Ainara Lertxundi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA

ISISeko jihadisten senideak hartzen dituen kanpamentua, egoera larrian

Siriako Indar Demokratikoen esku dagoen Al-Hol-eko kanpamentuan 60 nazionalitate desberdinetako 53.000 pertsona daude oraindik. Horietatik, %64k 16 urte baino gutxiago dituzte. Iaz, 79 haur hil ziren. Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak bizi baldintza eskasak salatu ditu txosten batean.

Umeak, Al-Holeko kanpamentuan.
Umeak, Al-Holeko kanpamentuan. (ZUMA | EUROPA PRESS)

Al-Hol hiriko kanpamentua Siriaren eta Iraken arteko mugatik gertu dago. Nazio Batuen Errefuxiatuentzako Goi Mandatariak (UNHCR) sortu zuen 1991n golkoko gerraren testuinguruan 15.000 errefuxiatu irakiar hartzeko, baina Ameriketako Estatu Batuek Irak inbaditu zutenean bertako populazioa handitu egin zen.

2014an Estatu Islamikoak (ISISek) Al-Hol hiria bere gain hartu zuen. Bere kokapen estrategikoa dela-eta, talde jihadistaren korridore nagusi bilakatu zen. 2015eko azaroaren 13an, Siriako Indar Demokratikoek (SDF) Al-Holen kontrola berreskuratu eta jihadistak kanporatu zituzten. Siria Iparraldeko eta Ekialdeko Administrazio Autonomoak (AANES) Al-Hol errefuxiatu esparru gisa ireki zuen berriro 2016ko apirilean, ISISengandik ihes egiten zuten errefuxiatu irakiarrak hartzeko. 2018an, 10.000 errefuxiatu irakiar inguru zeuden bertan, baina 2018ko abendutik 2019ko martxora bitarte iheslarien kopuruak gora egin zuen, ISISek bere azken gotorlekua, Baghuz, galdu ostean.

Baghuzeko batailaren ostean, ISISeko ustezko milaka kide atxilotu zituzten Siriako Indar Demokratikoek, horien artean atzerritar jatorriko asko. ISISekin ustez borrokatu zirenen senideak, tartean atzerritar jatorriko 11.000 emakume eta horien seme-alabak, Baghuzetik Al-Holera eraman zituzten, eta kanpamentuaren eranskin batean atxiki.

Gaur egun, bi eremutan banatuta dago kanpamentua: Kanpamentu Nagusia -zortzi atalez osatuta, horietan siriarrak eta irakiarrak daude- eta Eranskina -Siria eta Irak ez beste 60 herrialdetako herritarrak daude-. Kanpamentu Nagusia eta Eranskina hesi batek banantzen ditu

Eranskinean eskubide murrizketa gehiago daude, esaterako, mugikorrak eta telebista gailuak debekatuta daude. Mugimendu askatasuna ere mugatuta dago.

Itzultze eta aberriratze batzuen ondoren, kanpamentuko biztanleria 53.000 ingurukoa da egun, eta horietatik 11.000 atzerritarrak dira. Al-Holeko biztanleriaren %64 haurrak dira. %50 12 urtetik beherakoak. %64k 16 urte baino gutxiago dituzte eta bi pertsonatik batek bi urte baino gutxiago ditu.

Pasa den azaroaren 20an, kanpamentuan bizi eta bertan desagertu ziren bi neskato egiptoarren gorpuak aurkitu zituzten. 12 eta 15 urte zituzten. Labankadaz hil zituzten.

«Gertatutakoa erdiragarria da. Bi neskato hauek kanpamentuan harrapatuta zeuden, inolako errurik edo erantzukizunik izan gabe. Haien heriotzak gogorarazten digu kanpamentuan ez lukeela bizi behar haur bakar batek», esan zuen Sirian Save The Childreneko zuzendari Beat Rohrek.

