Manex Altuna

Jon Cabo, Berenguerren hutsunea betetzeko

Erasoko futbolari nafarrak gola egin zuen Chivas taldearen kontrako garaipenean, baina ez du taldekideekin batera entrenatu aste honetan zehar. Valverdek Bilbao Athleticetik igo du Jon Cabo hegaleko jokalaria eta Burgosen aurkako lagunartekorako deialdian sartu da.

Jon Cabo Bilbao Athleticek azken jardunaldian galdutako partidan.
Jon Cabo Bilbao Athleticek azken jardunaldian galdutako partidan. (@AthleticClub)

Athleticek adiskidantzazko hirugarren partida jokatuko du ostegun iluntzean Burgosen 19.30etatik aurrera. Ehungarren urteurren festa izango da eta Ernesto Valverdek 21 jokalari eramango ditu. Jon Cabo da berritasun nagusia deialdian eta Berenguer ordezkatuko du.

Bilbon jaioa da eta 22 urte ditu. Hegalean jokatzen du, ezkerretik zein eskumatik, baina barrutik ere erabili izan dute Bilbao Athleticen. Azken denboraldian erdiko aurrelari bezala zelairatu izan du Bingen Arostegik. Entrenatzaile berria den Alex Pallaresek ere posizio ezberdinetan erabili du. Bere hirugarren denboraldia da Athleticen bigarren taldean eta arrazoi ezberdinengatik ez du hamaikakoetan egonkortzea lortu. Lehoikumeak ere ez dabiltza batere fin azken denboraldietan. Iaz kostata lortu zuten maila mantentzea eta aurten sailkapenaren zuloan daude Lehen Maila Federazioan.

Hala ere, jokalari trebea da eta golak egiteko erraztasuna dauka. Batez ere, jaurtiketen bitartez. Aurten bi gol egin ditu 13 partidetan. Horietatik bost aldiz bakarrik aritu da hasieratik. Iaz ere bi gol egin zituen 20 norgehiagoketan eta Joseba Etxeberriarekin 5 lortu zituen. Basconian eta gaztetxoetan ere golak sartu izan ditu. Alebinetatik dago Lezamako harrobian eta lehen aldia da goiko taldean aritzeko deitzen dutena.

Berenguerrek ez du aste honetako lan saioetan parte hartu eta Cabok bete du bere hutsunea asteazken hontako entrenamenduan. Hegaleko jokalarien faltan dago lehen taldea une honetan.

Zazpi zenbakia soinean daraman nafarrak gola egin zuen igandean Chivasen kontrako norgehiagokan eta ez dirudi ezer larria daukanik. Klubak ez du mediku txostenik argitaratu. Bestalde, Ander Herrera eta Mikel Balenziaga lesionaturik daude eta deialditik kanpo geratu dira.

Hauek dira Burgosen kontrako partidarako deialdian sartu diren jokalariak: Agirrezabala eta Iru atezainak; Vivian, Iñigo Martinez, Yeray eta Paredes erdiko atzelariak; De Marcos, Lekue, Capa eta Yuri atzeko lerroaren hegaletan jokatzeko; Vesga, Dani García, Vencedor eta Zarraga zelai erdirako; eta erasoko postuetarako Sancet, Muniain, Guruzeta, Villalibre, Raul Garcia, Morcillo eta Jon Cabo.

Unai Simon eta Nico Williams bueltan

 

Munduko txapelketan parte hartu ostean Lezamara itzuli dira Athleticeko jokalari guztiak. Gaur goizean egin duten lehen entrenamendua Unai Simonek eta Nico Williamsek. Asteartean bueltatu zen Iñaki eta dagoeneko plantillla osoa prest dauka lehiaketa berriro hasten denerako. Simonek eta Williams anaiek gimnasioan egin dituzte lehen lan saioak eta ez dira Burgosen kontrako partidan izango.

Larunbatean denboraldi-aurre labur honetako azken partida jokatuko dute zuri-gorriek Italian Udineseren aurka eta ikusteke dago Qatarren izan diren hiru jokalariek parte hartuko duten.

Lehen partida ofiziala hurrengo asteartean, abenduak 20, izango da Las Llanasen Sestao River taldearen aurka. Kopako bigarren kanporaketa jokatuko dute zuri-gorriek eta 29an Betisen zelaian arituko dira. Ezkerraldeko taldea gaindituko balute urtarrila hasieran Kopako beste partida bat izango da eta 9an, astelehena, Osasunaren aurka neurtuko dituzte indarrak San Mamesen. Urtarrilaren 14an, larunbata, beste derbi bat egongo da Anoetan.