NAIZ

EAko Kongresuan Eba Blanco izan da idazkari nagusirako hautatua, %92,3ko babesarekin

Bozkatzaileen %92,3ko babesarekin Eba Blanco izango da EAko idazkari nagusia. Eusko Alkartasunak bere XIV.kongresua egin du asteburu honetan Bilbon eta alderdiko esatutuak, ponentzia politikoa eta arduardun berriak bozkatu dituzte.

EAk XIV. Kongresua ospatu du asteburu honetan
EAk XIV. Kongresua ospatu du asteburu honetan (Eusko Alkartasuna)

Eusko Alkartasunak bere XIV. Kongresua egin du asteburuan Bilboko Euskalduna Jauregian. Gaur hautatu dituzte alderdiko arduradun berriak, idazkari nagusia Eba Blanco izango da, %92,3ko babesa jaso du.

Alderdiko estatutuak eta ponentzia politikoa atzo eztabaidatu eta bozkatu zituzten, bozkatzaileen ia %90aren babesa jaso zuen bai batak, bai besteak. «Justuago den gizarte baten aldeko herri eredua» jasotzen du txosten politikoak Blancok azken hitzartzean adierazi duenez. Eta problematika ezberdinei aurre egiteko konpromisoa erakutsi du: «Duintasunez biziko den gizartea nahi dugu, non ez garen bakarrik eta ahaztuta zahartuko, gazteak emantzipatu ahal izango diren herri bat nahi dugu».

«Kalitate goreneko, lehiakor, berritzaile eta solidario diren hezkuntza eta osasun publikoa nahi ditugu», aldarrikatu du idazkari nagusiak. Emakume eta gizonen arteko ezberdintasunarekin amaitzean jarri du azpiimarra, eta estatu ereduari ere aipamena egin dio: «Gure estatu-eredua erabakitzea nahi dugu eta Espainiarekin, Frantziarekin eta eragiten diguten gainerako herrialdeekin harremanak izateko modua ere». Erronka «garrantzitsuei» aurre egin beharrean daudela aipatu du: erronka demogafikoak, krisi energetikoa, borroka sozial eta sindikala, eta baita hauteskundeetako erronka ere.

Kongresuan parte hartu ez duen sektore kritikoari ere helarazi dio mezua idazkari nagusiak: «Egoak alde batera uztea eta gehiengoaren erabakiak onartzea eskatzen diet».

Kritikoen sektoreak ez du kongresuan parte hartu, baina Gasteizen agerraldia egin dute beren iritzia plazaratzeko. «Barne demokraziarik» ez dagoela salatu dute, eta azaldu EA-k beti egin duela giza eskubideen alde: «Orain ez dugu merezi afiliatuen oinarrizko eskubideak urratu eta gu kongresutik kanpo uztea».

Bilbon EAk egin duen kongresuan «emendakin bat bera era ez eztabaidatzea» kritikatu dute, eta «helburu bakartzat alderdi barneko botereari eustea» izan dutela uste dute. Gainera, otsailean gertatu gisara, kongresu hau ere epaile batek «bertan behera» utziko duela uste dute, arauak ez betetzeagatik.

Kongresuaren datuak

Larunbat arratsaldean alderdiaren estatutuak bozkatu zituzten eta baiezkoa atera zen aldeko %89,92 bozkekin, ponentzia politikoak ere %89,08ko babesa jaso zuen. Igandean, berriz, zuzendaritza organoak bozkatu dira igandean.

Nazio Batzorde eragileak %92,3ko babesa jaso du, hauek osatuko dute: Eba Blanco idazkari nagusia, Maider Otamendi antolakuntza idazkaria, Asier Gomez komunikazio idazkaria, Nerea Martinez finanza eta hauteskunde idazkaria, Iker Ruiz harremen instituzionaletako eta araubide juridikoko idazkaria eta Lorena Lopez nazioarteko poolitika idazkaria.

Kontseilu nazionala ere gaur bozkatu dute, %97,43ak baiezkoa bozkatu du. Eskubide eta askatasunen idazkaria Lohitzune Txarola, politika ekonomiko, fiskal eta finantzarioko idazkaria Gorka Novoa; euskara, hezkuntza eta kultura idazkaria Iban Asenjo; trantszio ekologiko, energético eta digitalizazio idazkaria Roke Akizu; Arabako koordinatzailea Estitxu Martinez, Bizkaikoa Rakel Goñi, Gipuzkoakoa Mikel Arreseigor, Iparraldekoa Miren Urreiztieta eta Nafarroako koordinatzailea Nerea Gartzia.