«Bi suen artean»

Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) gobernuz kanpoko erakundeak, “Bi suen artean: arriskua eta etsipena Al-Hol kanpamentuan” txostenean, gogor salatu du atxiloketa eremuak ez dituela oinarrizko bizi baldintzak betetzen, biolentzia eta hilketak areagotu egin direla, mediku arreta jasotzeko oztopoak daudela eta haurrak nerabezarora iristean beren amengandik banantzen dituztela .

Siria Iparraldeko eta Ekialdeko Administrazio Autonomoa (AANES) eta Indar Demokratikoak (SDF) «gaizki ekipatuta egon dira kanpamentua nazioarteko arauei eta zuzenbideari jarraiki kudeatzeko. Al-Holen giza eskubideen urraketak, indarkeria eta esplotazioa egunerokoak dira. Horrek izugarrizko eragina du pertsonen segurtasunean, osasun mentalean, duintasunean eta laguntza humanitarioa eskuratzeko aukeran. Biolentziak eta delinkuentziak langile humanitarioen lana zaildu egiten dute», deskribatu du MSFk.

«Bi suen artean harrapatuta daude. Hala deskribatzen dute beren egoera. Alde batetik, talde armatuen indarkeria jasateko mehatxupean bizi dira eta, bestetik, kanpamentuaren segurtasun neurriak gero eta gogorragoak dira», gaineratu du. Horri gehitu behar zaizkio Turkiaren bonbardaketak, azken asteotan. Segurtasunaz arduratzen ziren zortzi militante kurdu gutxienez hil dira eta kanpamentuan atxilotuta zeuden hainbatek ihes egin dute.

Emakumeak Al-Holeko kaleetan barna (Florent VERGNES | AFP)

MSFk alde guztiei -Koalizio Globalari, AANESi eta Al-Holen dauden herritar atzerritarren jatorriko estatuei- dei egin die pertsona horien ongizatearen gaineko ardura har dezaten.

Gobernu espainolak Al-Holen eta Rojen dauden hiru emakume espainiar eta espainiar nazionalitateko gizon batekin ezkonduta dagoen emakume marokoar bat eta haien seme-alabak, guztira 16 adingabe, datozen asteetan aberriratuko dituela iragarri du.

Auzitegi Nazionalak lau emakumeen kontra atxiloketa agindua eman zuen 2019an. Horietako hiru ISISeko ekintzaileen alargunak dira eta laugarrenak senarra indar kurduen kartzela batean preso du.

Koalizio Globalak aitortu du Al-Holen dauden 11.000 atzerritarrak «nazioarteko arazo» bihurtu direla.

Mediku arreta eskasa

«Indarkeria, esplotazio eta abusu maila handia dago. Haurrak eta beste talde zaurgarri batzuk segurtasunik ezaren eta gabeziaren ondorioak jasaten ari dira», nabarmendu du MSFk. 2019ko urtarrilean hasi zen lanean Al-Holen, printzipioz, iristen zirenei larrialdiko laguntza emateko. Hasiera horretan, larrialdiko arreta medikoa eta oinarrizko laguntza gaiak ematen zizkien iritsi berriei harreragunean.

Gaur egun, gaixotasun ez kutsakorrak dituzten gaixoentzako klinika bat kudeatzen du Kanpamentu Nagusian eta osasun zentrora oinez joan ezin direnei ere zerbitzu medikoa eskaintzen die. Anbulatorioko kontsultak, emakumeen osasun zerbitzuak eta osasun mentaleko laguntza ere eskaintzen ditu Eranskinaren ondoko Zerbitzu Eremuan, non atzerritar jatorriko atxilotuak dauden.

MSFk kezka azaldu du osasun arretaren gabeziengatik. «Al-Holeko umeentzat eta haien zaintzaileentzat, arreta medikoa jasotzea, lortzen dutenean, kalbario beldurgarria izaten da. Ospitale nagusia autoan ordubetera dago eta han tratamendua jaso behar duten haurrak armatutako zaindariek eskoltatzen dituzte, eta gehienetan zaintzailerik gabe joan behar dute, oso gutxitan ematen baitzaie seme-alabekin joateko baimena», salatu du Martine Flokstrak, MSFko operazioburuak Sirian.

