NAIZ

Oinarrizko eskubideen defentsa egin dute Bilboko kaleetan eta Nafarroako Parlamentuan

Giza eskubideak betetzeko aldarrikapena Euskal Herriko erakunde nahiz kaleetara iritsi da larunbat honetan. Iruñeko Parlamentuan oinarrizko eskubideen defentsan batu dira alderdi politiko eta gizarte eragileak eta Bilbon manifestazioa egin dute.

Bilbon giza eskubideen alde egin den manifestazioko irudi bat.
Bilbon giza eskubideen alde egin den manifestazioko irudi bat. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 74. urteurrena kari, ekitaldi instituzionala egin dute Nafarroako Parlamentuan larunbat honetan eta manifestazioa Bilbon.

Iruñeko ekitaldian hainbat gizarte-erakundek parte hartu dute, eta horietako ordezkariak Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala osatzen duten 30 artikuluen irakurketa «kritikoa» egin dute. Adierazpen hori Nazio Batuen Batzar Orokorrak onartu zuen 1948ko abenduaren 10ean, Parisen.

Ekitaldia Unai Hualde Legebiltzarreko presidenteak hasi du. Adierazpenaren printzipioak gobernu guztien agenda politikoan sartzearen alde egin du, mundu osoan egunero antzematen den «eskubide oinarrizkoenekiko errespetu falta murrizteko».

Ohartarazi du, bestalde, pandemiaren eta Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoek «larritu» egin dituztela gizartean lehendik ere bazeuden arazoak eta testuinguru horretan «Adierazpeneko artikulu bakoitza» betetzeko beharra azpimarratu du, «gizarte bazterketarekin eta eskubideen urraketarekin amaitzea helburu».

Ondoren, Javier Urrozek (Papelak Donontzat) eta Amaia Zubietak (Indarkeria Sexistaren aurkako Plataforma) Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak herri, nazio eta pertsona guztientzat suposatzen duen «ideal komuna» azpimarratu dute.

«Giza Eskubideekin konprometitutako gizarte bat bakean bizi den gizarte bat dela aldarrikatzen dugu, pertsona guztiak datozen lekutik datozela integratzen dituena eta beraien eskubideak onartzen dituena. Horregatik, herritar guztiei dei egiten diegu giza eskubideen defentsa besarkatzeko», agertu dute.

Gidoitik kanpoko ekintza

Tentsio une bat ere izan da Iruñeko Parlamentuan bi pertsonak atxiloketa arrazistak salatzeko ekintza politiko bat egin dutenean. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsaleko 11. artikulua irakurtzen ari zen PIM-MIG (Migranteentzako Informazio Gunea) taldeko pertsona bat atxilotzeko plantak egin ditu txanodun beste batek eta Unai Hualde eta I-E taldeko Marisa de Simon ‘atxiloketa’ geldiarazten saiatu dira.

Asaldura sortu du ekintzak modu independentean egin dutelako bi kideek, ekitaldian parte hartu duten erakundeetako eta talde politikoetako ordezkariek ezer jakin gabe. Ezustekoaren ostean, baina, normaltasunez jarraitu du ekitaldiak.

PIM-MIGek ohar batean jakinarazi duenez, atxiloketa-simulakroak «eragin handia izan du». Ekintzaren helburua izan da, argitu dutenez, ekitaldian zeudenak konturatzea «Poliziak pertsona arrazializatuak interpelatu, atxiki edo atxilotzen dituenean sentitzen duten beldurrarekin, tentsioarekin eta defentsa-gabeziarekin konektatzea».

Manifestazioa Bilbon

Dozenaka lagunek «oinarrizko eskubideak» bete daitezen eskatu dute larunbat honetan Bilbon, esparru desberdinetako eragileek –Alboan, Aletu, Amnistia Internacional, Bizitegi, Fekoor, Bilboko Bizilagunen Federazioa, Euskalerriko Eskautak Bizkaia, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Zubietxe eta E.A.P.N. Euskadi–deitutako manifestazio batean. Aldarrikapenen artean, pertsona ahulenak etxebizitza bat izateko eta elikatzeko duten eskubidea betetzea galdegin dute.

Arriagako plazatik 11.30ean abiatu den manifestaziora batu diren lagunetako batzuek kartelak zeramatzaten, eta, beste askoren artean, mezu hauek irakur zitezkeen: ‘Etxerik gabe ez dago eskubiderik’, ‘Sexu-aniztasuna’ eta ‘Inor ez da ilegala’.

Ongi Etorri Errefuxiatuakeko Chelo Garcia Marroquinek azaldu duenez, mobilizazio honen helburua da pertsonen oinarrizko eskubideak aldarrikatzea, egungo egoera ekonomikoa «gehien sufritzen» ari direnengan arreta berezia jarrita.

Manifestu bateratu batean, deitzaileek gaitzetsi dute 1948az geroztik Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala egon arren, gaur egun «eskubideak ez direla errespetatzen, ezta askatasunak ere».

Gizarte-erakundeek botere publikoei eskatu diete «beraien immobilismoa utz dezatela» eta «modu eraginkorrean» bete ditzatela herritar guztientzako oinarrizko eskubideak, biztanleria migratzaileak barne.