Ion Salgado

Hezkuntza sistema «publikoa, euskalduna eta propioa» aldarrikatu dute LABek, Steilasek eta ELAk

LAB, Steilas eta ELA sindikatuek bigarren greba eguna egin dute hezkuntza sistema publikoan Lakuak proposatutako lege-aurreproiektuaren zirriborroari ezetz esateko. Goizean eta arratsaldean egin dituzte mobilizazioak.

LAB, Steilas eta ELA sindikatuek Gasteizen egindako manifestazioa.
LAB, Steilas eta ELA sindikatuek Gasteizen egindako manifestazioa. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

LABek, Steilasek eta ELAk deituta, bigarren greba eguna dute hezkuntza sistema publikoan Lakuak proposatutako lege-aurreproiektuaren zirriborroari ezetz esateko. Sindikatuen arabera, langileen %60ak bat egin du grebarekin, «eta bereiziki jarraipena oso zabala izan da Haurreskolak partzuergoan, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan». Greba egun honetan langileen %32,7ak hartu duela parte ziurtatu du Lakuako Gobernuak, bere aldetik, ikastetxeen %96aren datuak batu ondoren.

Hala adierazi du Irati Tobar LAB sindikatuko ordezkariak Gasteizen egin duten manifestazioan. Bertan 2.000 lagun inguru -NAIZek egindako zenbaketaren arabera– bildu dira «publikoa, euskalduna eta propio izango den» sistema aldarrikatzeko. Izan ere, dioenez, EAEko Hezkuntza Sailak proposatutako neurriek gaur egungo «sistema duala betikotuko» dute.

Steilas sindikatuko ordezkaria den Nagore Iturriotzek azpimarratu du borrokan jarraituko dutela «hezkuntza justu baten alde»; eta mezu bat bidali die Gasteizko Legebiltzarra osatzen duten alderdiei, «gure ahotsa aintzat hartu dezaten eta moldatu dezaten» proposatu diren «aurreproietu, dekretu edo bestelako aginduetan». Haren esanetan, «ez dute inolako neurri zehatzik jarri hezkuntza publikoa indartzeko».

Miren Zubizarretak, ELAko kideak, gogoratu du 2021eko irailean martxan jarri zela Hezkuntza Batzordean ponentzia propio bat Hezkuntza Legea aurrera eramateko eta, esan duenez, ez dira aintzat hartu sindikatuek ponentzia horretan egindako ekarpenak.

Tobarrek esan duen bezala, Zubizarretak uste du egungo sistema betikotzeko asmoa dagoela, «murgiltze ereduari dagokionez, curriculum propioari dagokionez edo eskunduntza propioen garapenari dagokionez, egungo sare banaketari dagokionez, edo lan baldintzei dagokienez, besteak beste». Esan duenez, «arazo estruktural larriak ditu hezkuntza sistemak» eta aurreproiektuak ez die «inolako irtenbiderik ematen».

Milaka lagun bildu dira Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Milaka lagun bildu dira Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Arratsaldean ere mobilizazioak

Hirurek goirapatu dute langileen jarrera. Goizean Gasteizen manifestazioa egin dute eta arratsaldean ere kalera atera dira Arabako hiriburuan, Donostian eta Bilbon, 18.00etan. Mezu bat azpimarratuko dute mobilizazioetan: «Balizko hezkuntza legerik izango bada langileokin eraikitakoa izango dela».

«Behin betiko aurreproiektuan sindikatuon aldarrikapenak jasoko ez balira, egin ditugun greba eta mobilizazioak baloratuko ditugu eta etorriko den Legebiltzarreko izapidetzan zehar, hurrengo mobilizazio dinamika definituko dugu», ohartarazi dute sindikatuek. «Betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak dituen Hezkuntza Legea» aldarrikatu dute.