NAIZ

Gabonetako Haur Parkeak bueltan dira aurten BECen, Gasteizera eta Iruñera

Pandemiaren ostean berriz ere izango dira Gabonetako Haur Parkeak BECen, Gasteizen eta Iruñean. Donostian ez da egongo baina haurrei eta gazteriari zuzendutako jarduerak antolatu dituzte jaietan.

BECeko Gabonetako Haur Parkea aurkezteko egindako agerraldia.
BECeko Gabonetako Haur Parkea aurkezteko egindako agerraldia. (@BEC_Bilbao)

Larunbat honetan irekiko du Barakaldoko BECen Gabonetako Haur Parkea bi urteren ostean eta pabiloi bat gehiago hartuta, urtarrilaren 8ra arte. Gasteizen Hegoalde gizarte-etxean irekiko da umeentzeko gune berezia, abenduaren 26an hain zuzn ere, Errege egunaren bezperara arte.

BECek jakinarazi duenez, «elkartasuna, gizalegea, iraunkortasuna, berdintasuna, familia eta bizitza osasuntsua bultzatzeko» tailer eta jarduera ugari eskainiko dira, «euskara zeharkako baloretzat hartuta».

Hiru pabiloi hartuko ditu aurten Barakaldokoak, beste urteetan baino bat gehiago. Lehenengoan kirol-jarduerak egiteko aukera eskainiko da eta 3. pabiloian erakundeak eta enpresak egongo dira. 56. edizio honetan barrakek eta jolasek hartuko dute 5. pabiloia.

BECek nabarmendu duenez, kirola oso presente egongo da aurtengo Gabonetako Parkean. Besteak beste, Gabonetako V. Lasterketa jokatuko da, urtarrilaren 7an; Miniatletismoko IV. Gabonetako Torneoa, Bizkaiko Atletismo Federazioak koordinatuta; eta eskubaloi, saskibaloi eta mahai-teniseko txapelketak.

Gasteizen, bestalde, Hegoalde gizarte-etxean egongo da Gabonetako Haur Parkea, hamalau urtetik beherako haurrei zuzendutakoa da eta hezkuntza-jarduerak, antzerki-ikuskizunak, tailerrak, teknologia berriak eta «mota guztietako atrakzioak» eskainiz.

Udaletxeak zehaztu zuenez, aurtengo edizioak ingurumena, ekologia, baliabide naturalak, birziklapena eta energia berriztagarriak izango ditu ardatz, ‘Green’ kontzeptua oinarri hartuta, alegia.

Donostian, aldiz, aurten ere ez da Kursaalen gune berezia irekiko, pandemiaren aurretik gertatzen zen bezala, baina ‘Gabonak zuretzat’ programa antolatu dute. 350 jarduera baino gehiago eskainiko ditu, haur, familia eta gazteei zuzenduta. Astearte honetan jarri da martxan eta urtarrilaren 6an amaituko da.

Iruñean Navipark izenekoa zabalduko dute Refenan, abenduaren 26tik 30era eta urtarrilaren 2tik 4ra. Hiru eta hamalau urte arteko haurrentzako prestatua dagoela jakinarazi dute.