Arnaitz Gorriti

Hiru laurden on ez dira nahikoa Baskoniak Palau Blaugranan irabazteko (96-84)

Markus Howardek bere egun bikain horietako bat izan du, baina katalanen errekurtso pilak azkenean pisu handiagoa izan du, batez ere azken laurdenean Cory Higginsek bere hirukoekin hautsi baitu neurketa. Giharretako arazoekin, Sedekerskisek ez du jokatu.

Higginsen hirukoek aurretik eraman dute Saski Baskonia.
Higginsen hirukoek aurretik eraman dute Saski Baskonia. (@EUROLEAGUE)

BARTZELONA 96 - SASKI BASKONIA 84

Porrota beti da porrota, baina nahiko gezurtia izan da ostiral honetan Saski Baskoniak Palau Blaugranan galdu duen dema. Azken laurdenera arte oso bizirik iritsi da, baina azken unean Cory Higgins azaldu da, 11 puntu saskiratuz azken minutu horietan, eta Baskoniak aurrez egindako lan ona ezerezean laga du. Azken baten, Bartzelonak bere errekurtso amaiezinei esker irabazi dio talde gasteiztarrari, ez bestegatik.

Azken laurdenean erori aurretik, erasoan maila aparta eman dute gasteiztarrek, aspaldiko partez Markus Howardek bere aurpegi alaiena erakutsi du eta oro har, Joan Peñarroyarenek Bartzelonaren ordagoari bikain erantzun dio.

Lastima bakarra, hasteko, Tadas Sedekerskisek ezin jokatua, eskuin hankako abduktoreetan arazoak dituelako, eta bestetik, bigarren laurdenaren azken aldera Howardek berak pare bat baloi inozo galdu izana, ezustean irristatu eta gero.

Aurrez, batez ere lehenengo laurdenean, Bartzelonak nahikoa lan izan du gasteiztarren erritmoari eusten. Alabaina, Barçak beste behin sekulako baliabide piloa dituela erakutsi du Jasikeviciusen taldeak. Hala, Kalinic eta Vesely eskumuturra bero zutela kantxaratzea nahikoa izan da Baskoniaren aurreneko kolpeari erantzun eta leheneneog laurdena 22na berdinduta amaitzeko. Bigarren zatian, berriz, 24-27tik 35-27raino luzastu zuen markagailua talde katalanak, Oscar Da Silva hegal-pibot alemaniarra edo Cory Higgins, Michael Jordan berberaren besoetakoaren ekimenez.

Orduan azaldu da Markus Howard onena, Pierria Henry eta Darius Thompsonekin batera. Hala ere, aipatu bezala, azken orduan galdutako baloi pare baten erruz Barçak aldageletara 52-48 aurretik joatea lortu du. Aspaldiko partes, Nico Laprovittolak askoz maila eskasagoa eman du, baina Bartzelonaren aulkiko jendeak hasierakoak adina talentu duela erakutsita, argentinarraren punturik ez du faltan bota Bartzelonak.

Azkenera arte eutsi

Gasteiztarrek hirugarren laurdenean beste momento txar bat pasa dute, Sanli eta Tobey pibotek kanpotik sekulako etorria erakutsi baitute, baina Costelloren eskutik eutsi dio Baskoniak. Gainera, aspaldiko partez jaurtiketa libreen marrara Bartzelona behin eta berriro bidali du talde arabarrak eta azkenean, gezurra badirudi ere, laurdena bera ere eraman du.

Azken laurdenean ere borrokalari aritu dira, 76-77 aurretik jarrita esaterako. Baina Cory Higginsek hurikoetan asmatu duen unean, ezinak jo du Joan Peñarroyaren taldea. Gezurra eman badezake ere, Markus Howardek oinetakoak aldatu ditu eta deseroso aritu da une horretatik aurrera. Gainontzeko kideek, berriz, aurreko beste hiru laurdenetako etorria galdu dute eta bat dela eta bestea dela, partida erremediorik gabe joan zaio Baskoniari.

Lastima da, itxura txarrik ez baitu eman, baina etxetik kanpo irabazi ezinik jarraitzen du Euroligan Joan Peñarroyaren taldeak.

PARTIDAKO FITXA:

BARTZELONA: Satoransky (7), Laprovittola (9), Kalinic (7), Sanli (8) eta Tobey (9) –hasierako bostekoa–, Vesely (18), Abnrines (6), Higgins (17), Da Silva (11), Jokubaitius (4) eta Nnadji.

SASKI BASKONIA: Pierria Henry (13), Markus Howard (25), Giedraitis (7), Costello (13) eta Steven Enoch (4) –hasierako bostekoa–, Darius Thompson (9), Vanja Marinkovic (), Sander Raieste (), Dani Diez (3), Maik Kotsar (2), Daulton Hommes (8) eta Arturs Kurucs ().

Epaileak: Boltauzer, Jovcic eta Bissang. Maik Kotsar egotzi dute bost faltarekin.

Partzialak: 22-22, 30-26, 24-25, 20-11.

Gorabeherak: Steven Enochen 2022/23 Euroligan debuta egin du. Eskuineko hankako abduktorean arazoak dituela-eta, Tadas Sedekerskis deialditik at geratu da.