NAIZ

100 euroko diru-laguntza iragarri du Parisek autoa partekatzen hasiko diren herritarrentzat

Frantziar Gobernuak neurri berria iragarri du autoaren erabilpena murrizteko. Heldu den urtarrilaren hasieratik 100 euroko diru-laguntza jasoko dute autoa partekatzeko plataformetara hurbiltzen diren erabiltzaile berriek.

Autoa partekatzeko gune bat Ametzondoko saltegiaren inguruan, Hiriburun.
Autoa partekatzeko gune bat Ametzondoko saltegiaren inguruan, Hiriburun. (Guillaume FAUVEAU)

Frantziar Gobernuak autoaren erabilpena murrizteko neurri berria eman nahi du plantan, horrendako Europako Funts Berdea baliatuz.

Zehazki, heldu den urtarrilaren hastapenean sartuko da indarrean astearte honetan ezagutzera eman den erabakia. Hala, eguneroko joan-jinak egiteko xede autoa partekatuko duten herritarrek 100 euroko diru-laguntza jasoko dute plataformetan izena ematen dutenean.

80 kilometro baino gutxiagoko distantzia egiteko plataformetara joko duten herritarrek 25 euro jasoko dituzte lehenengo ibilbidea egiten dutenean. Alta, gainerako 75 euroak jaso ahal izateko bederatzi joan-etorri kateatu beharko dituzte ondoko hiru hilabeteetan.

Egitasmoak bertze diru-laguntza bat ere aurreikusten du. Hala, distantzia luzeko hiru ibilbide autoa partekatuz egiten dituzten herritarrek, aurreneko diru-laguntzaz gain, bertze 100 euroko laguntza jasoko dute.

Autoak partekatzeko martxan diren plataformek kudeatu beharko dituzte diru-laguntza horiek guztiak. Beraiek beharko dute zehaztu nola banatuko dituzten ere, zuzenean erabiltzaileei dirua emanez edo erosteko bonuen bidez sistemarekiko fideltasuna sarituz.

Hau ez da frantziar Gobernuak autoa partekatzeko plantan ematen duen lehenengo plana. Hain zuzen, egungo lehen ministro Elisabeth Bornek 2019an bultzatu zuen autoa konpartitzeko plana auto-pilaketak eta aire kutsadura murrizteko helburuarekin.

Enpresa handiek eta baita hainbat hirigunetako erakundek ere bonuen sistema martxan eman zuten badira hiru bat urte garraio molde hori bultzatzeko.

Laguntza plan berriarekin plataformen jarduerari bultzada berria eman nahi dio oraingoan frantses Gobernuak.

50 milioi auto kadira hutsik

Kiros plataformaren presidente den Olivier Binetek AFP agentziari azaldu dionez, erregaien prezioaren gorakadak garrantzia izan du azken hilabeteetan autoa partekartzeko sistemak ezagutu duen hazkundea azaltzeko orduan.

Gaur egun 900.000 joan-jin egiten dira hilabetero autoa partekatuz, oso kopuru txikia eguneroko eginkizunak betetzeko egiten den desplazamendu kopuru izugarri handia aintzat hartuta.

Berdin landa eremuetan zein hiruguneetan, auto pribatuaren erabilpena handia da oso Hexagonoan.

Gobernuaren estimazioen arabera, egunero «50 milio auto kadira hutsik» garraiatzen dira frantses errepide sarean.

Hilabetero 3 milioi eguneroko ibilbide autoa partekatuz egitea litzateke Gobernuaren helburua. Autoa partekatuz egiten diren desplazamenduak hirukoizteak 4,5 tona CO2 gutxiago isurtzea ahalbideratuko luke.

Mila euroko aurreztea urtero

Elisabeth Bornek nabarmendu duenez, autoa partekatzeak «energia gutxiago kontsumitzeko egutasmoarekin bat egiten du».

Agnes Pannier-Runacher Trantsizio Ekologikoaren ministroaren esanetan, berriz, klimaren erronkari erantzuteaz gain erregaien gorakadari aurre egiteko neurri eraginkorra bada autoa partekatzea.

Erregularki autoa partekatzen duen erabiltzaile batek mila euro inguru aurreztuko duela urtean zehar kalkulatu du Nicolas Brussin Bla bla car izeneko plataformaren sortzaileetako batek.

Asteazken honetan zehaztapen handiagoarekin aurkeztuko den planak 150 milioko inbertsioa aurreikusten du, horietatik 50 diru-laguntzak zuzenean banatzeko.

Gainerako inbertsioa plataformak garatzeko, autoa konpartitzeko tokiko erakundeek plantan emango dituzten planak diruztatzeko edota ibilgailuak partekatzeko aparkaleku berriak eraikitzeko erabiliko du, besteak beste, frantziar Gobernuak.