Bere hitzetan, Al-Hol «aire zabaleko espetxe handi bat da. Hor bizi diren gehienak haurrak dira, eta horietako asko hemen bertan jaio dira, haurtzaroa lapurtu diete eta indarkeriaz eta esplotazioaz beteriko bizitza batera kondenatu dituzte, hezkuntzarik gabe, laguntza mediko mugatuarekin eta itxaropenik gabe».

Kanpamentuaren irudi orokor bat (Florent VERGNES | AFP)

Txostenak nabarmentzen duenez, «kanpamentuaren izaera humanitarioan sinetsita joan ziren, aldi baterako izango zelako ustean. Segurtasun bermeak eman zizkieten eta oinarrizko zerbitzuak, hala nola ura, botikak, janaria eta bizilekua bermatuta izango zituztela. Lasaitasuna sentitu zuten askok, Al-Holen babesleku bat izango zutela pentsatu baitzuten. Baina urteak joan ahala, harrapatuta eta etsita daude, hango bizi baldintzak oso gogorrak baitira».

Bertakoen lekukotasuna

MSFk bildu dituen lekukotasunen artean honako hau dago: «Bizitzen ari garena ikaragarria da. Askatasuna eta bizi baldintza egokiak agindu zizkidaten Baghuzetik ateratzen baginen eta gerratik aldentzen bagina. Haurdun nengoen garai horretan eta bost seme-alaba nituen, Baghuz uzteko hautua egin nuen. Damutzen naiz erabaki hori hartu izanaz. Agindutakoa egia izango zela pentsatu nuen, aske izango nintzela, baina ez da horrelakorik gertatu. Jakin izan banu hemen zer aurkituko nuen, nahiago nukeen hil hona etorri baino».

2019an ISISen kontrolpean zeuden eremuetatik Al-Holera zibil kopuru handia iritsi zen. Kanpamentuko biztanle guztiak ISISen eraginpean zeuden susmoa nagusitu zen. Hildako edo atxilotutako milaka jihadisten emazteak, seme-alabak eta beste senide batzuk Al-Holera eraman zituzten, eta haietako askok ustez talde jihadistaren ideologiari eusten zioten. Kanpamentuko emakume batzuek MSFko langileei esan dietenez, senarrarekin batera ISISen kontrolpeko lurraldeetara seme-alabengandik ez banantzeko joan ziren, ez arrazoi ideologikoengatik.

Honela azaldu du beste emakume batek: «Bakoitzak istorio desberdin bat du, guztiak ez dira ISISekoak. Nire senarra ISISen atzetik joan zen eta nire alaba berarekin eraman zuen. Ni bere atzetik joan nintzen, ez nuen alabarengandik aldendu nahi. Zer gehiago egin nezakeen? Nire familiak senarraren atzetik ez joateko esan zidan eta orain ez dute nirekin hitz egin nahi. Ez dut inor Al-Holetik kanpo. Kanpamentu honetara behartuta etorri nintzen, familiak bizkarra eman baitzidan. Alabarekin eta senarrarekin Raqqan bizi nintzen. Senarrak alaba Deir ez-Zorrera eraman zuen. Berarekin ihes egiten saiatu nintzen, baina harrapatu eta epaile baten aurrera eraman ninduten: nahi banuen, alde egin nezakeen, baina alaba bertan geldituko zela. Gelditzea erabaki nuen. Seme-alabek soilik ni naukate, ez dute aitarik ezta beste seniderik ere. Familiak ez nau onartzen, ezta nire haurrak ere. ISIS garaitu zutenean, esan ziguten nahi zuenak alde egin zezakeela. Dibortzioa lortu nuen. Alaba hartu eta oinez ibiltzen hasi ginen. Hotza egiten zuen, iluna zegoen eta ez genekien non zeuden lurreko minak. Soldadu batek ikusi gintuen eta Al-Holera ekarri gintuen. Jakin izan banu, ez nintzen etorriko. Lehen hilabetean ondo egon zen, lo asko egiteko aukera izan nuen. Baina, handik gutxira hilketak eta lapurretak hasi ziren. Dendak erretzen hasi ziren».

