NAIZ

Euskarazko sormen digitalerako beka deialdia zabaldu du Loraldiak

Euskarazko sorkuntza digitala sustatu eta sortzaile digitalen lana ezagutzera emateko xedez, sormen digitalerako beka baterako deialdia ireki du Loraldiak. 10.000 euroko laguntza jasoko du proiektu irabazleak.

Loraldia jaialdiaren aurkezpena.
Loraldia jaialdiaren aurkezpena. (Aritz Loiola | FOKU)

Ingurune digitalean euskarazko sorkuntza gehiago egoteko helburua du Loraldia festibalak aurkeztu berri duen euskarazko sormen digitalerako bekak. Zehazki, euskarazko sorkuntza digitala sustatu eta sortzaile digitalen lana ezagutzera ematea ezinbestekotzat jotzen du jaialdiaren antolakuntzak eta, beka honen bidez, sorkuntza lan bat osatu eta sorkuntzaren emaitza 2024ko Loraldia festibalaren egitarauaren barruan aurkezteko aukera izango dute garaileek.

Horretarako 10.000 euroko laguntza ekonomikoa jasoko du proiektu irabazleak eta urtebeteko epea izango du proposamena garatzeko. Proposamenak aurkezteko epea jada zabalik da, otsailaren hasiera arte.

Antolakuntzatik zehaztu dute proiektuak kultur sorkuntzaren edozein arlorekin izan dezakeela harremana, musika, arte eszenikoak, dantza, komikigintza, arte plastikoak, bertsolaritza, audioa, interneteko baliabideak, jokoak... eta diziplinen arteko uztarketak ere onartuko direla.

Jaialditik nabarmendu dute «sormen digitalerako deialdia bada ere, ingurune fisikoan ere gauzatzeko aukera» eman behar duela proiektuak, 2024ko Loraldia jaialdiaren egitarauaren barruan aurkeztuko baita, festibalaren 10. edizioan hain zuzen ere.

Proiektuak banaka edo taldeka aurkeztu daitezke, Loraldiaren webgunean ezarrita dagoen prozedura jarraituz. Helarazten diren proposamenak otsaila hasieran aztertuko ditu «epaimahai profesional batek».