NAIZ
Iruñea

Sare Nafarroa: «Euskal presoen etxeratze prozesua bere amaierara eraman behar dugu»

Urtarrilaren 7an Bilboko Autonomia kalea «jendez bete» eta ‘Etxera bidea gertu’ lemapean Sarek deitutako manifestazioarako deia egin dute Nafarroan Etxeratek, urrunketa politikaren biktimak diren Karmele Solagurenen senideek eta Hatortxu Rock jaialdiko ordezkaritza batekin batera.

Nafarroako Sarek agerraldia egin du Katakraken, Etxerat, Karmele Solagurenen senide eta Hatortxu Rockekin batera.
Nafarroako Sarek agerraldia egin du Katakraken, Etxerat, Karmele Solagurenen senide eta Hatortxu Rockekin batera. (Iñigo URIZ | FOKU)

Nafarroako Etxeraten ordezkaritza bat, urrunketa politikaren biktimak diren Karmele Solagurenen senideak, Hatortxu Rock-eko ordezkaritza bat eta Sareko kideak bildu dira Iruñeko Katakrak aretoan, Sarek urtarrilaren 7an deitutako mobilizazioan, Bilboko kaleak «duintasunez, bizikidetza lortzeko itxaropenez eta euskal presoei eta haien familiei eragiten dieten urraketen ondorioz giza eskubideak errespetatzeko exijentziaz» betetzeko dei eginaz.

«Bilbo, beste behin ere, gure helburuak lortzeko falta zaigun bidea aldarrikatzeko momentu indartsua izango da», adierazi dute Sareko kide Mikel Mundiñano eta Jone Galarzak.

Azken bi urteetan, osasun neurriak tarteko, urtarrileko Bilboko mobilizazio jendetsua ezin izan da gauzatu. Hori dela-eta, «orain da garaia», defendatu dute. «Asko dira lortu gabe dauden helburuak, eta horien konponbidea euskal gehiengo politiko eta sindikalen bultzadaren esku dago, baina baita, funtsean, jendartearen mobilizazioaren esku ere».

Sare duela zazpi urte sortu zuten «erronka zailekin». «Bagenekien oztopo handiei aurre egin beharko geniela, azken batean, egoera aldatu nahi ez dutenak ere bai baitira: ezer aldatu ez dela esanez tematzen direnak, ETA bizirik dagoela esaten tematzen direnak…», adierazi dute.

«Frantzian ala Espainian presio-taldeak ditugu parean, konfrontazioa eta sufrimendua betikotzeko interes handia dutenak ditugu parean. Horietako bat da Auzitegi Nazionala, izan ere, Ministerio Fiskalaren bidez, etengabe blokeatzen baitu preso horien etxeratzeko bidea. Salbuespenezko espetxe politikak, hau da, urrunketak, zigorren luzapena edota ia bizi osoko zigor luzeen ezarpenek eta hirugarren gradura igarotzeko edota baimenak lortzeko oztopoek, herri honetan elkarbizitzaren eta bakearen alde ematen ari diren aurrera urratsak oztopatzeko asmo garbia dute», nabarmendu dute. 

Denbora honetan «aurrera» egin dela ere oroitarazi dute. «Gaur, euskal presoek eta haien familiek hamarkada luzeetan pairatutako eskubide urraketetako bati amaiera emateko atarian gaude, urruntze politikaren amaieran, alegia». Hala ere, prozesu hori gauzatu egin behar dela azpimarratu dute. «Aurrera egin dugu, eta aurrera egiten segitu behar dugu, etxeratze prozesua bere amaierara eraman arte».

Eta prozesu hori amaitzeko, Euskal Herriko emakume eta gizonezkoak «modu masiboan mobilizatzea inoiz baino beharrezkoagoa» dela adierazi dute. «Ezin dugu pentsatu arazoak bulego edo instantzia judizialetan bakarrik konponduko direla. Ezinbestekoa da bulego horietara argi eta garbi iristea konponbideen eta bizikidetzaren bidean aurrera egin nahi duen gizartearen gehiengoaren borondatearen oihartzuna».

Zentzu horretan, abenduaren 30 eta 31ean Nafarroako 50 herritan eginen diren elkarretaratzeek eta urtarrilaren 7an Bilbon egingo den manifestazioak «garrantzi berezia» dutela iritzi dute.