57. edizio honetan aurkeztu diren nobedadean zerrendari so eginez, joera aldaketa bat ikusten da. Azken urteetan antzematen zerbait zen, egia esan: komikiak, nobela grafikoak eta liburu ilustratuen gorakada. Argitaletxe guztiek egiten diete txoko bat beraien katalogoan. Mota guztietako eskaintzak daude: lan historikoak, Joseba Asiron eta Martín Alzueta ‘Martintxo’k ‘Euskal Herriko historia ilustratua IV’ (Txalaparta) lanean egiten duten bezala; komikia, Juan Luis Landaren ‘Munjoie!’ (Erein), haurrei zuzendutako liburu ilustratuak, Pamielak Bagara sailarekin egin duen bezala...
Unai Iturriaga ‘Xabiroi’ aldizkariaren standean harrapatu dugu. Egun osoa daramate sinatzen. Bi nobedade ditu Iturriagak aurten, bat Ikastolen Elkarteko aldizkari historiko honentzat Sanvirekin egin duen ‘Haur besoetakoa. Itsasoan urak handi’; bestea, ‘Ni ez naiz Mikel Laboa’ (Elkar), Harkaitz Cano eta Joseba Larretxerekin batera.
Komikien eta liburu ilustratuen gorakada honen ardatzean motibo ugari ikusten ditu Iturriagak. «Alde batetik, euskal komikigintzat harrobi lan on bat egin da, ez bakarrik Xabiroirekin, baina honen bueltan asko. Bestetik, Estatu mailan aldaketa egon da, zeren Frantzian egon den nobela grafikoarekiko begirada ekarri du komikiaren duintze bat».
Publikoa aldatu da, gaztetu da akaso? «Esaten dute komikia gazteentzat dela –erantzuten du–, baina esango nuke manga dela gazteentzat. Komikia gutxienez literatura bezain zaharra da. Egia da eskolan aukeran ematen zaionean ume bati 200 orrialdeko liburu bat edo komikia, komikia aukeratuko duela. Baina ez dut uste komiki denik medio bat bereziki gaztea. Gauza asko koinziditu dute: horietako bat prestigioa. Behar bada euskaldunontzat oso erlazionatuta egon delako Estatu espainiarreko teleboarekin, konnotazio txarrak izan dituena».
Ahaztutako emakume artistak
Haurrei, edo hobeto esanda, publiko guztiei dago zuzenduta Pamiela argitaletxe nafarrak atera duen Bagara saila. Emakume artisten ezagutza helarazteko asmoz sortu da, artista hauen gaineko ezagutza transmititzeko album irudidun formatua aukeratu da.
Umeei zuzentzeak bi helburu ditu, bestetik: alde batetik, umeen hazkuntzan emakume artistak modu natural batean uztartzea, baina bestetik, umeekin egiten duten irakurketaren bitartez, gurasoei ere beste erreferentzia batzuk ematea. Hori dela eta, bildumako ipuin bakoitza emakumezko euskal artista batean oinarrituko da.
Haizea Barcenilla eta Garazi Ansa dira Bagara honen zuzendariak. Orain urte bete ahaztutako euskal emakume artisten inguruan San Telmo Museoan prestatu zuten erakusketa liburu sorta honen abiapuntua izan zen. «Harrituta gelditu ginen ikusita zenbat euskal emakume batzuk ez zeudela historia horretan errepresentatuak», aipatzen du Haizea Barcenilla arte komisarioak.
Liburu dotoreak dira, ikusgarriak oso, eta gure memoria kolektiborako behar-beharrezkoa den hutsune bat betetzera datoz. «Haur liburuak dira gure iruditeria sortzen dutenak txikiak garenetik», gogorarazi du. Eta ahanzturan utzitako emakume artisten lanak berriz aktualitatera ekartzeko, egungo emakume artista eta ilustratzaileak aukeratu dituzte.
Lehenengo liburua Esther Ferrer donostiarrari eskaini diote. Iaz argitaratu zen. Bertan Aintzaine Usandizagaren testuen gainean, Aran Santamariak performance egile ospetsu honen unibertsoan murgiltzen gaitu. ‘Esther Ferrer eta denbora’ deitzen da liburua.
Bigarrena, aurten nobedadea dena, ‘Mari Paz Jimenez eta pintura’. Egilea Elena Olave eta Irimarra, eta gurean ezezaguna den artista bat errekuperatzera dator. Informazio gutxi dago Mari Paz Jimenezi buruz, berari buruz liburua egin dutenek ez zuten aurretik ezagutzen, baina 40. hamarkadan Euskal Herrira etorri eta 36ko gerraren ostean Argentinara alde egin behar izan zuen emakumea izan zen. Gero, itzuli zen gurera.
«Harritu ninduen ikustea Oteiza bezalako egile ospetsuekin erlazioa izan arren, Mari Paz Jimenez ez zen batere ezaguna, eta hori oso adierazgarria da. Ijitoen komunitatea ijitoen ikuspuntutik islatzen duen artista da, bera ere ijitoa zelako. Inolako arrazismorik gabe egin zuen. Eta galderak sortzen dizkizu, esaterako zergatik abstraktua ez den arteari ez zaion horrenbesteko garrantzia ematen», Elena Olaveren esanetan.
Otsailean Rosa Valverde izango da hirugarren liburu baten protagonista. Madalen Lujanbio eta Arrate Rodriguez izango dira egileak. Hainbeste emakume artista ezagun al daude gurean, historiak ahanzturan utzi dituenak? galdetu diogu Haizea Barzenillari: «Erakusketan 74 emakume atera zitzaizkigun tamalez historiografiatik kanpo gelditu direnak». Atera kontuak.
Ainhoa izeneko neska bat
Fermin Muguruza eta Susanna Martin komikilaria Landakon aurkitu ditugu, ‘Black is Beltza II: Ainhoa-ren’ standean. Muguruzak aspaldidanik lotzen ditu adar desberdinetako proiektuak; ‘Black is Beltza’ honek, esaterako, animaziozko filmea, komikia eta soinu banda elkartzen ditu. «Hiru Ainhoa daude, bat filmekoa, bestea komikiarena eta hirugarrena soinu bandarena», aipatzen du Jone Unanua ekoizleak.
Estatu frantsesean zehar egin berri duten biratik –25 emanaldi izan dituzte– iritsi berriak dira Durangora. Jaialdi batetik bestera dabiltzate, aurkezpenak lotuz, animaziozko filme honek interes handia pizten baitu ere gure mugetatik kanpo. Kortaturen biniloak sinatzen ditu Ferminek, marrazkiak egiten ditu Susanak... Zinemaldian hasitako ibilbidearen hurrengo urratsa Goya sari bat izango al da?