Eukaliptoen eta pinuen basogintza ereduak herritarren kezka piztu du

Arin hedatzen ari da eukaliptoa Aiaraldean. Landaketak %450 hazi dira azken hamaika urteetan, eta horri ustiaketa intentsibo berdina duen pinuen azalera gehitu behar zaio. Basogintza eredu horren aurka antolatu dira herritarrak eta instituzioak interpelatu dituzte, mugak jar ditzaten.

Eukalipto sail bat, Mungian.
Eukalipto sail bat, Mungian. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Egungo basogintza eredu nagusiagatik kezkatuta, herritar plataformak antolatu dira hainbat lekutan, eta pinu eta eukaliptoen monolaborantzaren hedapen «neurrigabeari» mugak jartzeko eskatzen dute. Arazoa Bizkaian eta Gipuzkoan dago, bereziki, baina baita Arabako ipar-ekialdean ere, Nerbioi ibaiaren arroan zehar, zehazki, Bizkaiaren eta Arabaren arteko mugan dagoen Aiaraldea Arabako eskualdean eta inguruan dauden Urduña, Arrankudiaga eta Orozko Bizkaiko udalerrietan.

Ustiapen intentsiboa ardatz duten landaketa horien ingurumen inpaktuak frogatuta daude. Ustiaketa eredu horrek behar duen basoen industrializazioa aipatu dute adibide gisa: pistak egitea, makineriaren erabilera, matarrasak... Basoen kontserbazioa babestea eskatzen duen mugimenduak ohartarazi duenez, basoa ez da arboladia bakarrik, ekosistema osoa baizik, uraren eta lurzoruaren egoerarekin estuki lotuta dagoena. Basoan egiten denak, beraz, ondorio kolektiboak ditu. Krisi klimatiko eta ekosozialaren erdian, gainera, erakundeen hotsandiko planen artean, eta lurraldea jada kolpatzen ari diren muturreko fenomenoen lekuko izanik, ulergaitza egiten zaie hainbat baso kudeaketa pribatu eta publikotan egiten ari denari mugarik ez jartzea.

“Baso Biziak” goiburua hartuta hainbat udalerritan hedatu den mugimenduko partaidea den Uhandre Amurrioko Baso Biziak plataformako kideekin egin du hitzordua GAUR8k, Aiaraldean. Beren burua aurkezteko, 2021. urtearen hasieran sortu zen ekimena dela azaldu dute; monolaborantzek eragindako arazoen aurreko hausnarketa eta horren inguruko kontzientzia sortzea dute helburu.

Adierazten duten kezka ez da herritar talde baten irakurketa edo iritzi hutsa, ebidentzia zientifikoek berresten dute zenbait landaketak eta ustiatzeko moduk basoari eragiten dioten kaltea, eta kalte horrek dituen eragin eta ondorio ezberdinak. Eta, hala ere, diotenez, erakundeen aldetik ezer gutxi egiten ari da arlo honetan. Hortik dator instituzioak presionatzeko ikusi duten beharra ere. Zenbait mobilizazioz gain, mozioak bultzatu dituzte udal ezberdinetan, emaitza ezberdinekin.

Amurrion, hiri antolamendurako plan orokor (HAPO) berriaren onarpenaren testuinguruan, mendi publikoetan eukaliptoen landaketa berriak debekatzeko mozioa onartu du Udalak, EH Bildu eta Orain Amurrio taldeen botoekin. Uhandre plataformak landu zuen adierazpen batek auzokideen 500 sinadura eta herriko hainbat elkarte eta eragileren atxikimendua izan zuen.

Ondoko Aiara udalerrian, aldiz, EAJren gehiengo osoak atzera bota zuen oposizioko bi taldek (EH Bildu eta Aiara Batuz) aurkeztutako mozioa, eukaliptoen landaketen luzamendua eskatzeko.

Uhandre Amurrrioko Baso Biziak plataformak deitutako protesta bat, artxiboko irudian. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Kontrolik gabeko hedapena

Gaian sakondu aurretik, plataforma herritarraren sorrera eragin duen egoera zein den deskribatzeko eskatuta, argi diote amurrioarrek «eskualde honetan eukaliptoa kontrol gabe hedatzen ari dela», eta hain zuzen ere, hori ikusita sortu zela plataforma.

Arestian esan bezala, Aiaraldekoa ez da hedapen hori ezagutzen duen zonalde bakarra, antzeko egoera bizi baita Bizkaian eta Gipuzkoan. Amurrion, errealitate hori erakusten duten datuak bildu dituzte egoeraren irudi bat egin ahal izateko. Diotenez, eukaliptoa edozein tokitan landatzen ari dira, irizpiderik gabe, eta horri gehitu behar zaio hamarkada luzeetan zehar pinudiek izandako zabalpen handia.

