Higizienen gaineko espekulazioa salatzea xede duen Okupazio Sare Tematsua Irabazi Arte (Ostia) sareak ekintza berri bat egin du gaur Kanboko Marienia eremuan eraikitzekotan diren egitasmoa arbuiatzeko.
Laborantza lurrak baliatuz 94 etxebizitza eraiki nahi du Bouygues taldeak Marienia izeneko eremuan, Kanboko Herriko Etxearen onesperarekin.
Ostia kolektiboko hogei bat kide bulegoan sartu dira, larunbat goiz honetan, eta bertan ikusgai duten proiektuaren maketa lurraz eta lastoz bete dute. Era horretan egitasmoa lurperatu dutem sinbolikoki.
Behin maketan agertzen zire etxetxoak estali dituztelarik, lurra arrosatu eta gainean kabalen panpintxoak ezarri dituzte, Marieniako lurrak laborantza jarduerarentzat aldarrikatuz
'Marienia Ez Hunki!' lelopean burutu dute ekintzaileek gaurko protesta.
Higizienen egitasmoa arbuiatzen duten taldeak izen bereko plataformaren baitan biltzen dira. Hainbat mobilizazio egin dituzte azken hilebetetan, berdin martxak zein okupazioak, egitasmoa salatzeko.
Bestalde Paueko Auzitegi Administratibora eraman du udal oposizioak proiektuaren salaketa. 'Marienia ez Hunki!' plataformak salatu duenez etxebizitzak egiteko erabili nahi duten 4 hektareako lur eremua laborantza jarduerak garatzeko balio handikoa da.
Besteak beste Ezpeletako Piperraren Sindikatuak aldarrikapen hori babestu du. Egun kabalentzat baliatzen dira, hain zuzen, Marieniako lurrak.
«Lanak blokeatuko ditugu»
Gaur Angelun egin duten ekintza «Marienia ez eraikitzeko abisua izan dela» adierazi du ekintzaile batek. «Baldin eta egun batez Bouyguesek Marienian obrak hasten baditu, gaur maketarekin egin duguna egingo dugu xantierrean», oharrazi du.
Ardi baten aurpegiaren maska zeraman ekintzaileak ekintzaren berri ematera bertaraturiko kazetarien aurrean gaineratu duenez, «portana botatzen badute Marienian guk lurra ezarriko dugu, eta proiektu horrekin tematzen badira, guk lanak blokeatuko dutugu, xantierra oztopatuz».
«Arbona ondoren, Kanboko lurrak defendatzen ditugu, betoinaren uhin horrekin behar dugulako kosta ala kosta amaitu», gaineratu du Ostia sareak, kostatik barnealderat hedatu den higizinen garapen amaigabe horrekin «bakarrik espekulatzaileek irabazten dutela» oharrarazi duela.
Aurreneko mobilizazioak
Marienia Ez Hunki kolektiboak luzaturiko deiari jarraituz milatik gora herritar bildu ziren iragan apirilaren 23an Kanbon antolaturiko manifestazioan. Elkarteek borroka segitzeko beharra nabarmendu dute oraingoan eta herritarrei dei egin diete mobilizatzen jarraitzeko.
Bestalde, iragan urriaren 21etik 23ra Marieniako laborantza lurren okupazioa egin zuten plataformako kideek.