NAIZ

Lesboseko Kara Tepe kanpalekuan beste sute bat izan da

Kara Tepe errefuxiatuentzako kanpalekuan bigarren sute bat egon da eta zazpi familiari eragin die. Bertan dago Zaporeak lanean, behar dutenei «otordu duinak» eskaintzen, eta horren berri eman du.

Kata Tepe kanpalekuko sutearen ondorioak.
Kata Tepe kanpalekuko sutearen ondorioak. (ZAPOREAK)

Greziako Lesbos uhartean Kara Tepe errefuxiatuentzako eremuan beste sute bat izan dela salatu du Zaporeak elkarteak.

Azaldu duenez, lau kontainer erabat kiskali dira eta beste bi partzialki, eta ondorioz, zazpi familiari eragin die.

«Beste behin ere, asilo-eskatzaileek ia tresnarik ez duten egoera lazgarri bati aurre egin behar diote», gaitzetsi du Zaporeakek, eta gaineratu du «gerratik ihesi Greziara iritsi diren pertsonak dira, jazarpenak, bizitza-aukera hobe baten bila».

«Hesiekin, bidegabekeriekin, tratu txarrekin eta giza eskubideen urraketekin eta suteekin topo egiten dute, eta duten apurra galtzen dute», gaineratu du ohar baten bidez.

Pasa den irailean kanpaleku berean beste sute bat izan zen, milaka persona arriskuan jarri zuena, eta 2020an Lesboseko beste kanpaleku bat, Moria, ia guztiz suntsitu zuen suak.

Errefuxiatu gehiagora iristeko nahia

Zaporeak 1.200 errefuxiatu baino gehiagori jaten ematen die Lesbosen egunero. 2015tik geroztik, bi milioi «bazkari duin» baino gehiago banatu eta prestatu dituzte mila bosteun bolondres inguruk. Chios, Atenas eta Patrasen izan ostean, 2019ko otsailetik Zaporeak Lesbosen dago, Kara Tepen laguntzen.

Ahal dutena egiten dute, baina oraindik ez dute lortu errefuxiatu guztiengana iristea. «Horretarako, finantzaketa eta inplikazioa» behar dituztela adierazi dute.

Jakinaren gainean daude une honetan mundu mailako krisi batean murgilduta gaudela, baina hala ere jendearen eskuzabaltasunean konfidantza dute eta bazkideak erakartzeko kanpaina bat abiatuko dute laster.