GARA eta NAIZen eskaintza Azokaren 57. edizio honetan zabala da. Naiz irratia egunero ari da Azokatik; sarrera nagusiaren ondoan aurkituko duzue egunero irratia zuzenean egiten duen lan taldea.
Eta Goienkale 40-41 kalean hedabide honen eskaintza aurkituko duzue. Erakusmahaietatik aparte, bertako eskaintza online Naizen dendan eskuratu daiteke, dena dena, eta baita ere Azokaren online dendan.
Aurtengo ‘uztari’ dagokionez, protagonista handi bat dago: ‘Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak’ liburua, berezia oso. Bertan lehenengo aldiz euskal iheslari eta deportatuen seme-alaben ahotsak jaso ditu Miren Azkarate kazetariak liburu batean. Miren Azkarate liburuak sinatuko ditu ostirala eta larunbatean (11:00etatik 15:00etara) eta larunbatean Ahotsenean aurkezpen publikoa egingo du 19.30tan.
GARAk argitaratutako bigarren liburu interesgarri dago eskuragai standean, biak euskara hutsean: Pandemia egoeragatik, askok Durangora gerturatu gabe gelditu ziren iaz; hau dela eta, orduko argitalpen gehienek ez zuten behar besteko hedapena jaso. Horren adibide, 2021ean kaleratu zen ‘Txomin. Aurrera bolie!’ liburua. Jokin Urainek landutako Txomin Iturberen biografia dago salgai aurten ere erakusmahaian. Saldu ere ondo saltzen ari da, ‘bigarren bizitza’ izaten ari da. Jokin Urain liburuak sinatzen izango da ostirala eta larunbatean Miren Azkaraterekin batera.
Bestalde, GARAren aurtengo eskaintzaren zati handia –erakusmahai osoa bat– Amaiurren 500 urteurrena du abiapuntu: alde batetik, puzzleak daude. Bat, helduentzat Xabier Morras artistak egindako puzzle artistikoa (18 eurotan salgai); bestea, Eider Eibarrek haurrentzako prestatu duen puzzle koloretsua (15 euro).
Era berean, salgai daude Amaiur elkartearen argitalpen batzuk. Horietako bat ‘Amaiur. Herriaren gaztelua’ liburu ilustratua da. Enrique Lekuonak margotutako liburua kaiera liburu antzekoa da, polita, bitxia, etxean gorde behar diren horietakoak.
Bestea ‘Amaiur bat urtero’ da, Jon Alonsoren azken nobela beltza (18 eurotan). Amaiurko Gaztelu elkartea eta (H)ilbeltza ekimena elkarlanean publikatuta, GARAn dago salgai. Hauxe abiapuntua: Amaiurko setioari buruzko filma bat grabatzen ari den zinema ekipo bateko partaideak dira nobelako protagonistak. Hilketa bat gertatzen da eta horren berri ematen dute pertsonaia desberdinek, bakoitzak bere
ikuspuntutik.