NAIZ

Martial Ehouman migratzailearen auzia konpontzeko bidean egon daiteke

2020ko martxoaz geroztik Ipar Euskal Herrian bizi den Martial Ehoumanen auzia konpontzeko bidean egon daitekeela iradoki dute elkartasun taldeek. Hala, Boli Kostako gaztea kanporatzeko arriskuaz ohartarazteko asteazken arratsalde honetarako Baionan deituriko manifestazioa bertan behera utzi dute.

Martial Ehouman gaztea, bere abokatuarekin batera, Baionan eginiko agerraldian.
Martial Ehouman gaztea, bere abokatuarekin batera, Baionan eginiko agerraldian. (Guillaume FAUVEAU)

2020ko martxoaz geroztik Ipar Euskal Herrian bizi den Martial Ehouman gazte migratzailearen auzia konpontzeko bidean egon daitekeela uste dute elkartasun taldeek.

Boli Kostako gaztea Gaueko Mahaia zerbitzuan laguntzaile gisa aritzen da eta bere aurkako kanporatze agindua betetzeko zorian zelarik kasua salatzeko agerraldia egin zuten aipaturiko zerbitzuko kideek, beste hainbat elkartasun taldeen sostenguz.

Finean, Paueko Prefeturak bertan behera utzi du gaztearen aurka agindutako OQTF delakoa.

Frantziar lurraldetik ateratzeko agindu administratibo hori ostegun honetan, abenduak 15, betetzeko zen, baina finean gazte migratzailea bere herrialdera bueltan eraman behar zuen hegaldia bertan behera utzi dute frantses agintariek.

Hainbat elkartek gutuna igorri zuten Paueko Prefeturara agindu hori bertan behera uztea galdegiteko.

Bestalde, beste hainbat hautetsiren sostenguz Baionako auzapezak, Jean-Rene Etchegarayk, gaztea hirian guztiz sustraitua dela azalduz mezua igorri zion prefetari, bide batez gazteari dagokion dosierra berriz ere aztertzea eskatuz.

Asteazken arratsalde honetan Baionan egiteko zen manifestazioa bertan behera uztea deliberatu dute azkenean antolatzaileek.

Alde batetik, lurraldetik ateratzeko agindua bertan behera gelditu denez, gaztearen egoera lasaitu delako, eta bestetik «hainbat informazio jaso ditugulako eramaten gaituztela pentsatzera Martialek hemendik gutxira erregularizazioa jasoko duela».

Martial Ehoumanen ezaguna da oso Baionan, hiriko hainbat elkartetan laguntzaile gisara jarduten duelako.

Horrendako bere egoeraren berri jaso bezain pronto elkartasun mugimendua antolatu zen.

Hala, berarekin batera egunero otordu beroak banatzen dituzte Gaueko Mahaiaren bertze laguntzaileek ostegun bitartean haien lanari uko egitea deliberatu zuten, Boli Kostako gaztearekin elkartasunean.