Realak urtarrilaren 16tik 23ra jokatuko du Superkopa Meridan

Bartzelona, Real Madril eta Sporting de Huelva izango dira aurkariak. Natalia Arroyoren jokalariek Realaren historiako bigarren garaikurra lortu dezakete, 2019an, Granadan, Atletico Madrilen aurka, Kopa irabazi ostean.

Amaiur Sarriegi sasoi honetako gol bat ospatzen Zubietan
Amaiur Sarriegi sasoi honetako gol bat ospatzen Zubietan (Jon URBE | FOKU)

Astelehen honetan jakinarazi du Espainiako Futbol Federazioak (RFEF) Superkopa Meridan jokatuko dela datorren urteko urtarrilaren 16tik 23ra. Realak txapelketan parte hartuko du iaz bigarren postua eskuratu zuelako ligan. Gainerakoak Bartzelona (iazko Ligako eta Kopako txapelduna), Sporting de Huelva (iazko Kopako txapeldunordea) eta Real Madril (iazko ligako hirugarren sailkatua) izango dira.

Laugarrenez jarraian, final four formatuan lehiatuko dira: lehenik, final-aurrekoak jokatuko dira, eta ondoren, finala. Guztira hiru neurketa izango dira. Bartzelona da formatu horretan Superkopa gehien irabazi dituen taldea: bi guztira. Gainerako taldeentzat estreinako aldia litzateke horrelakorik irabazten dutela. Lehendabiziko aldia da horrelako txapelketa bat Extremaduran jokatzen dela eta Romano Jose Fouto estadioan jokatuko dituzte hiru norgehiagokak.

Oraindik zehazteko dago talde bakoitzak noren aurka jokatuko duen final-aurrekoetan. Natalia Arroyoren jokalariek Realaren historiako bigarren garaikurra lortu dezakete, 2019an Kopa irabazi ostean. Orduan, Gonzalo Arconada txuri-urdinen entrenatzaile zela, Atletico Madrilen aurka nagusitu ziren finalean, Kiana Palacio eta Nahikari Garcia aurrelarien golekin (1-2).