NAIZ

Sansoheta auziarekiko Aldundiaren autokritika ezaren aurka agertu da oposizioa

Arabako Foru Aldundiaren tutoretzapean zeuden adingabekoen sexu-abusu kasuagatik foru erakundearen autokritika eza kritikatu dute EH Bilduk, PPk eta Elkarrekin Arabak Batzar Nagusietan.

Auzi honen epaiketa urrian amaitu zen eta epaiaren zain dago.
Auzi honen epaiketa urrian amaitu zen eta epaiaren zain dago. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Arabako Foru Aldundiko oposizioko hiru alderdiek, EH Bilduk, PPk eta Elkarrekin Arabak, Sansoheta auzian erakunde horrek duen autokritika ez gaitzetsi dute; izan ere, hamar gizon epaitu dituzte Aldundiaren tutoretzapeko adingabekoak galbideratzea eta sexu-abusua egotzita, eta gazteei arreta emateko eredua aldatzeko eskatu dute.

PPk Arabako Batzar Nagusietako asteazken honetako osoko bilkurara mozio bat eraman du, EAJk eta PSEk zuzentzen duten Aldundiari biktima izan diren adingabeei kalte-ordainak ematea eskatzeko. Ekimena atzera bota dute, EH Bilduk eta Elkarrekin Arabak aurkeztu dituzten bi ordezkapen-zuzenketak bezala.

Aurrera atera da, ordea, EAJk eta PSEk aurkeztutakoa, gehiengoa baitute Arabako Ganberan. Bertan, Arabako Foru Aldundiari eskatzen zaio arinago ireki eta abian jar dezala jokabide arazo larriak dituzten adingabeentzako aurreikusita dagoen zentroa.

Foru gobernua osatzen duten alderdien testuak ez du aurkako botorik jaso, gainerako alderdiak abstenitu egin baitira. Bertan, Batzar Nagusiek «gogor gaitzesten» dituzte adingabeek jasandako gehigikeriak eta Aldundiari eskatzen diote tutoretzapeko gazteen gizarte eta hezkuntza laguntzako eta laguntza psikosozialeko programak hobetzen jarraitzeko.

«Etekin politikoa lortzeko»

Eztabaidan, Izaskun Moyua EAJko batzarkideak PPren aurka egin du, eta «biktima horiekin etekin politikoa lortu nahi izatea» leporatu dio. Arabako Foru Aldundia eta 2016an kasua ezagutu zenean adingabeen arloko arduraduna zena, Beatriz Artolazabal egungo Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, inoiz ez direla gertakari horiengatik auzipetuta egon eta epaiketan ez zaiela inolako erantzukizunik eskatu nabarmendu du.

Moyuak PPren mozioa EAJren Gasteizko alkategai berriari, Artolazabali, dion «beldur politikoagaitik» dela esan du, eta gogorarazi du 2016an azalpen egokiak eman zituela eta ordutik Aldundiak neurri asko jarri dituela martxan egoera hobetzeko.

Ana Moralesek (PP) Aldundiak eta Artolazabalek kasu honetan duten erantzukizun politikoa azpimarratu du, gertatutakoa «estaltzeko» interesa gaitzetsi du eta ziurtatu du «autokritika asko» falta dela eta «asko egin behar dela» tutoretzapeko adingabeen arreta hobetzeko.

Eredu aldaketa baten eske

EH Bildutik Luis Maria Salgadok faltan bota du EAJk arazo bat zegoela aitortzea, adingabeei arreta emateko eredua aldatzea ere eskatu du, zentro txikiagoekin eta arreta pertsonalizatuago batekin, eta nabarmendu du «akats taktiko bat» izan dela Sansoheta auziko epaia emateke dagoen unean Artolazabal Gasteizko alkategai aukeratzea.

Jose Damian Garciak (Elkarrekin Araba) Aldundiaren autokritika ezaz ere hitz egin du; esan du kasu honetan erantzukizun politikoak bere gain hartu behar izan zituela eta Artolazabalek beharrezko azalpenak emateko «eragozpenak» gaitzetsi ditu. Halaber, EH Bilduk planteatutakoaren ildotik eredua aldatzearen alde agertu da Garcia.

Jon Nogalesek (PSE) PPri leporatu dio «zorroztasun gutxiko» mozioarekin politika «pozoitu» nahi izatea eta eskrupulu falta.