NAIZ

Mamikik Bilboko Konpartsak federazioa utzi du

43 urteren ondoren, «beste bide batzuk jorratzea» dagokiela adieraziz agur esan die Mamikik Bilboko Konpartsei. Lau hamarkada hauetan jaiei ikuspegi feminista ematen jardun dira Bilboko Konpartsen aterpean.

Mamiki konpartsako kideak artxiboko irudi batean, 40. urteurrena ospatzen.
Mamiki konpartsako kideak artxiboko irudi batean, 40. urteurrena ospatzen. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Mamiki Emakumeen Konpartsak jakitera eman duenez, aurrerantzean Bilboko Konpartsetatik kanpo jarraituko dute haien ibilbidea. 43 urtez izan dira federazioko kide eta Bilboko Konpartsak elkarteak bere Twitter kontuan adierazi duenez, «maitasunez» onartu du erabakia.

Ziklo bat amaitzen ari direla azaldu dute eta, zabaldutako oharrean, eskerrak eman dizkiete bidelagun izan dituzten konpartsakide guztiei. Izan ere, lau hamarkadaz aritu dira jaiei haien ikuspegi feminista ematen Bilboko Konpartsen aterpean, eta aurrerantzean, etorkizuneko jarduera definitzen hasiko dira. «Oraindik asko dago egiteko, esateko eta gozatzeko», nabarmendu dute agurrean.

Aurtengo Aste Nagusian ez zuten txosnarik jarri, «hauspo nahikorik» ez zegoelako, ekainean konpartsakideek komunikatu batean adierazi zutenez. Talde eragilean gutxi zirela eta, «jarraitzeko egiturazko zailtasunak» zituztela argudiatu zuten eta lau hilabeteko eszedentzia eskatu zuten federazioan, hausnartzeko. Hilabete batzuk geroago eman dute ezagutzera gogoetaren emaitza.