Bizkaian ugaritu egin dira eukalipto sailak. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Mapa txiki baten aurrean, lurraldeak daukan baso azalera handia nabarmentzen dute. Aiaraldea osatzen duten udalerriak (Laudio, Amurrio, Okondo, Aiara eta Artziniega) gehi Arakaldo, Arrankudiaga, Orozko eta Urduña Bizkaiko herriak kontuan hartuta, Gorobel mendilerroaren, Gorbeiaren eta Ganekogortaren babesean baso azalera handi bat dago, 30.141 hektarea guztira. Beste era batera esanda, udalerri horien guztien azaleraren %61 basoa da.

«Horietatik, baso landaketak 18.510 hektarea dira, alde handiarekin, baso naturalak duen 11.231 hektareako azalera baino handiagoa, eta galeria basoen (erreken eta ibaien ondoko basoak) azalera murritzetik (414 hektarea) oro urruti».

Eskualdeko ipar-ekialdeko muturrean kontzentratzen diren baso landaketa horietan, intsinis pinuaren espezieak 13.990 hektarea betetzen ditu, eta eukalipto sail berriak 1.791 hektarea dira. «Horrek esan nahi du –erantsi dutenez– ipar-mendebaldean izan ezik, Aiaraldeko ekosistemen naturaltasuna nahiko txikia dela».

Zuhaitz azaleraren jabetzari dagokionez, esku pribatuetan daude basoen %46, baso landaketen %69 eta galeria basoen %95. Terminoak argitzearren, azaldu dute monolaborantzaz hitz egiten dutenean espezie bakar baten landaketaz ari direla, baina horien artean pinu eta eukaliptoen monolaborantzak direla kezka iturri nagusiak, ustiaketa eredu horrek lurzoruan, akuiferoetan, biodibertsitatean... dituen eraginengatik.

Arraseko mozketen eraginak

Espezie bi horiek kezka maila berdina eragiten duten galdetuta, eukaliptoa askoz espezie kaltegarriagoa dela uste dute. Hasteko, pinudiak landatu eta 35-40 urtera mozten dira, eukaliptoak 12-15 urtera. Hortik dator, neurri handi batean, jabe askok errendimendu ekonomiko azkarraren alde egindako gero eta hautu zabalagoa. Eukaliptoaren ur kontsumoa, gainera «ikaragarria» da: 20 litro inguru egunero ale bakoitzeko.

«Gero, eukalipto hostoak irazgaitzak dira, ez dute lurrean ura sartzen uzten, kalte egiten diete hainbat ornogaberi... eta oso biodibertsitate murritza sortzen da inguruan», argitu dute.

Pinuaren kasuan, egun egiten den kudeaketa da arazo nagusia, «baratze laborantza modukoa baita, lineala. Moztean, arraseko mozketa egiten da eta lurra babesik gabe geratzen da; horrek kalte handia egiten dio zoruari, eta hemen dauden maldekin higadura handia eragiten du».

Azaldu dutenez, eukalipto sailen hedapena pinuaren bilakaerarekin lotuta dago, azken hamarkadetan pinudietan agertutako gaitzekin, bereziki. Horrek eta errendimendu ekonomiko azkarragoak pinuen ordez eukaliptoak jartzera bultzatu ditu jabe asko. Bilakaera erakusten duten datuak eskaini dituzte: 2010. urtean, eskualdean 400 hektarea hartzen zituen eukaliptoak; sei urte beranduago nabarmen handitu zen horien azalera, 960 hektareara helduta. 2018an, 1.114 hektarea inbentariatu ziren; eta iaz, baso inbentarioko datuen arabera, azalera 1.791 hektareara iritsi zen.

«Horrek esan nahi du 11 urtean azalera %450 handitu dela, eta monolaborantza horiek hartzen duten azalera %30etik gorako maldetan dago, higadura fenomenoak agertzeko arriskua duten lurzoruetan. Horrek agerian uzten du ez dagoela kontrolik eta ez dagoela kontserbatzeko interesik dirua tartean dagoenean», dio Amurrioko taldeak.

Perretxikoen ikuspuntutik

Ez da bakarrik sorrarazten duten higaduragatik, lurzoruaren degradaziogatik edo ur kontsumo handiagatik; suteen zabalpenerako zer arriskutsuak diren ere aipatu dute, eta perretxiko preziatuen ikuspuntutik begiratuta, ekosistemak hainbeste aldatzen dituen espezie horrekin, onddoak eta ornogabeak kaltetuenetako batzuk direla gaineratu dute.

