Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ
Entrevista
Ane Barandiaran
Softbol jokalaria

«Lehen Liga irabazi aurretik, sei play-off galdu behar izan nituen»

Ane Barandiaranek Liga eta Kopa irabazi ditu Madrileko Rivasekin. Ez dira bere lehen garaikurrak, baina 11 hilabetez min hartuta egon ostean, zelaira itzuli da. Eskuin bizepsean lesio larria izan zuen eta, berriro jokatu ezingo zuela esan bazioten ere, Estatuko jaurtitzaile onenetarikoa da.

Ane Barandiaran.
Ane Barandiaran. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Bere opor garaian harrapatu dugu Ane Barandiaran (Ordizia, 1992), softbol txapelketa nagusiko Liga eta Kopa irabazi berritan. Madrilgo Rivasen dago 2021etik, Sant Boin urtebetez aritu ostean. Aurretik, Ordizian, Orioko Bate Bizkorraken eta Atletico San Sebastianen jokatu zuen, talde donostiarrarekin loria ukituz –hiru Liga, Kopa bat eta Europako txapelketa–. Denboraldi zaila izan du, lesio larri batetik zetorren eta inoiz gertatu ez zaiona barneratu behar izan du: asteburuko partida bietan aulkian egotea, ez jokatzea. «15 urte daramatzat jokatzen, eta egon naizen talde bakoitzean jaurtitzaile titularra izan naiz. Orain, ez da ez naizela lehendabiziko pitcherra, batzuetan ez naiz ezta bigarrena ere». Talde txapelduna da Rivas, 2019tik –Atletico San Sebastian desagertu zenetik– liga guztiak eskuratu ditu. Lesio larri baten errekuperazioaz, kudeaketa mentalaz, euskal sofbolaren egoeraz eta bere hurrengo erronkez mintzatu da ordiziarra NAIZekin.

Aurten Liga eta Kopa irabazi dituzu, ez da lehen aldia. Zerk egiten du berezi aurtengo garaikurrak?

Niretzat irabaztea beti da berezia, ze lehendabiziko liga irabazteko, sei play-off galdu nituen. Rivasen, aurreneko taldearekin jokatzera igotzen diren 17-18 urtekoek hiru urte daramatzate ligan txapeldunak izaten. Niretzat pena bat da. Dago beste jokalari bat, talde batetik bestera ibili eta urte guztietan ligak irabazi dituena. Atletico San Sebastianen, 2018an, bere lehen urtea Ohorezko Mailan, liga eta kopa irabazi zituen; 2019an, Rivasera joan zen eta berdin; 2020an, berdin; 2021ean liga irabazi eta aurten berriro biak.

Galtzea beharrezkoa da?

Bai, nik pila bat ikasi dut. Ni hamazazpi urterekin jarri nintzen jaurtitzen lehendabiziko aldiz Ohorezko Mailako final batean. Viladecans-ek zeukan estatubatuar bat eta Oriok zeukan hamazazpi urteko ordiziar bat. Nik liga bat irabazteko sei play-off galdu ditut. Lehendabiziko aldiz irabazi nuenean asko baloratu nuen.

Eta aurten?

Aurten ilusioa egin dit, baina ez da inoiz izango lehena bezalakorik. Aurrenekoa ez dut bizi osoan ahaztuko, hiru partidak jarraian irabazi genituen, Sant Boiren aurka.

Asko esaten du, lesio hain larri baten ostean, Rivasek zurekin kontatu izana.

Bai, Rivasen berritu ninduten oraindik kirol alta eduki gabe, eta nire entrenatzaileak beti esaten dit bertan erretiratzen ikusi nahi nauela. Nik aurten errespetatu dut prozesu baten nengoela, lesio gogor bat izan dudala eta, batez ere, ezin zaidala ahaztu esan zidatela ezingo nuela berriro jokatu operazioaren ondoren. Bada, tira...  Ni burugogorra naiz eta medikuei kasu asko egiten diet, baina saiatzeko prest nengoen. Ebakuntzaren ostean sekulako mina izan nuen, baina gero hasi nintzen Jokin Mujikaren zentrora joaten, izugarrizko planifikazioa egin zidan, entrenamendu etapak bezala jarri zizkidan, biomekanikoki ikasi egin zituen pitcherraren mugimenduak... Egundoko lana egin zuen. Nik segurotik neukan ebakuntza eta ebakuntza osteko errehabilitazioa, baina jokatu nahi banuen nire kabuz bilatu behar nuen erremedioa. Jokinek %80ko meritua dauka ni orain nagoen moduan egoteko.

Hiru jaurtitzaile Rivasen, fitxaketa asko. Taldearen helburu bakarra tituluak irabaztea izango zen.

