Matxinada Iranen: Aiatolen aurka borrokatzen diren emakume kurduak
Irango protestak iragan irailean piztu arren, emakume kurduek hamarkada ugari eman dituzte teokrazia xiitaren kontrako borroka sutsuan. Oraingo matxinada aurrekoekin alderatuta oso desberdina dela uste dute. Irango herri guztietako jendea biltzen du eta sistema osoa aldatzea du helburu.
4X4 batean ere ordu dezente behar dira, mendian zehar, aurretik adostutako puntura iristeko. Autoa gelditu eta pagadi sendo bat zeharkatu dugu jarraian, oinez. Droneen hotsa etengabea da gure buruen gainean, baina zuhaitzek haien bistatik babesten gaituzte. Bertan, PJAK (Kurdistango Bizitza Librerako Alderdia) gerlariak ditugu zain.
Iran eta Irak arteko muga zeharkatzen duten mendietan gaude, Kurdistango bihotz geografikoan, hain zuzen. Ezin ditugu koordenatuak eman, ez eta argazkiak atera ere milizianoei edo haien kokapenari buruzko pistak ematen dituzten erreferentzia espazialei. Hori da tratua.
PJAK taldea Irango kurduek osatzen dute nagusiki. Herrialdea demokratizatzearen aldeko apustu sendoa egin ohi dute, Abdullah Öcalanen konfederalismo demokratikoaren lerroetan. PKKren (Kurdistango Langileen Alderdia) sortzaileetako bat eta buruzagia dena 1999tik dago Turkiako espetxe batean.
Adobezko etxe batean, bi emakumek mahai baten inguruan esertzeko gonbita luzatu digute. Zilan Vejin dugu horietako bat, PJAKeko kopresidentea. Grabagailua martxan jarri eta premiazkoenaz galdetu diogu: Iran astintzen ari den protesta kateaz. Irango moralaren poliziak iragan irailean erail zuen Mahsa Amini, 22 urteko kurdu irandarra. Belo islamikoa modu desegokian eramatea izan zen bere delitua. Ordutik, milaka gizon eta emakumek kaleak hartu dituzte, «emakumeak, bizitza, askatasuna» oihukatuz. Vejinek gogora ekarri duenez, leloa bere mugimenduak sortu zuen, «lidergoaren 2013ko bilkura batean».
«Emakumearen askatasunaren arazoa duela 40 urte identifikatu eta definitu zuen gure lidergoak. Egun, Irango herri guztiek pairatzen dute», ziurtatu du Vejinek. Gehiago ere badago. «Monoteismoaren garapena sustatzea, herri bat, hizkuntza bat eta bandera bakar bat defendatzea arrazismo hutsa da. Herria deuseztatzea baino ez du helburu», gaineratu du gerlariak.
Amnesty International bezalako erakunde ugarik salatu dute kurdu, arabiar edo balutx gutxiengo etnikoek pairatzen duten diskriminazioa. Askotan, gaindiezinak dira hezkuntza, enplegua edo etxebizitza lortzeko dituzten zailtasunak haientzat. Egoera are larriagoa da emakumezkoen kasuan. Hauen artean, diskriminazioak ez du bereizten etnien artean. Ildo berean, herrialdeari buruzko azken txostenean, Human Rights Watch -ek salatu du Irango biztanleriaren erdia baztertuta dagoela ezkontzan, dibortzioan, jaraunspenetan eta seme-alaben zaintzan. Etxeko indarkeria edo haurren ezkontza bezalako egoeretan emakumeen babesgabetasuna ere salatzen du GKEak.
Altxamendu zibil honek amaiera emango al lioke honi guztiari? PJAKeko kidea baikor dago.
«Matxinada hau oso desberdina da aiatolek boterean eman dituzten 43 urteetan gertatu direnekin alderatuta: Kurdistanen hasi zen, emakumeek abiatuta, eta hortik herrialde osora zabaldu zen. Egun, Irango herri guztietako jendea biltzen du», dio gerrillariak. Azpimarratu duenez, belo islamikoa «askatasuna eta demokrazia eskatzen dituen matxinadaren aitzakia baino ez da». Vejinen aburuz, jendeak ez ditu erreformak bakarrik nahi. Nahitaez, egungo politikak, sistema eta administrazioa aldatu behar dira.
Borroka armatua hori lortzeko baliabideetako bat izan ote daitekeen galdetuta, Vejinek «bidezko defentsarako eskubidea» defendatzen du.
