Jon Ormazabal

Aldai-Arrizabalaga, molde berriko «klasikoa» kaiolako finalean

Dimoztarrak iazko txapelari eutsi nahi dio lagun eta entrenamenduetako kidearen aurka. Biek elkar elikatu dute eta txapelketarekin batera sekulako garapena izan dute euren jokoan; pilota goxoarekin hasi eta mistoarekin postura guztiak dominatzeraino.

Olatz Arrizabalaga eta Amaia Aldai, larunbateko jaialdiko kartelarekin.
Olatz Arrizabalaga eta Amaia Aldai, larunbateko jaialdiko kartelarekin. (EMAKUME MASTER CUP)

Emakumeen esku pilotako txapelketek gure artean horren denbora gutxi daramatenean, sei urte eskas, zaila egiten da klasikoaz hitz egitea, baina larunbatean Zornotzan elkarren aurka arituko diren Amaia Aldai eta Olatz Arrizabalagaren arteko demek badute kutsu berezi bat. Momentuko eskuz banakako bi espezialistarik onenak arituko dira urteko txapelik preziatuenaren bila arratsaldeko 19.00etatik jokatuko den jaialdi ikusgarrian eta finalerdietan biek eskaini zuten maila errepikatzeko gai badira, inoizko finalik onena ikusteko moduan gaude.

Izan ere, Dimakoa eta Gernikakoa elkar elikatu duten bi pilotari handi dira, lehiaketan eta, batez ere elkarrekin egindako hamaika entrenamendu orduetan elkar elikatu eta elkar hobetu diren bi kirolari handi. Gertuko erreferentzia bat hartzearren, Aimar Olaizolak Juan Martinez de Irujo hobea egin zuela esaten badugu, eta Juan Martinez de Irujok Aimar Olaizola, antzerako zerbait gertatzen da bi emakume hauekin.

Gainera, esan genezake Emakume Master Cup-arekin batera hazi diren bi pilotari direla Arrizabalaga eta Aldai, Aldai eta Arrizabalaga. Final ia guztietan protagonista izan dira, pilota goxoarekin hasi eta mistorako jauzia egoki egin dutenak. Gainera, material honek mesede egin die biei euren jokoan eta orain gutxi pentsaezinak ziruditen jokaldi eta postura guztiak menperatzera heldu dira; airea, gantxoak,sotamanoak... 

Pronostiko argirik gabe

Bi pilotariek ondo baino hobeto ezagutzen dute elkar eta tentsioa kontrolatzeko gai badira, lehia orekatua espero dute biek ala biek. «Elkar ondo ezagutzen dugunez badakigu besteak zer egin behar duen uneoro, eta horrek laguntzen du partida planteatzerakoan. Elkar hainbeste ezagutzen dugunez, nik uste dut gure arteko partidak detaileetan joaten direla eta horrela izango dela larunbateko finala», aipatu du Olatz Arrizabalagak.

Txapelaren defentsan arituko den Amia Aldaik ere ez du pronostiko argirik larunbateko finalerako. «Faborito bat esatea zaila da, Olatz aurrean izanda partida oso gogorra espero dut, asko jokatzen dabil bera ere urte osoan zehar, lan asko egiten du. Nik uste teknikoki bere agian pausotxo bat aurrerago dagoela, baina nik uste dut nire indar eta abiadurarekin gogor eutsi ahal diodala eta gero tantoak amaitzen ere badakit eta beraz faborito argirik ez dut ikusten», adierazi du dimoztarrak.

Larunbateko jaialdia binakako partida batekin  (Garai-Capellan/ Salsamendi-Mendizabal) hasiko da eta finalaren Zornotzako Lagun Onak klubean arduradunak izan diren Jose Ramon Etxebarria eta Jabi Emaldiri, omenaldi bat egingo zaie.