Bai, noski, halako jendea ekartzen duzunean taldera horretarako da. Eta entrenatzailearen mezua ere hori zen, irabazteko behar zuena ekarriko zuela.

Eta hori ona al da?

Kudeatzeko moduaren arabera. Nik beste izateko modu bat izango banu, ez luke funtzionatuko. Ni 30 urterekin, suposatzen dela zure adinik onenean zaudela kirola egiteko, batu dudan esperientziagatik, asteburu bat joan Madrilera eta jokatu gabe egotea, ezer ere ez, ez zait bizitzan gertatu. 17 urterekin ez zitzaidan gertuta, ezta 20rekin ere, eta 30ekin gertatu zait. Aulkian asteburu osoa. Kudeatzeko oso zaila zen eta entrenatzailearekin asko hitz egin dut. Berak hasieratik neurtu egin nahi izan zidan, ea besoa nola neukan. Eta eskertzen diot, imajinatu hasten naizela jokatzen normal martxoan eta bat-batean maiatzean ezin jokatuta egotea minarengatik. Urtea luzea zen, eta horrela neurtzea eskertzen dut. Baina beste era batera pentsatuta, gogorra izan zitekeen. Selekzioko kideek, adibidez, esaten zidaten aulkian ikusten nindutela eta ez zutela sinesten.

«Konfiantza asko izan dut niregan, nire buruarekin segurtasuna nuelako. Bat-batean, ebakuntza bat, talde berri batean, berriro jokatzen hasi eta zelaian txiki egiten nintzen...»

Orain perspektibatik esaten duzu, bi txapelketa irabazi ostean. Unean, asteburu osoa aulkian egonda, nola itzultzen zinen Ordiziara?

Ba hasieran izan zen pentsatzea «uf, zein gogorra izango den». Eta segituan ohartu nintzen kudeatu beharra neukala, ze mentalki ez nengoen hain indartsu. Konfiantza asko izan dut niregan, jokatzen nagoela prepotente itxura ere hartu izan didate, nire buruarekin segurtasuna nuelako, autoestimu handiarekin jokatzen nuen. Hau batez ere gertatu izan zait, emaitza onak lortu izateaz aparte, beti egon naizelako oso baloratua izan naizen taldeetan. Jokalarien konfiantza nabaritu egiten da. Bat-batean, ebakuntza bat, talde berri batean, berriro jokatzen hasi eta zelaian txiki egiten nintzen...

Beldurra, agian?

Ez dut sekula izan beldurra berriro min hartzeko. Baina oso exijentea naiz nire buruarekin, oso perfekzionista. Alde batetik, hemisferio bat neukan pentsatzen, «bueno Ane, hau gertatu zaizu, poliki-poliki, prozesu bat da...»; baina beste hemisferioarekin gertatzen zitzaidana zen, jokatzen hasten nintzenean, lehen bezala jokatu nahi nuela, lehengo mailan... Ez nintzen lehengo abiaduran jaurtitzen ari, ez neukan lehengo kontrola, efektuak ez nituen lortzen lehen bezala... 11 hilabete egon nintzen jokatu gabe. Haustura izan zen garbia, eta oraindik ere ondo gogoratzen dut zer sentitu nuen. Sentitu nuen belar txarrak hartzen dituzunean egiten duen “krak” hori, ba horrelakoxea. Ez nuen sentitu puskatu egin zela zerbait, zarrastada moduko bat izan zen. Eta barrutik, igogailu bat izango balitz bezala, bizepsa gorantz, eta sekulako mina mugimenduaren arabera. Horregatik, bai sentitu nuen beldurra. Selekzioko bigarren entrenatzaileak ohartarazi zidan burua oso garrantzitsua zela eta saiatu behar nuela egiten besoko lesio hori inoiz gertatu izan ez balitz bezala.

Zaila da hori. Lortu al duzu?

Bai, nik jokatzen dut normal. Ez daukat molestiarik, ez daukat ezer. Prozesu bat izan da. Bukatu dut denboraldia Kopako partida bat osorik jokatzen, zazpi sarrerakoa, eta ongi. Bukatutakoan, izotza jartzen dut badaezpada. Egia da gauetan adineko emakume baten errutinak ditudala (barrezka). Kremak ematen ditut, masajeak ematen dituen tramankulu bat daukat bizepsean tentsioa kentzeko...

Argi dago zure bizitza osoa dela softbola, eguna hastetik bukatzeraino. Profesionala izan zara azken urteetan?