«Borroka armatua gure indarraren alde bat baino ez da. Ekintza zibil, sozial eta demokratikoei ere eusten diegu. Edonola, Estatuak sarraskiak egiten baditu, ez gara besoak gurutzatuta geratuko», berretsi du emakume kurduak.
Irango taula gainean
PJAK alderdikoak ez dira, inondik ere, armak hartu dituzten emakume kurdu bakarrak. PDKI (Irango Kurdistango Alderdi Demokratikoa) barruan emakumeak daude gizonekin borrokan, eta PAK-en (Kurdistango Askatasunaren Alderdia), berriz, emakumeek soilik osatutako tropa badago.
Estatu kurdu independente bat sortzea da PAKen azken helburua, Turkia, Irak, Siria eta Iranek okupatutako kurduen lurraldeak hartuko dituena.
Emakume taldeko bozeramaile Hana Hussein Yazdanpanarekin kontaktatu dugu telefonoz. Euren baseak haranean izan arren, mendiko babesgune batetik hitz egin du. Dioenez, irandar misilen erasoak errepikakorrak dira. Azken asteotako bortitzena irailaren 28an pairatu zuten: hamar hildako eta 21 zauritu izan ziren orduan. «Iranek etengabe mehatxatzen gaitu bonbardaketekin. Protestak babestu eta herrialdetik ihes egiten dutenei babesa ematen jarraituz gero, berriz erasoko digutela diote», ziurtatu digu Yazdanpanak.
Dioenez, PAKek 3.000 pexmerga («heriotza aurrez aurre duena», kurdueraz) borrokalari ditu, emakumeek heren bat osatzen dutelarik. Besteak beste, Estatu Islamikoaren kontra borrokatu ziren eta, horretarako, Nazioarteko Koalizioaren barruko AEBetako eta Alemaniako kontingenteen entrenamendua jaso zuten, besteak beste. Teheranen babesa duten Irakeko lurretan jarduten duten milizia xiitei ere aurre egin diete. Esperientzia hori aiatolen aurka borrokatzeko aprobetxatuko ote duten galdetuta, Yazdanpana argi eta garbi mintzo da.
«Borrokak baketsua izan behar du. Protestak arrakasta izango du mundu askeak jendeari laguntza ematen badio eta Errepublika Islamikoaren aurkako ekintzak hartzen baditu».
Kurdistango mendietan ez ezik, gerrilla sareetan ere borrokatzen da. Bere webgunean, Irango Kurdistango Alderdia-Komala «Iran federal aske eta demokratiko baten alde» borrokatzen da.
Baseak Irakeko Eskualde Autonomo Kurduaren hego-ekialdeko txokoan daude, Irango mugatik oso gertu. Komala izan zen, hain justu, emakume kurdu borrokalarien inoizko lehen batailoia eratu zuena, 1982an.
«Sozialismoarekin eta kurduen autodeterminazio eskubidearekin batera, genero berdintasuna izan zen gure fundazioaren oinarrietako bat, 1969an», diosku, telefonoz, Komalako batzorde zentraleko kide Zagros Khosravik. Mendietan ehunka bat borrokalari dituztela dio. «Ez dira asko, baina gure benetako indarra Iran barruan mobilizatu daitekeen jendeak ematen digu. Horietako asko erresistentzia zibileko taktiketan trebatuak izan dira», azpimarratu nahi du gerrillariak. Hori gutxi ez eta, PDKIrekin batera, alderdi politiko kurdu-irandarren arteko lankidetza bat eratu da berriki. «Horren emaitza ikus dezakezu kurduen protestetan izandako parte-hartze maila handian», dio Khosravik.
Kurdish Peace Institute erakundeko Kamal Chomani analistak «funtsezkotzat» jo du kurdu-irandar taldeen arteko koordinazioa. «Indarkeriaren mailak gobernuaren kontrako gerra ireki baterantz jotzen badu, ezinbestekoa izango da elkarlana erregimenari aurre egin ahal izateko», azaldu digu Irakeko kurdua den Kamal Chomanik. Bere ustez, irandar kurduen arteko desberdintasunak «kurduen esparru politiko zabalaren ondorio hutsa» dira.
«Sirian eta Turkian, kurdu gehienek ideologia ezkertiar, aurrerakoi eta komunalista bat bultzatzen dute; Iranen eta Iraken, aldiz, aldagai nazionalista eta tradizionalista batekin topo egiten dugu. Bertan, pisu itzela du tribuen gakoak ere», dio adituak.
