Mark Twain idazle iparamerikarrak sarri erabili ohi zuen esaldi hau, baina bere hitzetan, esaldia Benjamin Disraeli, XIX. mendean birritan Britainia Handiko Lehen Ministro izandako idazleari ei dagokion: «Hiru motako gezurrak daude: gezurrak, gezur itzelak eta estatistikak».
Beraz, saskibaloiko jardunaldiak asteburu honetan laga dituen balorazio estatistikoei jaramon egitea ez dago txarto, baina bere neurrian hartu behar dira. Matt Costellok ACB Ligako Jokalari Baliotsuenaren Saria –MVP delakoa– eraman du Saski Baskoniak UCAM Murtziari 102-73 sekulako astindua eman ostean. Emakumeen Endesa Ligari dagokionez, berriz, IDK Euskotreneko Mariam Coulibalyrentzat izan da, nahiz eta donostiarren Bartzelonaren kantxan 80-66 galdu. Zenbakiak beti dira zenbaki, eta egia bezala, gezurra ere berdin esaten badakite, are gehiago estatistikak tartean sartzen direnean.
Matt Costellok orotara 31ko balorazioa lortu zuen domeka arratsaldean. 17 minutu baino ez zen egon kantxan pibot estatubatuarra eta bertan 20 puntu, 8 errebote, osturiko bi baloi eta beste bi asistentzia banatu zituen. Jautiketa libreetan aritu zen oker, botatako bietan kale egin baitzuen, baina osterantzian jaurtiketetan ia hutsik egin gabe moldatu zen: bi puntuko jaurtiketetan zortzi ahaleginetatik zazpi sartu zituen; hirutik bi hirukoetan.
Maik Kotsar estoniarrak atsedena izan zuelako, Costellok Enochen ordezko lanak burutu zituen. Aurreneko laurdena amaitzeko lau minutu pasatxo falta zirela kantxaratu zen eta ordurako emaitza aldekoa zen gasteiztarrentzat: 14-8. Lau minutu horietan 15-4ko partziala lortu zuten Joan Peñarroyarenek, eta handik aurrera nahieran eraman zuten markagailua, ia 40 puntuko aldea ateratzeraino.
Alabaina, badago estatistikaren alderdi kontraesankor bat. Costello kantxan izan zen 17 minutu pasatxoan Baskoniak UCAM Murciak baino 22 puntu gehiago saskiratu zituen. Alabaina, Daulton Hommes eta Giedraitis kantxan zirela, gasteiztarrek 28 puntuko aldea atera zioten Sito Alonsoren taldeari.
Hommesek 16ko balorazio lortu zuen saskira lau aldiz bakarrim jaurtita, gehienak aurreneko laurdenean, eta Giedraitisek, aldiz, 29ko balorazioa egin zuen «bakarrik» lau jartiketa libretik bi bakarrik asmati zituelako. Arturs Kurucs antolatzaile letoniarrak ere, 26 minutu pasatxoan 22 puntuko aldea eman zion Baskoniari. Zein zenbaki da orduan egiaren antzekoagoa?
Ospatzeko ezer bai?
Duela pare bat urte Euroliga eta ACB Liga ere partidak galtzen zituzten taldeetako jokalariak ez saritzen hasi ziren. Badaude banakako partida ikusgarriak saskibaloiaren historian nahiz eta emaitza kontrakoa izan. Kasurik ezagunena agian Michael Jordanek Celticsi 1986ko apirilaren 20an sartu zizkion 63 puntuen partida hura litzateke; «Jaungoikoa saskibaloi jokalariz mozorrotuta ikusi dut» adierazi zuen Larry Bird handiak. Baina orduko hartan, bi luzapen behar izanda ere, Bostonentzat joan zen partida: 135-131.
Baina halako kasuak salbuespena dira eta salbuespena ohiko egiteak ez du ez hanka ez buru. Alabaina, Emakumeen Endesa Ligak, oraingoz behintzat, ez dio erreparatzen baloraziorik handiena egin duen jokalari horren taldeak irabazi edo galdu zer egin duen. Bada, 80-66 galdu arren, eta hala, jarraian lau porrot kateatuagatik, Mariam Coulibalyk irabazi zuen hamargarren jardunaldiko MVP garaikurra.
Zenbakiei so, ezin esan ez zuenik merezi: 19 puntu, 16 errebote, bi asistentzia eta bi txapel. Horrez gain, zazpi falta atera zizkien aurkariei. Orotara, 38ko balorazioa.
Alabaina, kantxan eman zituen 35 minutu horietan 8 puntu gutxiago lortu zituen talde donostiarrak Bartzelonak baino, eta azken laurdenera partidari buelta emateko aukerekin iritsi arren, azkenerako nekeak erasan zion batetik, eta hala, Barçak ezerezean laga zituen Maliko jokalariaren zenbakiak, azken laurdeneko partziala 24-14 izan baitzen katalanen alde.
Are gehiago, IDK Euskotrenen 66 puntuetatik 43 Maria España eta Coulibalyren artean lortu zituzten; aipatu jokalari bien jaurtiketak aintzat hartu gabe, IDK Euskotreneko jokalarien jaurtiketa portzentaia oso txarra izan zen. Bikoak eta hirukoak elkartu eta orotara 28tik 5 bider baino ez zuten asmatu. Coulibalyk erreboteei esker neurri baten zuzendu zuen bere taldekideen deskalabrua, baina onenak ere bakarrik ezin du irabazi, zenbakiak MVP sari bat lortzeraino puztu arren.