NAIZ

Enekoitz lehen taldera igo eta Azparren anaiek Euskaltel-Euskadiko maillota defendatuko dute

Euskaltel-Euskadi taldeak bere azken fitxaketa iragarri du ostiral honetan. Harrobiko txirrindulari Enekoitz Azparren lehen taldeko maillotarekin lehiatuko da datozen bi urteetan eta, hain zuzen ere, bere anai Xabier Mikelekin kointzidituko du, honek ere urtebeterako berritu baitu hitzarmena.

Azparren anaiak: Enekoitz (ezkerrean) eta Xabier Mikel (eskuinean).
Azparren anaiak: Enekoitz (ezkerrean) eta Xabier Mikel (eskuinean). (EUSKADI FUNDAZIOA)

Euskaltel-Euskadik baieztatu du Enekoitz Azparren Laboral Kutxatik lehen taldera igoko dela 2023. eta 2024. urteetarako, eta, modu honetan, anaiarekin partekatuko du maillota, Xabier Mikelek hurrengo urtean laranjaz jarraituko du.

Bere gaztetasunagatik eta bere kalitateagatik Enekoitz Azparren 23 urtez azpiko tropelaren «erreferentzietako bat» izan da aurten, eta, besteak beste, Italiako Giroan, Mediterraneoko Jokoetan, Etorkizuneko Tourrean eta Munduko Txapelketan lehiatu da.

Garaipenak Ereñon eta Natxituako Euskadiko Txapelketan iritsi ziren; Bidasoa eta Nafarroako etapetan garaipena gertu izan zuen (hirugarren sailkapen nagusian Nafarroan); laugarren izan zen ordekako Espainiako Txapelketan eta seigarren erlojupekoan; 24. amaitu zuen Etorkizuneko Tourra eta lan bikaina egin zuen taldekideentzat Munduko Txapelketan.

Horrela, Iker Ballarinen (2020), Xabier Mikel Azparren anaiaren (2021) eta Asier Etxeberria, Unai Iribar eta Xabier Isasaren (2022) urratsak jarraitu ditu Enekoiz Azparrenek, baita aurten Laboral Kutxan taldekide izan duen Xabier Berasategirenak ere. Guztiek egin zuten jauzi harrobitik eta egun Euskadi Fundazioko gizonezkoen profesional mailako multzoko txirrindulariak dira.

Enekoitz Azparrenek adierazi du «ilusio handia» egin diola Euskaltel-Euskadira jauzi egin ahal izateak. «Txikitatik ari naiz pentsatzen horretan, bizikletan ibiltzen hasi nintzenetik. Maila profesionalera pasatzea oso gauza polita da, eta Xabier Mikel anaiarekin maillot laranja partekatzeak ilusio berezia egiten dit zalantzarik gabe», esan du.

Bestalde, Jorge Azanza Euskaltel-Euskadi taldeko zuzendariak nabarmendu du Enekoitz Azparren «euskal harrobiko txirrindulari erreferentea» dela eta «oso emaitza onak» lortu dituela gaztetatik. «Oso txirrindulari eskuzabala da, oso igotzaile ona eta ondo moldatzen da erlojupekoan, eta azkarra da. Oso ezaugarri onak ditu txirrindulari izateko», ziurtatu du.

Gainera, «hazteko tartea» duela adierazi du, eta «dena» daukala «txirrindulari ona izateko».«Gure eskutik egin dezala, egia esan, albiste atsegina da, eta anaiari eta beste gazte batzuei bezala, laguntzea espero dugu. Oso pozik nago harrobiko beste txirrindulari garrantzitsu bat dugulako taldean», gaineratu du.

Xabier Mikelen hirugarren urtea

Bestalde, Xabier Mikel Azparrenek hirugarren denboraldia egingo du Euskaltel-Euskadi taldean, 2021ean debuta egin eta joan den urtean kontratua denboraldi baterako luzatu ondoren.

2022an etapa bat irabazi eta bigarrena izan da Volta ao Alentejoko sailkapen nagusian, brontzea lortu du erlojupeko Espainiako Txapelketan, 12. postua Volta ao Algarveko erlojupekoan eta ihes eginda ibili da Espainiako Vueltan, Burgosen, Eslovenian, Almerian edota Valentzian. Guztira, 67 egun eman ditu bizikletaren gainean, zazpi itzulitan eta egun bateko 15 probatan.

«Oso pozik nago egitura honen parte izaten jarraitzeagatik. Urtez urte pausoak ematen ari naizela pentsatzen dut. Leku ona da hobetzen jarraitzeko eta aurrerapausoak ematen jarraitzeko. Batez ere, zoriontsu eta ilusio gehien egiten didana nire anaiarekin taldea partekatzea da. Urte asko daramatzagu elkarrekin entrenatzen eta Enekoitzekin jarraitzeko aukera izateak ilusio handia egiten dit», adierazi du.

Horrenbestez, Euskaltel-Euskadik 2023ko taldea itxi du, Enekoitz Azparren, Xabier Berasategi eta Andoni Lopez de Abetxuko aurpegi berriekin eta Antonio Angulo, Mikel Aristi eta Julen Irizar txirrindularien agurrekin.

Zehazki, Enekoitz Azparren (2002), Xabier Mikel Azparren (1999), Ibai Azurmendi (1996), Iker Ballarin (1997), Xabier Berasategi (2000), Mikel Bizkarra (1989), Joan Bou (1997), Carlos Canal (2001), Unai Cuadrado (1997), Asier Etxeberria (1998), Peio Goikoetxea (1992), Unai Iribar (1999), Xabier Isasa (2001), Mikel Iturria (1992), Txomin Juaristi (1995), Juan Jose Lobato (1988), Andoni Lopez de Abetxuko (1999), Gotzon Martin (1996), Luis Angel Mate (1984) eta Antonio Soto (1994) izango dira 2023ko txirrindulariak.