Emakumeak, jihadisten emazteak edo alargunak gehienak, erosketak egiten (R. GARCIA-VILANOVA / MSF)

«Deir ez-Zorretik ihes egin genuen 2017ko urrian. Egoera benetan txarra zen. Bonbardaketa asko zeuden eta zibilak horien biktima ziren. Etsita geunden. Ihes egitea besterik ez genuen nahi. Jende guztiak alde egin nahi zuen eta errepideen ertzean pilatu egiten ziren. Nik neuk hamar pertsona eraman nituen nire motorrean. Hiru egun eman genituen Shaddadira iristeko, ondoren kontrol batean atxilotu eta Al-Holera eraman gintuzten. Garai horretan, Deir ez-Zorretik ihes egin zuten gehienak atxilotu zituzten», gogoratzen du kanpamentuko bizilagun batek.

«Kartzela batean gaude, hau Guantanamoren antzekoa da. Heriotza esparru bat da. Behin, nire aita kanpamentuaren sarrera nagusiaren beste aldean zegoen, baina ez zidaten sikiera ateraino hurbiltzen utzi. Orduan pentsatu nuen kartzela batean nengoela. Bisitak behar ditugu, hesiaren beste aldean dagoen munduarekin harremana nahi dugu. Hedabideek ez dute mezu egokia zabaltzen, pertsona gaizto batek beste guztioi eragiten digu», dio beste batek.

Segurtasun neurriak

Al-Holeko populazioa heterogeneoa izan arren, ISISen kontrolpean zeuden eremuetako jendea iristen hasi zen neurrian, 2019an, segurtasun neurriak estutu ziren. Behin irekia izan zen kanpamentu horretan, neurri gero eta zorrotzagoak ezarri zituzten. Garai batean, handik atera eta lan egiteko aukera zuten, baina ISISen kontrolpeko eremuetan bizi ziren pertsonak iritsi ahala, irteerak mugatuz joan ziren talde jihadistaren ekintzaileak izan zitezkeelakoan. Koronabirusarekin, senideen bisitak ere debekatu zituzten

«2017an kanpamentu ireki bat zen, bi urte beranduago, berriz, kartzela bat. Iritsi ginenean, sartu eta atera gintezkeen. Al-Hasakahra edo Raqqara joateko baimena ere eskatu genezakeen. Dirua erabiltzeko aukera genuen kanpamentuan. Ez zegoen segurtasun arazorik. Gobernuz kanpoko erakundeak ondo ikusiak zeuden eta baliabide nahikoak zeuden», gogoratzen du batek.

Laguntza humanitarioa jasotzen, artxiboko irudi batean (XINHUA / MSF)

Baina ugaritu eta larriagotu diren segurtasun arazoak direla-eta, ISISen kontrako Koalizio Globalak kontrolak eta segurtasun neurriak estutu behar izan ditu. Alanbre-hesiak ipini dituzte esparru inguruan, baita lubaki sakonak ere. Biolentzia giroaren eta segurtasun faltaren ondorioz, trauma psikologikoak eta min fisikoak areagotu egin dira.

2020ko urriaz geroztik, 1.300 familiak baino gehiagok utzi dute Al-Hol beren sorterrira itzultzeko, baina itxaron zerrendak luzeak dira.

Siriarrek hiru baldintza bete behar dituzte ateratzeko baimena eskuratzeko: jaioterriko lider tribal baten sostengua; dokumentu zibilak edukitzea eta Siriako ipar-ekialdeko eremu batera itzultzea. Askok gerran, ihesaldian... dokumentu zibilak galdu dituzte eta kanpamentuan egin diren ezkontzak maiz ez daude erregistratuta, ezta jaiotako haurrak ere. Batzuei beldurra ematen die esparrua uzteak. «Hemendik kanpo ez dugu etxerik, ez lanik. Joan nahi dugu, baina ez beste kanpamentu batean egoteko», diote.