Mikel Aginagalde

Eñaut Gallastegi: «Bilboko azokan oso ondo saltzen da»

Mallabiko gaztagileak eskaera zuzena egin die herritarrei eta erakundeei uler dezaten «gu ez garela joaten giroa ipintzeko bakarrik; gu horretatik bizi gara eta azoka ezinbestekoa dugu gure jarduna aurrera eramateko».

Eñaut Gallastegi eta bere ama, Mallabiko Onandi baserriko artaldearekin.
Eñaut Gallastegi eta bere ama, Mallabiko Onandi baserriko artaldearekin. (NAIZ)

Eñaut Gallastegi mallabitar gaztea duela hamabost bat urte hasi zen beharrean gaztagintzaren sektorean. Bizkaiko herri horretako Goitia auzoko Onandi baserrian ekin zion zereginari, zerotik hasita kasik, bere amarekin elkarlan estuan. Gaur egun kalitate handiko Idiazabal ardi gazta naturala ekoizten dute, ondoren etxetik bertatik banatzeko edo inguruko denda txikietan saltzeko. Gaur bertan izango den Bilboko San Tomas azoka erakusleiho eta aukera paregabea izan ohi da euren produktua ezagutzera eman eta bezeroak fidelizatzeko. Aurten, ordea, urtean zehar ekoitzitako gaztaren zati handiena saldua dute dagoeneko, eta ez zekiten ziur Bizkaiko hiriburuan egingo den azoka handian parte hartu ala ez.

«Gazta krematsua, leuna, biguna eta zapore onekoa», horiek dira, Gallastegiren arabera, Onandi baserrian ekoitzitako gaztaren berezitasun nagusiak. Baserrikoa eta gertukoa dira gehitu beharreko beste bi ezaugarri. Izan ere, Onandi gazta kariño handiz egiten saiatzen dira ama-semeak, bezeroak etxean egindako produktu hori gogoz dastatu eta goza dezan. Horretarako ezinbestekoa da kalitate goreneko lehengaiak izatea. «Gazta on bat egiteko ezinbestekoa da ardien elikadura ondo zaintzea», dio Gallastegik.

Gaztagintzaren munduan lehen urratsak egin zituztenetik hona lortutako emaitzak era positiboan baloratzen ditu Gallastegik. Aurten, esan bezala, ekoitzitako gaztarik gehienak saldu egin dituzte dagoeneko. Hori dela-eta, azken unera arte ez dute erabaki aurtengo San Tomas egunean postua jarri ala ez. Eñaut Gallastegik, hala ere, argi dio abenduaren 21eko Bilboko azokan parte hartzea funtsezkoa dela nekazari eta abeltzainentzat; izan ere, ekitaldi horretan saltzen dute euren produktuen kopuru esanguratsu bat. «Gure urteko soldata, hein handi batean, abenduko azokan saltzen dugunetik ateratzen dugu», dio.

Zentzu horretan, Gallastegik nabarmendu nahi du eurak San Tomas azokara saltzera joaten direla nagusiki, beste edozein arrazoiren gainetik: «Nire ustez Bilboko azokak beste inongo azokak baino hobeto funtzionatzen du, eta oso ondo saltzen da bertan». Hala, Gallastegiren arabera, «jendeak eta administrazio publikoak ulertu behar dute gu ez garela hara joaten giroa ipintzeko bakarrik; gu horretatik bizi gara eta ezinbestekoa dugu ekonomikoki gure jarduna aurrera eramateko».

Aurten Bilboko Udalak erabaki du baserritarrek jarri ohi dituzten postuak Bilboko Plaza Barritik Areatzara mugitzea, eta horrek ekoizleen desadostasuna eta haserrea eragin du. Gallastegik dio eurek urte luzeetan zehar Plaza Barriko leku finko batean izan dutela postua jartzeko aukera, baina egungo aldaketak zein ondorio izango duen ez du argi: «Orain arte bezeroak bazekien gu non kokatuta ginen, eta hori onura zen guretzat; orain, aldiz, ziurgabetasuna dugu jendea lehen beste gerturatuko ote zaigun ala ez».

Errelebo falta

Bestalde, euskal gaztagintzaren etorkizuna lauso ikusten du Gallastegik. Haren hitzetan, «gutxi dira gaur egun gure sektorera hurbiltzen diren gazteak. Bizkaian oso gaztagile gutxi gara, eta are gutxiago gure adinekoak. Bertako mankomunitateak ahaleginak egin ditu gazteak sektorera erakartzeko, baina ez da helburua lortu. Nire ustez, gainera, horrela jokatzea akatsa da. Zauri bat ezin da kanpotik barrura sendatu, barrutik kanpora baizik. Lehenengo, egoera larrian dagoen sektorea biziberritu egin behar da, gerora gazteak erakarri ahal izateko».

Abeltzainak eta lehen sektorea, oro har, egoera larrian egonda ere, Gallastegik uste du gaztagileak direla artzaingoaren baitan sektoreari eusten diotenak. Eurak dira, beraz, ogibide tradizional horren oraina eta etorkizuna.