Bai. Atletico San Sebastianen ez nuen kobratzen jokatzeagatik, selekzioan soilik. Gero Sant Boin bai eta Rivasen ere bai. Baina, esate baterako, Sant Boin, igandean Madrilen jokatu behar badute, autobusean sartzen dira larunbat gauerdian, iristen dira, jokatzen dute eta joan egiten dira. Guk Atleticon jokatzen genuenean, larunbatean joaten ginen, lasai-lasai, afaltzen genuen han, hotelean lo egiten genuen eta hurrengo egunean jokatu. Askotan ez da zenbat diru dagoen, baizik eta nola kudeatzen den. Atleticon bost denboraldi jokatu nituen eta ez dut euro bat jarri jateko, beti ordainduta zegoen, hoteletan geratu izan gara...

Orduan etxean zeunden eta agian beste modu batera baloratzen da.

Bai. Orain Madrilera oso pozik joaten naiz, baina gogorra egiten zait. Bi astean behin. Niretzat orain partida guztiak dira kanpoan jokatzea bezalakoxeak, baita etxekoak ere. Orion jokatu nuenean, esaterako, bai izan zen etxean jokatzea bezalakoa.

Eta aurten pozik sentitu zara?

Hasieran, ez dakit zer gertatzen zitzaion nire buruari; partida bukatzen zen eta, nahiz eta ondo joan –ondo joan zait urte guztian zehar–, negar egiten nuela. Automatikoa zen. Frustrazioa. Ez zitzaidan gustatzen... Iritsi zen momentu bat entrenatzaileari esaten niola sufritzen nengoela, ez nintzela disfrutatzen ari. Mina ote nuen galdetzen zidan, baina ez neukan minik. Maiatzaren bukaeran utzi nion partida amaieran negar egiteari, Espainiar selekzioarekin jokaturiko txapelketan.

Nola ikusten duzu sofbolaren egoera Euskal Herrian? Hurrengo urtean, zelai bat bilatzen badu, Izaga talde nafarra ere Ohorezko Mailan egongo da, Orioko Bate Bizkorrak taldearekin batera.

Harrobiari dagokionez, Orio lan oso ona egiten ari da. Nik urrezko aroa bizi izan dut eta hori errepikatzea ezinezkoa da, argi daukat. Ni jokatzen hasi nintzenean 12 talde geunden eta horra ez dugu sekula itzuli behar. Atletico San Sebastian bezalako talde bat? Oxala. Baina badakizu zer gertatzen den? Dirua behar dela, laguntzak... Jendeak komentatu izan dit haurrekin hasteko entrenatzen Ordizian, baina nondik hasi? Oso sakrifikatua da, niri merezi izan dit. 16 urterekin Beasaingo jairik gabe geratu naiz, Ordizikoak, Lazkaokoak... Gaurtik begiratuta, konpentsatu dit hori galtzeak; Olinpiar Jokoetarako aurre-kanporaketan egon naiz, Europako txapelketak jokatu ditut, gustatzen zaidan zerbaitetik bizi naiz. Baina nik ezin dut hartu 12 urteko ume bat eta esan hau lortuko duela, bizitza aldatuko diodala... Agian ez. Nire ahizpak utzi egin zuen unibertsitatean hasi zenean, ze aste osoa kanpoan zegoen, Bilbon, eta asteburuan hona etortzen zenean familiarekin eta lagunekin egon nahi zuen, igandean berriro Bilbora itzultzeko. Ez zuen nahi Bartzelonara joan softbolen jokatzera eta hortik zuzenean Bilbora joatea. Oso sakrifikatua da.

«Selekzioekin Munduko txapelketa dago, eta 2024an Europako txapelketa. Bista hor jarrita daukat, horra iristea, eta gero ikusiko dugu»

Kirol olinpikoa izan da Tokion. Parisen, ordea, ez da izango. Nola aldatzen da panorama softbola olinpikoa denean?

Tokio iritsi arte, azkenekoz olinpikoa 2008an izan zen, Beijingen. Nik orduan 16 urte neuzkan, jubenil mailako Espainiako selekzioan jokatzen nuen, baina kadetea nintzen.  Hor ikusi nuen eta pentsatzen nuen urte batzuen buruan han egon nintekeela, baina ez. Ordutik, Tokion izan da olinpikoa soilik, eta Europa eta Afrikaren artean borrokatu behar zen azken txartela. Italiak irabazi zuen. Aurre-kanporaketara iriste hutsa asko izan zen, hori ere zaila zelako. Hurrengoa Los Angelesen izango da, 2028an, baina Espainiako selekzioa ez da sekula iritsiko.

Zein dira zure hurrengo erronkak?

Rivasen jarraitzen dut. Liga irabazteagatik Europako txapelketa jokatuko dugu, selekzioen arteko Munduko txapelketa dago, eta Europako txapelketa 2024an. Bista hor jarrita daukat, horra iristea, eta gero ikusiko dugu.