Aktoreok egungo Irango oholtza ezegonkorrean joka dezaketen paperaz, Chomanik honako egoera aurreikusten du: «PKKrekin lotura dela-eta, PJAK da gerrilla-borrokan eskarmentu handiena duena. Aldi berean, antolatzeko gaitasun handia dute. Bestetik, PDKI eta Komala, oso errotuta daude Iranen, 70eko hamarkadatik oso aktiboak izan baitira, politikoki nahiz militarki. Herrialde barruan borrokalari ugari mobilizatzeko gai direlakoan nago».
Bien bitartean, irandarrek kalera ateratzen jarraitzen dute. HRANA albiste agentziak emandako datuen arabera (giza eskubideen aldeko ekintzaileek kudeatzen dute), 400 lagun baino gehiago erail dituzte protestak duela hiru hilabete piztu zirenetik, eta atxilotuen kopurua 17.000tik gorakoa izan liteke. Dagoeneko hamaika presok jaso dute heriotza zigorra, eta haietatik bi exekutatu egin dituzte dagoeneko.
«Momentuz erregimenak ez du pausorik eman bakea lortze aldera, eta baliteke epe laburrean aldaketarik ez egotea», ohartarazi du, Kurdistango mendietatik, PJAKeko kolider Zilan Vejinek. Gerlariak, alabaina, ez du amore ematen.
«Gauza bat argi dago: erregimena behin-behinekoa da; betiko botereak, herriarenak, alabaina, hor dirau».
PROTESTA BAT, HAMAIKA ALDARRI
Mahsa Amini emakume kurdua erail eta bost egunera, Hadis Najafi izeneko azerbaijandar neska gazte bat hil zen Karaj hirian, Gobernuaren kontrako protestetan. Najafi Iranen bizi diren milioika azerbaijandarrentzat ikur bilakatu zen. Aldi berean, zera gogorarazi zion munduari: aiatolak boterean daudenetik inoizko protesta inklusiboena bada ere, herrialdean zehar bizi diren azerbaijandar, arabiar edo balutx herriek, besteak beste, aldarri propioak dituztela.
Azerbaijandarrak Irango 88 milioiko populazioaren %20 dira, eta herrialdeko gutxiengo handiena osatzen dute. Xiitak izan arren, hezkuntzan azeri hizkuntzak pairatu duen debekuak bere pisua du egungo protestetan. Azeri hizkuntza, hain zuzen, eskoletan irakatsi zen «Azerbaijango Herri Gobernua» izeneko eskualde autonomo bat eratu zenean, 1945 eta 1946 artean. Kurduek “Emakumea, bizitza eta askatasuna” leloa lau haizeetara zabaldu arren, «Askatasuna, justizia eta herri gobernua» ere entzun daiteke Tabriz, Urmia, Ardabil edo azerbaijandarrak nagusi diren mendebaldeko beste hainbat hiritan, eta protesta hasieratik. Herrialdeko kaxkai turkiarrek ere berea egin dute leloa.
Irango Gobernuak eta bere mendeko komunikabideek «separatista» edo «panturkiarra» adjektiboak erabili ohi dituzte azeri hizkuntzaren aldeko ekintzaileak izendatzeko. Hauexek dira, hain juxtu, egun azerbaijandar atxilotuei deitzeko formula ohikoenak.
Irango arabiarrek ere kaleak hartu dituzte. Bi milioi inguru direla kalkulatzen da, eta Persiar golkoaren ertzean bizi dira, Khuzestan eskualdean eta Irakeko mugan, hain zuzen ere. Gehiengo handi bat xiita izan arren, errepresio handia pairatu ohi dute aiatolen eskuetan. Haien arabiar identitatea are estigma handiagoa bilakatu zen Iraken kontrako gerran (1980-1988). Teheranek Saddam Husseinekin kolaboratzea leporatu zien orduan, eta muturreko talde sunitekin kolaboratzea berriki.
Herrialdeko hego-ekialdean, Irango eskualde azpigaratuena eta txiroena da balutxena. Ez da harritzekoa, beraz, herri hau ere kalera atera izana. Iranen 5-6 milioi direla kalkulatzen da. Azerbaijandarrek edo kurduek baino askoz kopuru txikiagoa osatu arren, azken hauekin batera hildako gehien jarri dituzte mahai gainean protesta piztu zenetik. Persiarra ez den identitateari atxiki ez ezik, balutxak suniak ere badira. Bi faktoreok izan ohi dira haien bazterketaren arrazoi nagusiak Iranen.