NAIZ

Faboritoaren zama bizkar gainean hartzeko prest agertu dira finalistak

Ligaxkako onenak izanda, Segurola-Larrañagak argi dute ezin dela «beti biktima moduan joan» eta finalerdian oso itxura ona eman ostean, Goikoetxea-Barrenetxea ere ilusioz gainezka heldu dira osteguneko partidara.

Lau finalistak gustura amaitu dute saskian topatutakoarekin.
Lau finalistak gustura amaitu dute saskian topatutakoarekin. (Maialen ANDRES/ORIAMENDI)

Finalen atarian normala izaten da alde batak bestearen bizkar gainean jartzea faborito izateak ekarri ohi duen zama hori. Alde horretatik behintzat, desberdina izango da ostegun honetan Galarretan jokatuko den Binakako erremonte txapelketakoa, ligaxkan onenak izan eta finalerako txartela zuzenean lortu zuten Iban Larrañaga eta Beñat Segurolak gustu handiz jarri baitiote faborito txartela euren buruei. Finalerdietan Ansa-Juanenea bezalako bikote bat kanpoan utzita, Ander Goikoetxea eta Endika Barrenetxeak ere, euren buruengan konfiantza ikaragarriarekin ekingo diote lehiari.

Gaur goizean egin dute final horretarako material aukeraketa eta bikote bakoitzak ideiak oso argi zituela apartatu ditu pilotak, denbora askorik galdu gabe. Segurola eta Larrañagak irteera askorik ez duten pilotak bilatu dituzte eta euren asmoa argia da, Barrenetxeak min egitea saihestea. Urdinek ere ez dute zalantza handirik egin eta material biziagoaren alde egin dute, hein handi batean atzelari hernaniarrak sakearekin min egiteko materialaren bila.

«Finala Barrenetxearen sakeak erabaki dezake. Lehengo egunean 13 tanto egin zituen eta hori ikaragarria da. Espero dut nik ere asmatzea. Gure jokoa egin behar dugu Barrenetxearekin obsesionatu gabe, Goikoetxea ere jokoarekin dago eta Segurolak aurrean izango dituen aukerak aprobetxatu behar ditugu. Gure burua jarriko dugu faborito, ezin da beti biktima moduan joan. Bikote konpletoa osatzen dugu eta final irekia espero dut. Hau nire bigarren finala da, orain hiru urte Urrizarekin batera irabazi nuen, Matxin III.a eta Barrenetxea beraren aurka», azaldu du Larrañagak.

Beñat Segruolak ere, errespetuz bai, baina inolako beldurrik gabe hitz egin du osteguneko partidaz. «Hasieratik bikote bezala maila altua erakutsi dugu, ni tantoak bukatzen eta Larrañagak sakatzen. Bikote ona osatzen dugu eta txapela irabazteko aukera onak ditugu. Partida gogorra espero dut. Barrenetxeak asko jokatzen du eta sakeari eustea garrantzitsua izango da,  errestoan asmatu behar dut, bestela partida zaildu egingo zaigu. Nik faborito ikusten dut geure burua. Ligaxkan onenak izan gara, nahiz eta finala partidu batera jokatu. Binakakoan nire lehenengo finala izango da eta i lusio handia egiten dit Larrañagarekin finala jokatzeak. Elkarrekin hasi ginen erremontean eta elkarrekin egin genuen debuta. Polita izango zen biak batera txapela irabaztea», azaldu du.

Partida desberdina

Urdinek ere, parez pare begiratzen diote finalari, larunbatean lortutako garaipen ederrak indartuta. «Konfiantzarekin iristen gara finalera. Lehengo larunbatean garaipen argia eskuratu ondoren sentsazio oso onak atera genituen kantxatik eta gogotsu gaude. Ansa eta Juanenearekin alderatuta oso bikote ezberdina da. Segurola eta Larrañagak jokoa eta tantoa gehiago lantzen dute, bukatzea agian gehiago kostatzen zaie, baina oso serioak dira jokatzen. Uste dut pilota gutxi galduko dituztela, tantoa asko landu beharko dugula eta saiatuko gara gurea egiten. Gakoa, beti bezala, sakean egongo da. Larrañaga sakatzaile handia da eta ni saiatuko naiz min egiten sakearekin, gero Goikoetxearen hurrengo pilota aprobetxatzen saiatzeko. Kasu honetan badakigu errebotean ez dela, finalerdian bezala, zulorik egongo», aipatu du Endika Barrenetxeak.

Laurentzat, baina Ander Goikoetxearentzat oso egun garrantzitsua izango da ostegunekoa, bere lehen finala jokatuko baitu urnietarrak. «Finala irabazi nahi badugu, ezingo dugu pilotarik apenas galdu. Tantoa luzatu egingo da eta amaitzerakoan asmatu egin beharko da. Nire lehenengo finala da eta ilusio handia egiten dit eta gainera Barrenetxearekin jokatuko dut. Irabaztea gauza handia litzateke eta horrelako egun bat bizitzea polita izango da», aitortu du.