Ramon Sola

Nati Junko gogoan; urruntze politikak hil zuen azken senidea, duela hamabost urte

Natividad Junko Oleaga zuen izena. Bere alabaren mutil-laguna ikustera zihoan, Terueleko espetxera, duela hamabost urte, eta beste hamabost senide eta lagunekin gertatu den bezala urruntzeak kendu zion bizia.

Nati Junkoren irudia, Etxeraten argizariaren ondoan, Gasteizen eginiko oroimen-ekitaldi batean.
Nati Junkoren irudia, Etxeraten argizariaren ondoan, Gasteizen eginiko oroimen-ekitaldi batean. (Raul Bogajo | Foku)

Urruntze politikaren amaiera dakarren urte bukaera honek urtemuga latz bat ere seinalatzen du: duela hamabost urte zendu zen Nati Junko Oleaga, sakabanaketak eragindako azken biktima.

2007ko abenduaren 25ean dei bat jaso zuen Teruelen Unai Gonzalez Azua presoak. Bost minutu eskas haietan jaso zuen albiste latzena: hiru egun lehenago jasandako istripuaren ondorioak ezin izan zituen gainditu bere neska-lagunaren amak eta Txagorritxuko Ospitalean hil zen.

Abenduaren 22an, Teruelerako bideari ekin zioten Nati Junkok eta bere alabak, Unai Gonzalezen gurasoekin batera. Gabonetako bis berezia egin behar zuten, baina ez legez zegokion espetxean, Langraizen, Gasteiztik 400 kilometrora baizik.

Presoaren amaren urtebetetzea ere ospatu nahi zuten bostek, elkarrekin. Baina autoa ez zen Teruelera iritsi, Errioxako Alfaro herriaren inguruan gertatu zen istripua. Nati Junkok jaso zuen kolperik gogorrena. Unai Gonzalezen gurasoak kartzelara heldu ziren halamoduz, beraiek ere zaurituta, semeari gertatutakoaren berri emateko.

Junko ez zen bakarrik sakabanaketaren biktima izan; «dena da ETA» doktrinarena ere bai. Izan ere, Jarrai-Haika-Segi auziaren barruan zigortu zuten Unai Gonzalez Azua. Zigortu, kartzelaratu eta urrundu.

«Unai, ulertu ezazu», aitorpen bakarra

Sei urte espetxean eman ostean, eta zauri sendaezin hori barruan daramala, lekukotasuna eman du Unai Gonzalezek geroztik toki askotan: ETBko saio berezi batean, Gasteizko Legebiltzarrean, Sarek beste biktimekin batera antolatutako mahai-inguru batean...

Guztietan, samina azaltzeaz gain, pasarte argigarri bat kontatu du. Hiletetara joatea ukatu ziotenez, Terueleko espetxeko zuzendariak hauxe esan zion: «Ulertu ezazu Unai, Nati sakabanaketak hil du». Buruan iltzaturik gelditu zaio esaldia, hau izan baita –estraofizialki bada ere– Estatuaren partetik jaso duen egiaren aitorpen bakarra.

 

Estatu horrentzako, urruntze politikak eragindako hamasei hildakoak trafiko istripuen biktimak baino ez dira izan. Duela hiru urte Gernikan salatu zuen Etxeratek, ‘Gutun mezularia’ izeneko ekitaldian. Baina bistan da preso horiek etxe ondoan izan balira Nati Junko bizirik izan litekeela oraindik.

Beste hamabost senide eta laguni bizia kendu zien sakabanaketak: Sara Fernandez, Pilar Arzuaga, Alfonso Isasi, Ruben Garate, Antxoni Fernandez, Iñaki Saez, Jose Mari Maruri, Asier Heriz, Karmele Solaguren, Mari Karmen Salbide, Rosa Amezaga, Arantza Amezaga, Argi Iturralde, Iñaki Balerdi eta Leo Esteban. Azken hamabost urteotan zorionez ez da sendabiderik gabeko istripurik izan, eta miraritzat ere har liteke hau, urtero hamaika ezbehar gertatu baita espetxerako joan-etorrietan.

Presoak azkenik Euskal Herriratzen ari diren honetan, Oihane Perea bertsolariak Gasteizko omenaldi batean egin zuen aipamenak indar berezia hartzen du: «Nati Junkoren oroitzapena ez dugu errepidean utziko».