Giza Eskubideen Nazioarteko Egunarekin batera giza katea egin dute Gasteizen Etxeratek deituta euskal preso politikoek pairatzen duten egoera salatzeko. Horrela, Auzitegi Nazional espainolak «salbuespen espetxe-poitika, eskubideak urratzen dituen alde zigortzailea soilik duena, aplikatzen jarriatzen du presoen aurka».
«Gaur, gure artean eta mundu osoan errepikatzen diren arraza, erlijio eta generoagatik ematen diren eskubideen urraketa larrien gaitzespenarekin bat egiten dugu, eta, era berean, bozgorailua pizten dugu sufrimendua eragiten duten politika diskriminatzaileak mantentzeari uko egiteko», aldarrikatu dute.
Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, gure senide presoek pairatzen duten salbuespeneko espetxe politikaren bukaera aldarrikatu dugu #etxera pic.twitter.com/CYrJBIAkKw
— Etxerat Elkartea (@EtxeratElkartea) December 10, 2022
Aznarren garaitik lege berezia aplikatzen jarraitzen dutela nabarmendu dute. «Hiru hamarkada baino gehiagoz euskal preso guztien aurkako isolamendua eta espetxe-baldintza muturrekoenak mantendu ondoren, garai berri honetan Estatuak ohiko baimenei uko egin eta hirugarren graduei eta baldintzapeko askatasunei betoa jarri die», salatu dute.
«Garai berri batean sartzen hasiak garela esan dugu, eta birgizarteratzeko eskubideak lehentasuna izan beharko dira edozein mendeku-zantzuren gainetik, baina Espainiako justiziak ez du aintzat hartzen euskal presoek eginiko ibilbidea, ezta espetxeetako tratamendu-batzordeen lana, euskal presoen harira egindako jarraipena, perspektiba eta idatzitako txostenak, eta ez ditu errespetatzen Eusko Jaurlaritzak hirugarren graduen alde hartutako erabakiak», azaldu dute.
«Gure senide presoen eta gure presoen eskubideen aldeko lanarekin jarraituko dugu. Ez dugu atzera begiratuko, urruntzearekin eta sakabanaketarekin amaitzeko euskal gizartearen inplikazioa erabakigarria izan den bezala, aurrera begiratzera animatzen diogu berriro ere jendarteari, gure senideei ezartzen dieten blokeo zentzugabe hori desblokeatzea lortzeko, berandu izan baino lehen. Gure senideek aspaldi adierazi baitute biktimekiko errespetua eta herri honen etorkizunarekiko, bizikidetzarekiko eta behin betiko bakearen eraikuntzarekiko konpromisoa», adierazi dute.