NAIZ

Osakidetzako kontratazio politika aldatzea «premiaz» adosteko eskatu du EH Bilduk

EH Bilduk mozio bat aurkeztu du Gasteizko Legebiltzarrean Osasun Sailari zein Osakidetzari eskatzeko mahai sektorialean «premiaz» adostu ditzatela kontratazio politika aldatzeko eta osasun zerbitzu publikoak behar duen plantilla bermatzeko neurriak.

Rebeka Ubera, Donostia Ospitalearen atarian, artxiboko irudi batean.
Rebeka Ubera, Donostia Ospitalearen atarian, artxiboko irudi batean. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Ohar baten bitartez, Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak osasun sistema publikoan hartu beharreko erabakiak profesionalekin «partekatuak eta adostuak» izatearen garrantzia azpimarratu du; hori dela eta, langileen ordezkariekiko elkarrizketa eta negoziazioa berreskuratzeko eskatu dio Lakuako Osasun Sailari.

«Gotzone Sagardui sailburuak orain arteko gobernantza eredua aldatu eta autokritika egin behar du, eredu guztiz bertikala delako, erabakiak inposatu egiten dituena», nabarmendu du Uberak.

Halaber, Legebiltzarrean aurkeztutako mozioan jaso bezala, Ubera maila altuko eta ertaineko karguen izendapenak egiteko prozesuak aldatzearen alde agertu da, «prozesu horiek proiektuei zein ebaluazioei lotuta egon daitezen, hauteskundeen zikloetatik at, horrek gardentasun handiagoa emango liekeelako».

Azkenik, Osakidetzan hartzen diren erabakietan herritarren ikuspegia kontuan hartzea funtsezkoa delakoan, EH Bilduko legebiltzarkideak parte-hartze organoak, osasun kontseiluak kasu, abian jar daitezela eskatu du.