Eukaliptadietan, abereek eta basoko animaliek ez dute janaririk aurkitzen eta, ondorioz, beste leku batzuetara joaten dira, baita urbanizatutako eremuetara ere. Ikuspegi mikologikotik begiratuta ere adierazgarria da, zeren «ez dute perretxiko interesgarririk». Baina, horrez gain, «sakon aldatzen dute ingurunearen egitura eta kromatismoa», eta paisaia ere oso epe laburrean eraldatzen dutela azaldu dute. «Mehatxu bat dira urlehortar eta narrasti espezie gehienentzat eta CO2ko hustubideak diren lurzoruentzat», erantsi dute.

Irudian, monolaborantzak dituzten mendiak Balmasedan, pasa den urrian sutea izan zen inguruan. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Gogora ekarri dute, halaber, espezie inbaditzailea dela, eta horrela jasota egon bazen ere, azkenean espezie inbaditzaileen zerrendatik kendu zutela, bestelako interesak tarteko.

Duela ehun urte inguru

Badira ehun urte inguru dira lurraldean pinu landaketak sartzen hasi zirela. Beraz, hirugarren errotazioa edo matarrasa da honakoa, eta ez da datu hutsala. «Espezie berdina behin eta berriz leku berean landatuta, zorua ahultzen da, ez dauka hainbeste elikagai... Hori ortuetan ere ikusten da: beti leku berean landatzen baduzu, urteen poderioz lursail horiek pobretzen doaz».

Erakundeek zer egiten dute horren aurrean? «Ezer gutxi», diote, eta ez dela ulergarria gaineratu dute. Hiri ingurune batean esku-hartzeak araututa dauden bitartean, basoan «bakoitzak nahi duena egin dezake», lurzoruak dituen ezaugarriei erreparatu gabe, eta landa lurzoru guztiak ez dira berdinak.

Basogintzako Lurralde Plan Sektorialak hauskortasun handiko eremuak bereizten ditu, hala nola leku oso aldapatsuak, ibaientzako babesleak... eta hain hauskortasun handia ez dutenak, «baina gero inork ez du horretan arreta jartzen».

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 1994-2030 Baso Plangintza ere badago, 77.000 hektarea «mendi babesle» izendatzea jasotzen duena, «baina ez da bakar bat ere deklaratu». Ingurumen hauskortasun handiena duten mendiak direla azaltzen dute, adibidez dituzten maldengatik, eta hori dela-eta, eginkizun babesgarriago bat izan beharko luketela diote.

«Gure ustez, landa lursail horiek ordenatuta egon beharko lirateke, eta horietako batzuk babestu, monolaborantzak guztiz debekatuz». Hauskortasun handia duten zoru horietan bertoko espezie hostozabalak sartu beharko liratekeela uste dute, eta naturarekiko hurbilen dagoen kudeaketa bat egin. Ildo beretik, ERREZ kooperatibak bultzatzen duen eredua aipatu dute adibide gisa, arraseko mozketak ezabatzen baititu.

Presioak, laguntzak, erosketak

Erakundeen esku-hartzeei dagokienez, ezberdintasun handiak daude, bestalde, herrialdeen artean. Gogoratu dute Bizkaian eukaliptoen landaketen luzamendua ezarri dutela, Gipuzkoan 25 urtetan jarri dute mozteko muga, eukaliptoak daukan etekin azkarraren pizgarria ezabatuz, baina Araban, ez da inolako neurririk hartu. Herrialde osoa kontuan hartuta, monolaborantzaren eredu hau Foru Aldundiari ezer gutxi axola zaiola uste dute plataforman, herrialde mailan oso portzentaje txikia baita, Bizkaiko eragin klimatiko berdinpean dagoen eremura mugatuta.

Bitartean, Amurrioko Udalak hainbat konpromiso hartu zuen azken mozioan, «baina ez du horien inguruko berri gehiagorik eman». Udalaren baso publikoetan ez dago eukaliptorik, baina 900 hektarea inguru kudeatzen ditu, eta 600 inguru monolaborantzakoak dira, zehaztu dutenaren arabera. Eta eredua oso hedatuta dago batzar administratiboen artean, kontzejuentzat diru iturri garrantzitsu bat baita.

Pinuaren gaitzen aurreko alternatiba izateaz eta bere errendimendu ekonomiko azkarraz gain, eukaliptoak landatzeko industriaren presioa ere badagoela komentatu dute amurrioarrek. Eskualdean egurraren transformazioarekin lotutako hainbat jarduera dago. Pinuaren egurra lehen eta bigarren transformaziorako erabiltzen da; meheenak papergintzarako. Eukaliptoaren egurra papergintzan eta biomasan erabiltzen da.

