NAIZ

Bera Bera, Zuazo eta Beti Onak helburu ezberdinekin bueltatuko dira Ligara

Sailkapeneko lider diren donostiarrek Valladolid hartuko dute; Zubileta Evolution Zuazok gauza bera egingo du jaitsiera postuetan dagoen Gijonen aurka; eta Beti Onakek Kanaria Handietaraino hegan egin behar du Bera Berarekin berdinduta dagoen Rocasaren etxean lehiatzeko.

Beti Onak eta Bera Beraren arteko derbia donostiarrentzat izan zen, geldialdia aurretik jokatutako azken partidan.
Beti Onak eta Bera Beraren arteko derbia donostiarrentzat izan zen, geldialdia aurretik jokatutako azken partidan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Urriaren 21ean eta 22an jokatu zuten, azkeneko aldiz, Zubileta Evolution Zuazok –La Riojaren aurka irabaziz– eta Beti Onakek eta Bera Berak, euren arteko derbian, donostiarren garaipenarekin. Ordutik hona, Europako Txapelketa jokatu dute kontinenteko selekziorik onenek, baina Ohorezko Maila hemen da berriro ere.

Hiru euskal taldeek larunbat honetan jokatuko dute: Bera Berak Valladolid hartuko du (18.00), Zuazok Gijonen bisita izango du (19.30) ea Beti Onakek Kanaria Handietara hegan egin beharko du Rocasa liderraren aurka lehiatzeko (19.30).

Bera Bera-Aula Valladolid (18.00)

Lider bezala amaitu zuen bera Berak geldialdia aurretik, eta lider bezala ekingo dio lehiaketari. Hori bai, partida bat gehiago duela. Europako Txapelketan aritutako zenbait jokalari berreskuratu ditu Imanol Alvarezek Ligarako. Eta, nola ez, Malena Cavo argentinarra, lesio larri batetik sendatu ostean, prest egongo da bueltatzeko ere.

Donostiarrak lider dira sailkapenean, baina Rocasarekin berdinduta eta partida bat gehiakorekin, eta bihar aukera bikaina dute denboraldiko zazpigarren garaipena erdiesteko eta kanariarren resioari eusteko. Geldialdia ostean, normala denez, Imanol Alvarezek ahalik eta jokalari gehienak erabiltzen ahaleginduko da.

Hori bai, ermuarrak oso present izango ditu beste txapelketak. Izan ere, Kopan oraindik itxoin behar duela ikusita eta hurrengo jardunaldia jokatu behar ez badu ere –aurreratuta jokatu zuten Guardesen aurka, 27-23 irabazita–, EHF European Leagueko lehia bikoitza garrantzitsua izango dute gipuzkoarrek abenduaren 3an Besanconen etxean eta hil horretako 11n Donostian multzo fasean egon ahal izateko. Gainera, Malagan jokatuko duten Superkopari begira ere jartzeko aukera izan lezakete. Costa del Sol Malagaren aurka jokatu beharreko final hori abenduaren 18an izango da.

ZEV Zuazo-Gijon (19.30)

Barakaldoko taldeak erritmo bikaina hartu zuen Europako Txapelketa iritsi baino lehen, bi berdinketa eta garaipen bat lortuz azken hiru neurketetan. Tartean denboraldiaurrea egin behar izan du, beste taldeek bezala, baina "opor" epe honetan jokatutako bi lagunartekoetan –biharko aurkaria eta Bera Bera– ondo moldatu dira jokalariak.

Gainera, lesionatuta zeuden kirolariak hobeto osatzeko tartea izan dute. Hala nola, Ane Valero ehuneko ehunean osaturik dagoela dirudi, eta Sara Moles eta Molanori gutxi falta zaie erizaindegitik ateratzeko. Horrez gain, Naia Puigbo eta Alba Sanchez kapitainari ebakuntza egin diete "opor" hauetan.

Esti Velasco Zuazoko jokalaria, Elxen aurka jaurtitzeko prest. (Oskar MATXIN/FOKU)

Larunbateko aurkariak Zuazok dituen puntu berberak ditu, lau, baina asturiarrak daude jaitsiera postuetan. Joseba Rodriguez entrenatzaileak uste du «neurketa zaila izango dela. Gijonek duen plantilla besterik ez da begiratu behar zer helburu dituzten ikusteko. Ez dut inor aipatu nahi, baina bere jokalariak oso arriskutsuak dira postu guztietan».

Zuazori buruz ere hitz egin du "Haito"k: «Urrutiko jaurtiketetan kostatzen ari zaigu eta hori hobetu behar dugu. Denbotaldi honetan, Andrea Zslduarekin, hobetzen ari gara eta orain Estitxu Berasategi ari da urrutiko distantziatik agertzen».

Partidari dagokionez, entrenatzaile bizkaitarrak uste du hasiera «garrantsitzua» izango dela, «oso orekatua» izango baita. Bi taldeentzat garrantzitsua da puntuak lortzea, gehiago asturiarrentzat jaitsiera postuan daudelako. Baina guretzat ere, etxean jokatzen baitugu eta denboraldiaren bilakaera markatu dezaketen hiru partida datozelako».

Rocasa Gran Canaria-Gurpea Beti Onak (19.30)

Bisita zaila egin behar dute nafarrek Ligari berriro ekiteko. Izan ere, aurrean, Bera Berarekin batera, Ohorezko Mailako lider den Rocasa izango baitute. Bertan punturen bat ateratzea Atarrabiakoei mesede egingo lieke, baina baita donostiarrei ere.

Aurten igo da Beti Onak gorengo mailara, baina oso sentsazio onak utzi ditu lehenengo sei partidetan, hiru garaipen eta beste hiru porrot jasoz. Azkeneko hori Bera Beraren aurkako derbian izan zen eta orain indarrak berrartuta bueltatuko dira lehiara.

Proba hor dago. Denboraldiaurrean zenbait lagunarteko jokatu dituzte Atarrabiako jokalariek: Sporting La Riojaren aurka 22-23 irabazi zuten Logroñon jokatutako neurketan eta Bera Beraren aurka gauza bera egin zuten, Lekunberrin 30-23 gailenduta.

Albiste txarrak ere egon dira. Izan ere, Aileen Ripak bere eskuin belauneko lotailu-haustura sufritu baitzuen eta ebakuntza egin behar izan diote. Denboraldia galduko du jokalariak.