaren aldeko oihuek hartu zuten lekukoa baloia mugitzen hasi denean.
Euskaraldia
Arigune erraldoia bilakatu dira San Mames eta bere inguruak, Euskaraldiarekin bat eginez futbola eta euskara batuz eta bultzatuz. Bufanda zuri-gorri eta zuri-urdinekin batera, Ahobizi eta Belarriprest txapak zaleen «uniformearen» ezinbesteko osagarria izan dira gaurkoan.