Esku pilotaren historia luzean, modalitaterik gazteena dugu Lau eta Erdikoa. Datorren urtean beteko dira 70 urte lehen aldiz lau eta erdian muga bat ezarri eta hortik atzera pilotari boterik egiten utzi ez zitzaionetik. Jose Luis Akarregik estreinatu zuen askok sakrilegiotzat jo zuten jokamolde berri honetako palmaresa, baina ideia berritzaile hark ez zuen aparteko arrakastarik izan garaiko pilotazaleen artean. Pentsa, 58tik 88ra ez zen kaiolako txapelketarik jokatu eta berriz jokatzearena telebistaren beharrak nolabait asetzeko proba moduko bat izan zen gehiago, modalitatearen arrakastaren inguruko konbentzimendua baino.
«Bizkaia pilotalekuan giro ona ziurtatuta dago, baina ez da beteko. Atzo arratsaldean 230 eserleku geratzen ziren saltzeke, denak kantxakoak»
«Mugarriren bat ezartzearren, Santa Lutzi egunean 25 urte beteko dituen 97ko finala jar genezake: Julian Retegik eta Titinek Ogetan jokatutako partida gogoangarria. Pilotazalea kaiolara betiko lotu zuen partida izan zen hura eta gaur egun Buruz Burukoak edo Binakakoak bezainbesteko sona lortu du gizonezkoen pilota profesionalaren egutegian. Eratsungo mitoak (4 txapel), historiako espezialistarik onena izan den Aimar Olaizolak (7) , honetarako balio ez zuela uste zuen Martinez de Irujok (3), Eugik (3) eta Nagorek (3), merezi dute euren atala izatea Lau eta Erdikoaren historiaren liburuan. Baita gaur arratsaldean azken bosturteko honetako espezialistarik onena nor den erabakiko duen finaleko protagonistek ere, Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdiak.
Marka latzak
Izan ere, 2017an Mikel Urrutikoetxearen aurka jokatuta Jokin Altunak bere lehen kaiolako txapela jantzi zuenetik, urteroko garaikurrak Amezketa edo Arbizu aldera egin du. Gaur gertatzen dena gertatzen dela, aurrelari gipuzkoarrak dagoeneko utzi du bere arrastoa, zazpigarren finala izango baitu jarraian, orain arte inork lortu gabeko marka, zortzi aldiz parte hartuta. Irabazita, laugarren txapela luke, Julian Retegi harrapatu eta Aimar Olaizola baino ez luke gainetik; hori guztia 26 urterekin.
«Halakoek ezer ziurtatzen ez badute ere, Jokin Altuna aurrelari amezketarra irtengo da apustuetan faborito, alde pixka batekin gainera»
Baina Joseba Ezkurdiaren markak ere ez dira makalak. Gaur gailenduta, amezketarra harrapatuko luke arbizuarrak eta eraginkortasuna erabatekoa luke, orain arte jokatutako bi finalak irabaziak baititu, biak ere Jokin Altunaren aurka. Hori bai, sakandarraren bi txapelak Nafarroa Arenan jantzitakoak dira –Nafarroan banatutako lehen txapela janzteko ohorea ere berea da–, bere dohainetara egokiago moldatzen den pilotaleku batean. Altunak bere hirurak Miribillan jantzi zituen; Bilbon ez du kaiolako finalik galdu amezketarrak eta, alde horretatik, bakoitzak badu bere indarretan sinesteko argudiorik. Altuna III.ak zehaztasuna izan nahiko du lagun; Ezkurdiak, abiadura eta erritmoa. Duela aste batzuk bazirudien kaiolako statu quoa zalantzan egon zitekeela, baina gaur ere betiko bien artean egongo da.