Bien bitartean, jabeek hainbat laguntza publiko dute, «pinuak landatzeko, pistak egiteko, lehenengo bakanketa eta inausketa egiteko, sastrakak garbitzeko, ongarritzeko...». «Publikoki nahiko lagunduta dago eta ez hori bakarrik, duela urte batzuk egurraren prezioa baxua zenez metro kubikoko laguntzak ere ematen zizkieten egurraren salmenta bultzatzeko», gaineratu dute plataformako kideek. Halere, jaitsiera handia ezagutu ostean, pinuaren egurraren prezioa igotzen ari omen da berriz.

Eukalipto landaketen hedapen handiak herritarren kezka eragin du udalerri ezberdinetan, eta Baso Biziak izeneko mugimenduaren barruan plataformak sortu dira. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Erakundeek har ditzaketen bestelako neurriez galdetuta, esperientzia ezberdinak daudela erantzun du plataformak. Hainbat udaletatik eredu ezberdinak bultzatzen ari dira, zenbaitetan basoak erosteari ere ekin diote, eta horretarako une ona dela uste dute, «ziurgabetasun handia dagoelako, lurrak merke daude eta, gainera, aukera bat da administrazioak erostea, zeren kanpoko enpresa asko ari dira lursailak erosten, batez ere Kantabria aldekoak, jabeen kooperatiba gisa ere bai, eta kantitate handietan erosten ari dira, badakigu zertarako».

Eredu jasangarrienak naturaren prozesuetatik gutxien aldentzen direnak direla azpimarratu dute, eta bide horretan antzinako ereduak aipatzen dituzte; adibidez, larregintza eta basogintza uztartzen dituen eredu zaharra.

Udan izandako bero kolpeen ondorioz sortutako suteak solasaldi honetan aipatzea saihetsezina da, Gorobeleko mendilerrora hurbildu baitira. Pinu eta eukaliptoek suaren aurrean duten portaera ere kezkatzeko arrazoi dela uste dute, «pinua espezie erretxinatsua delako eta eukaliptoak olio moduko bat dauka, sua zabaltzen laguntzen duena. Gero, pinudietan dagoen landaretza erregaia da. Hostozabalen basoetan oihanpea handiagoa da eta sutea ez doa hain azkar ez goitik, ez behetik».

Aurrean daukagun paisaian pinuen eta eukaliptoen monolaborantza nagusitzen da, eta hori ez da aldatuko arriskuen kontzientzia hartzen ez bada. Uhandre plataforman argi dute baso jabeen «utzikeriak» eta egurraren transformazioan lan egiten duen industriak bultzatutako espektatibek landaketa berriak ekarriko dituztela, eta azalera handiagoa hartuko dutela.

 

«NOLAKO BASO USTIAKETA, HALAKO URA», BASOAN HASTEN BAITA URAREN KUDEAKETA

Basoak, urak eta lurzoruak elkarrekiko duten erlazioaren harira, azalpen sakon bat eman zuen pasa den urrian Joserra Diez EHUko irakasle eta Biologia Zientzietan doktoreak Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Baso Biziak plataformak eskatuta. Interneten eskura daitekeen mezuan, erakundeen eskuetan dauden hainbat plangintza eta agiri aipatu zituen, jada identifikatuta dauden arrisku, kalte eta beharrezko esku-hartzeen ondoan.

Klima aldaketaren ondorioz, Gipuzkoako biztanleriaren %40k inpaktu larriak izango dituen ohartarazpena, adibidez, mahai gainean dago, baita azpiegitura berdeen eta natura prozesuetan inspiratutako irtenbideen beharra edo pinua eta eukaliptoa bezalako espezie hauskorrek suposatzen duten arriskua. Inpaktuak, halaber, ezagunak dira, bere mezutik ondorioztatzen denez.

Higaduraren arazoaz eta «etengabe» galduz doan lurzoruaz hitz egin zuen Diezek, eta nabarmendu zuen datu orokorrek eurek erakusten dutela «euskarri biologikoak kolokan» daudela eta ez ditugula hobetzen.

Azken lehorteak eragindako eskasiak uraren kudeaketa erdigunera eraman duen honetan, tokiko baliabideen zaintza eta horien gertuko kudeaketa publikoa defendatzen duten ahotsek argi diote uraren kudeaketa basotik hasten dela. Antzeko gogoeta bat mahaigaineratu zuen Diezek: «Nolako baso ustiaketa, halako ura». Gobernu ardurak dituzten ordezkarien aurrean, funtzio hidrologikoa zaintzearen garrantzia azpimarratu zuen, ibaietan eta erreketan dagoen ur urdinaz eta landaredian dagoen eta kudeatu daitekeen ur berdeaz hitz egin zuen, baita dagoen premiaz eta betebehar moralaz ere. Kardiologiarekin konparaketa eginez, errekak babestea «lurraldearen arteriak babestea dela» nabarmendu zuen. Monolaborantzen ereduan tematzeari buruz, zera esan zuen: «Ez da negozio ona ikuspegi kolektibo batetik».