NAIZ

Lanbide Heziketako adar teknikora jotzeko emakumeek dituzten oztopoak identifikatzen ari dira

3.000 ikasle baino gehiagok parte hartu dute Lanbide Heziketako STEAM ikasketak, hau da, ikasketa teknikoak aukeratzeko edo ez aukeratzeko faktoreak ikertuko dituen proiektu batean. Izan ere, genero-estereotipoek eraginda neskek etorkizunari begira dituzten planak aldatzen dituzte.

Udaberrian amaituko da ikerketa eta orain arte 3.000 ikaslek parte hartu dute.
Udaberrian amaituko da ikerketa eta orain arte 3.000 ikaslek parte hartu dute. (Ikaslan Gipuzkoa)

Gipuzkoako eta Nafarroako Lanbide Heziketako 54 ikastetxe publikotako 3.331 ikaslek parte hartu dute ‘Somos las FP: Etorkizuneko profesionalak gaitun’ ikerketan, neska gazteek ikasketa teknikoetan sartzeko aurkitu dituzten oztopoak identifikatzeko.

Proiektuan emakume ikasleek STEAM motatako ikasketak (eraikuntza eta obra zibila; elektrizitatea eta elektronika; energia eta ura; fabrikazio mekanikoa; elikagaien industriak; irudia eta soinua; informazioa eta komunikazioak; instalazioa eta mantentze-lanak; zura, altzariak eta kortxoa; teknika; ibilgailuen garraioa eta mantentze-lanak) edo teknikoak ez direnak aukeratzeko kontuan izan dituzten fakoreak partekatu dituzte hainbat inkesten bidez.

‘Somos las FP: Etorkizuneko profesionalak gaitun’ Espainiako Hezkunza eta Lanbide Heziketako Ministerioak eta Europar Batasuneko Next Generation programak finantzatutako proiektua da. Dinamizatzaileak, bestalde, Bergarako Miguel Altuna LHIIren gidaritzapean, eta Iruñeko Virgen del Camino LHI, ElgoibarkoCIFP MEKA LHII, Ikaslan Gipuzkoa (Gipuzkoako Lanbide Heziketako Ikastetxe Publikoen Elkartea) eta Ncuentra (Emakundek homologatutako aholkularitza- enpresa) izan dira.

Gainera, Elgoibarko Meka LHIIko Genero Berdintasuna Sustatzeko zikloko ikasleek antolakuntza lanetan parte hartu dute.

«Estatistikak hausteko estatistikak»

Proiektuaren antolatzaileek diotenez, zenbait azterlanek erakusten dute genero-estereotipoengatik sei eta hamairu urte bitarteko keskek etorkizunari begira dauzkaten asmoak aldatzen edo finkatzen dituztela. Horregatik, proiektuaren helburua ikasketak edo heziketa-prozesuan eragiten duten faktoreei buruzko informazioa lortzea izan da, horrekin «estatistikak hausteko estatistikak» lortuko dituztelakoan.

Hortaz, inkesten emaitzak lortu ondoren ikasleentzako, familientzako, enpresentzako eta Lanbide Heziketako ikastetxeentzako gidak, bideoak eta bestelako materiala sortuko dute. Edukiok www.somoslasfp.eus webgunean argitaratuko dira, zikloak aukeratzeko oztopoak gainditzeko baliabideak emateko eta STEAM arlokoak emakumeen artean sustatzeko.

Proiektua 2023ko udaberrian amaituko da eta orduan aurkeztuko dituzte ikerketaren emaitzak.