Eskoziako andreen selekzioak auzitegietara eraman nahi du federazioa dituzten baldintzengatik

Rachel Corsie selekzioko kapitainak nabarmendu du jokalariak hitz egitera «behartuta» sentitu direla, bi urtez Eskoziako Futbol Elkartearekin (SFA) akordiorik lortu ez dutelako. Eskakizun nagusia da partidak jokatzeagatik kuota bera ordaintzea gizonezkoen taldeari zein emakumezkoari.

Rachel Corsie Eskoziak eta Islandiak 2019an jokatutako partida batean
Rachel Corsie Eskoziak eta Islandiak 2019an jokatutako partida batean (Remko KOOL | EUROPA PRESS)

Giroa bero dago Eskozian. Emakumezkoen selekzioak auzitegietara eraman nahi du Eskoziako Futbol Elkartea (SFA) jokalarien soldatak eta lan baldintzak direla eta. Rachel Corsie selekzioko kapitaina buru duen taldeak irmoki adierazi du prest dagoela erronka judizial bat hasteko SFAaren aurka; haien ustez, desparekotasunak daudelako emakumeek eta gizonezkoek jasaten duten tratuan. Era berean, joan den astean Aston Villako jokalariak adierazi zuen selekzioko zenbait jokalarik «fisikoa ez den abusua» jasaten ari direla, eta «emozionalki akituta» daudela.

Eskoziako selekzioak emandako urratsa etorri da, neurri batean, AEBek mugarria ezarri ondoren iragan maiatzean. AEBetako Futbol Federazioak, eta AEBetako emakumeen selekzioko jokalarien elkarteak (USWNT) adostutakoak bide eman zuen emakumezkoen selekzioak eta gizonezkoenak primak erdi bana banatzea datozen Munduko Txapelketetan, eta neurketetan sarrera bidez lortutako irabaziak elkarbanatzea, bestak beste. Eskoziako jokalariek eskatzen dutena da neurketak jokatzeagatik kuota bera ordaintzea emakumezkoei zein gizonezkoei, Irlandako Futbol Elkarteak egiten duen modura, hain zuzen ere.

Aston Villako jokalariak, joan den astean "BBC Scotland" hedabideari jakinarazi zioenez, esan zuen Eskoziako selekzioko jokalariak hitz egitera «behartuta» sentitu direla, bi urtez SFAarekin akordiorik lortu ez dutelako. «Adibide ugari daude jokalariek sentitzen dutela baliabideak ez daudela egon behar duten tokian. Garrantzitsua da horrela ez jarraitzea», aldarrikatu zuen 33 urteko kapitainak.

Horrela ez jarraitzeko eskatzeaz gain, «aurrera egiteko» aldaketak nahi dituztela aldarrikatu zuen, eta horrez gain, kontua dela «futbolari profesional guztiei tratu bera ematea». Azken urteetan emakumezkoen selekzioak jasan duen «bidegabekeria, errespetu falta, eta kasu batzuetan gehiegikeria» salatu zuen kapitainak, eta adierazi aukera historikoa dutela soldata berdintasunean aurrera egiteko, eta futbolean emakumeen berdintasuna sustatzeko. «Kanpaina hau parekotasunari buruzkoa da, eta SFAarekin, zaleekin eta Eskoziako futbol komunitatearekin hitz egiten saiatuko gara berandu heltzen ari den aldaketa egiteko», aldarrikatu zuen Corsiek.

Fraser Wishart Eskoziako Futbolari Profesionalen Elkarteko (PFA) zuzendari exekutiboak Eskoziako andreen selekzioari eskua luzatu dio, eta haien eskubideen alde borrokatuko duela berretsi. «Emakumezkoen selekzioak gizonezkoek adina jaso behar dute? Gure ustez, legez hala izan beharko luke, eta lan auzitegian eztabaidatu behar den gai bat da».

Kapitainak "BBC Scotland" hedabidean egindako adierazpenen ondoren, egun batzuk geroago, SFAak ohar baten bitartez adierazi zuen «berdintasunak» izan behar duela «jokoaren garapenaren ardatza maila guztietan». Oharrean azpimarratu zuen «selekzioko jokalari bakar batek ere ez duela dirurik jasotzen, ez beren herrialdearekin jokatzeagatik, ezta agerraldi publikoak egiteagatik ere selekzioko ordezkari gisara».

Aldi berean, SFAak nabarmendu zuen nazioarteko ordezkaritza «beti pribilegiotzat» hartu behar dela, eta ez «lan baten gisara». Hori argudiatu zuen esanez 2017tik emakumezkoen eta gizonezkoen selekzioek eguneko tasa bat jasotzen dutela taldean daramaten denboran oinarrituta. Bestalde, federazioak adierazi zuen txapelketa garrantzitsuetan zenbat eta urrunago iritsi, orduan eta diru gehiago ematen dietela jokalariei, eta emakumezkoek eta gizonezkoek portzentaia berbera jasotzen dutela, txapelketaren antolatzaileak jarri duen diru kantitatearen arabera. Bukatzeko, SFAak esan zuen berdina ordaintzen dietela andreei zein gizonei selekzioko babesle ofizialen agerraldietan parte hartzeagatik.

Aurretik ere, borrokan

Ez da lehenengo aldia Corsiek ahotsa altxatzen duela emakumezkoen baldintzak gizonen modukoak izateko. Preseski, pasa den apirilean kapitainak salatu zuen emakumezkoen taldeak ez zituela gizonezkoek zituen baliabide berberak, SFAarekin tiketen salmentari buruzko liskar bat izan ostean. Corsiek eta selekzioko beste zenbait jokalari kexatu ziren Eskoziako estadio nazionalaren zati bat bakarrik zegoela irekita Espainiaren aurkako Munduko Kopako sailkapeneko neurketa baterako. SFAak, bere aldetik, jokalarien kexuei erantzunez, adierazi zuen sarreren salmenta ohi zuten moduan egin zutela; eskariaren arabera, multzoka salduz sarrerak.

Kapitainarekin bat eginez, Caroline Weir Eskoziako selekzioko izarrak, eta Real Madrileko jokalariak behin baino gehiagotan adierazi du beharrezkoa dela merkataritza akordioetatik datorren finantzaketa bidezkoagoa egitea: «Babesleekin egiten diren akordioen ordainketa gehienak gizonezkoen futbolera eta jokalariengana bideratzen dira. Modu ekitatiboan banatuko balira, emakumezkoen futbolaren finantzaketa izugarri handitzeaz gain, eraldatzailea ere izango litzateke».