NAIZ

Gipuzkoako Arrain eta Itsaskien Handizkarien hitzarmen baterako aurre-akordioa lortu dute

Gipuzkoako Arrain eta Itsaski Fresko eta Izoztutako Handizkarien hitzarmenaren negoziazioan aurre-akordioa lortu du LABek. Langileen %72 baino gehiagoren babesa du. Testuan jasotzen da, besteren artean, eros-ahalmena bermatzea eta urteko lanaldia 1.721 ordutik 1.715era murriztea.

Gipuzkoako Arrain eta Itsaskien Handizkarien greba deitu zuteneko argazkia, azaroaren amaieran.
Gipuzkoako Arrain eta Itsaskien Handizkarien greba deitu zuteneko argazkia, azaroaren amaieran. (Maialen ANDRES | FOKU)

Gipuzkoako Arrain eta Itsaski Fresko eta Izoztutako Handizkarien hitzarmenaren negoziazioan aurre-akordioa lortu du LABek. CCOO sindikatuak ere bat egin du, beraz, langileen ordezkaritzaren %72 baino gehiagoren babesa du. ELA ez da batu, baina ez du beste proposamenik helarazi, LABek jakinarazi duenez.

Hala sinatu du, astearte honetan, langileen gehiengo zabalak aurre-akordioa. 2021 eta 2025 urteen arteko iraunaldia du, eta urte bakoitzean eros-ahalmena bermatzen du. Baita urteko lanaldia 1.721 ordutik 1.715era murriztea ere.

Jai-egun plusa sortzea ere jasotzen du. Honen bidez, langileek ordu arrunta baino bi aldiz gehiago kobratuko dute.

Aurre-akordioan zehazten denez, baldintzak betetzen dituen langileak eskubidea izango du errelebo-kontratua lortzeko; enpresak Gidatzeko Gaitasun Agiriaren gastuak bere gain hartuko ditu, eta aparteko orduen artikulua berriz idatziko da.

Esker ona eta zorionak

Aurre-akordioa langileek berretsi beharko dute hurrengo egunetan.

Hiru greba egun deitu zituzten ELA, LAB eta CCOOek abendu hasieran, langileen lan baldintzak hobetzeko. Abenduaren 1ean greba egin zuten, eta langile guztien lana nabarmendu, eskertu eta zoriondu du LABek. «Aurre-akordio hori grebalariek erakutsitako duintasunaren emaitza da. Beste behin, akordio onak borrokan lortzen direla erakutsi dute. Zorionak!», adierazi du.

Hurrengo greba egunak bertan behera utzi zituzten, patronalak hitzarmen bat lortzeko «aurrerapauso nabarmenak» eman zituelako, LABek iragarri zuenez.