NAIZ

Euskararen ofizialtasunaren aldeko kanpaina hasi dute Nafarroan

Abenduaren 15 honetan, Nafarroan euskararen ofizialtasuna zatitu zen egunean, ofizialtasunaren alde ekingo diotela iragarri dute Euskararen Nafar Kontseiluak eta bertze hainbat eragilek. Izan ere, hizkuntza justizia, kohesioa eta berdintasuna gauzatzeko aukera bakarra ikusten dute: ofizialtasuna.

Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusi berria, bazkideen ordezkariekin batera, ostegun honetan Iruñean.
Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusi berria, bazkideen ordezkariekin batera, ostegun honetan Iruñean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Nafarroako Euskararen Legeak 36 urte betetzen ditu abenduaren 15 honetan. Eta data hau baliatu dute Euskararen Nafar Kontseiluak eta bertze eragile ugarik ofizialtasunaren aldeko kanpaina bat abiatzeko.

Lege horrek euskaldunak zokoratzen dituela eta herritarren arteko berdintasuna apurtzen duela oroitu dute Iruñean egindako agerraldian. «Beste eskubideetan ez bezala, hizkuntza eskubideetan herritarrei bizi diren herriaren arabera aitortzen zaizkie eskubideok. Udalerri batean bizitzeagatik, haurrak ezin dira herriko eskolan euskarazko ereduan matrikulatu. Herri jakin batean bizitzeagatik, medikuaren edo administrazioaren aurrean ezin dira euskaraz artatuak izan, edota tramiteak euskaraz egiteko amaigabeko oztopoak eta ezintasunak jasaten dituzte».

«Sinestezina» dela erranen lukete, ez balitz 36 urtez «bidegabekeria» hori indarrean egonen.

2016an, idazluma eman zioten Nafarroako Parlamentuko presidenteari Euskararen Lege berri bat idatz zezaten, berdintasunaren, kohesioaren eta justizia sozialaren alde. «Tamalez, ez da halakorik gertatu».

Azkenaldiko erabakiekin kezkatuta

Azken boladan hartzen ari diren zenbait erabakik zinez kezkatzen dituztela adierazi dute, «tartean, Nafarroan berezkoak ez diren hizkuntzei, berezkoa den euskarari baino prestigio handiagoa emateak. Milaka nafarren bizi hizkuntzaren aurretik eta gainetik jartzeak alemana, ingelesa eta frantsesa. Kontua da duela 36 urte onartu zen legeak ahalbidetzen dituela horrelako neurriak».

«Inoiz baino beharrezkoagoa» ikusten dute hizkuntza justizia, kohesioa eta berdintasuna erdigunera ekartzea, eta badakite «hiru justizia mota horiek errealitate bihurtzeko aukera bakarra dagoela: ofizialtasuna».

Euskararen Nafar Kontseiluak euskararen ofizialtasunaren gaineko adierazpena onartu zuen joan den irailean. Horren bidez, Nafarroako Gobernua deitzen dute euskara herrialde osoan ofiziala izan dadin euskarari buruzko foru legea lehenbailehen aldatzera. «Herritar euskaldunen legezko baztertzea amai dadin eta herritar euskaldunen hizkuntza eskubideak bete daitezen, herritar erdaldunenak betetzen diren bezalaxe, jakinki erabaki hori nafar guzti-guztientzat onuragarria izanen dela».

Harrera ona

Euskararen Nafar Kontseiluan prentsaurrekoan bildu diren hainbat eragilek hartzen dute parte. Eta uste dute beharrezkoa dela euskalgintzako gainerako eragileen konplizitatea ez ezik, bertzelako eragileena ere eraikitzea, «ofizialtasunaren alde egitea justiziaren alde egitea baita».

Datozen asteetan, Nafarroa osoko askotariko eragileek adierazpenarekin bat egin dezaten lan eginen dute. «Egia esan, aurreko egunotan ekin diogu lanketari, eta harrituta gaude izandako harrera onarekin. Gero eta herritar zein eragile gehiago ohartzen ari dira badela garaia herritarrak bereizkeriaz tratatzen dituen legea bertan behera uzteko, eta eskubide berdintasunean oinarritutako lege berri bat onartzeko», azpimarratu dute.

Euskalgintzako hainbat eragileren atxikimendua jaso dute jada: Nafarroako Ikastolak, Sortzen elkartea, Nafarroa osoko AEK eta IKA euskaltegiak, EMUN, Topagunea, Euskal Herrian Euskaraz, Hizkuntz Eskubideen Behatokia... Baita euskalgintzaz kanpoko eragile aunitzena ere: Altaffayla Fundazioa, Colectivo El Salvador Elkartasuna, EHGAM, Igela Argitaletxea, Irrintzi Peña, Gizakia Herritar Fundazioa-Paris 365, Peña La Cueva-Lezea, Nafarroa Kirol Elkartea, Ondalan Elkarte mikrokooperatiba eta Nafar Ateneoa, besteak beste.

Adierazpenari atxikimendua eman nahi diotenek nafarroa@kontseilua.eus posta elektronikora idatzi behar dute.