NAIZ

Etxebizitza sozialen alokatzaileak ordezkatzeko gehiengoa ez errespetatzea gaitzetsi du Aldak

Habitat Sud Atlanticen (HSA) erabakien bide beretik joz, Aldako ordezkariak baztertzea erabaki du astearte honetan egin duen Administrazio Kontseiluan Etxebizitzarako Office 64 egiturak. Etxebizitza sozialetan bizi diren herritarren borondatea errespetatu ez izana arbuiatu du elkarteak.

Aldako hainbat kide Office 64 egiturak Baionan duen egoitzan sartu dira astearte honetan..
Aldako hainbat kide Office 64 egiturak Baionan duen egoitzan sartu dira astearte honetan.. (@Alda_EH)

Habitat Sud Atlanticen (HSA) etxebizitzako egituraren erabakien ildo beretik joz, oraingoan ere Aldari bulegoan eta bizitegien adjudikazio batzordean (CALEOL) ukan behar zituen jarlekuak ukatu dizkiote Office 64 egituran baita ere.

Aldak etxebizitza sozialetan bizi diren herritarrei egokitutako hauteskundeetan bozen %39,14arekin irabazi bazuen ere, Office 64ko Administrazio Kontseiluak jarlekuak CLCV eta AFOCen zerrendetako ordezkariei ematea erabaki du.

Lehenak bozen %17,05 eta bigarrenak %9,77 ordezkatzen du.

Aldak urgentziazko agerraldi baten bidez ohartarazi du egoera ez duela onartuko eta etxebizitza sozialak zein hauteskundeak errespetatuak izan daitezen borrokatuko duela.

Office 64 egiturak Baionan duen egoitzan sartu dira elkartearen hainbat kide egoera hedabideen aurrean salatzeko xedearekin.

Aldako lehendakarikide den Ainize Butronek nabarmendu duenez, «Aldak ez du inolaz ere horretan gelditzeko asmorik eta borrokatuko du HLM hautesleen boza, haien iritzi eta interesekin oro har bezala, azkenik kontuan hartua izan dadin eta HSAk eta Office 64k errespeta dezaten». Gaineratu duenez, «2023 urtea beroa izanen da».

«Demokrazia ukapen onartezinaren parean gira» azaldu du badira urte pare bat sortu zen elkarteak, «joan den abenduaren 6an bozkatu zuten etxebizitza sozialen alokatzaileen gehiengoak argi eta garbi adieraziriko borondatea ez onartzea» deitoratuz.

Emaitzei bizkarra emanez

Alda lehen adiz aurkeztu da alokatzaileak ordezkatzeko hauteskundeetara. Hala eta guztiz ere hilaren 5ean amaitu zen bozketan gehiengoa lortu zuen Aldak.

Bozen %52,76 eskuraturik, bost hautetsitatik hiru lortu zituen Baionako elkarteak HSA egituran. Alabaina, etxebizitza sozialen ordezkatzeko Aldaren hautetsiak ez sartzeko erabakia hartu zuten administrazio kontseiluko hautetsien hilaren 15ean eginiko administrazio kontseiluan.

Habitat Sud Atlantic egiturako Kontseiluak Aldaren bi ordezkariak baztertu ondotik, Office64 egiturako Administrazio Kontseiluak ere elkartea baztertzeko hautua egin du gaur.