Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Entrevista
Enkarni Genua
Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona sariduna

«51 urte daramagu txotxongiloekin, eta beti euskaraz hitz egin dute»

1942an Donostian jaioa, 51 urte darama Manolo Gomez bikotekidearekin txotxongilo antzerkia euskaraz egiten. Titirijai Jaialdiaren eta Topic zentroaren sortzailea da, idazlea eta irakaslea. Eusko Ikaskuntzak orain arte saritu gabeko esparru bat aitortuko du berari Manuel Lekuona saria emanez.

Enkarni Genua Espinosa, Errekamari eta Martin txotxongiloekin, beren tailerrean.
Enkarni Genua Espinosa, Errekamari eta Martin txotxongiloekin, beren tailerrean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Hementxe gaude, txotxongiloak eta ni» erranez ireki digu Enkarni Genua Espinosak tailerreko atea. Donostiako Antigua auzoan gaude. Bertan bizi dira Errekamari eta Martin, Txirene, Azken eta Putz, Aupi eta Puaf, galtzagorriak eta bertze hainbat izaki magiko.

Tolosako Topic Txotxongiloaren Nazioarteko Zentroan galtzagorrien ipuina antzeztu zuen atzo, eta bi egun lehenago egin genion bisita. Autoa prestatzen ari zen, eserlekuak maletaz beteta. «Gero eta gehiago pisatzen dute», aitortu du 80 urteko artistak. Obra batzuk formatu txikian egiten ditu, laguntzaile batekin; bertzeak, Manolo Gomez senarrarekin. Biek osatzen dute 1971tik Txotxongilo Taldea.

«51 urte daramagu etengabe txotxongilo antzerkia egiten. Eta inportanteena da txotxongilo guztiek betidanik euskaraz hitz egiten dutela», nabarmendu du.

Alabarentzako oparia

Gomez iritsi da, berandu argazkietarako baina garaiz gurekin pixka bat solastatzeko. Oholtza batean ezagutu zuten elkar eta lehen alaba izan zutenean harekin mintzatzeko ikasi zuten euskaraz. «Gure hizkuntza zela ohartu ginen, eta gure laguntza behar zuela». 

Manolok ez zekien tutik ere. Gurasoak Kantabriakoak zituen. ‘Barrenen’ erraten zuten pilotan jokatzean, zein hizkuntza zen jakin gabe. Enkarniren aitonak, berriz, ez zekien gaztelaniaz. «Gerra garaian izebak esaten zion arriskutsua zela euskaraz aritzea. ‘Castellano no saber, euskara no hablar’ esan, eta mutu gelditu zen aitona».

 
«Gerra garaian izebak esaten zion arriskutsua zela euskaraz aritzea. ‘Castellano no saber, euskara no hablar’ esan, eta mutu gelditu zen aitona».

 

Mari Karmen Garmendiak eman zion klasea txotxongilogile bikoteari. «Orduan hasi ginen gure alabarekin komunikatzen. Hiru seme-alaba ditugu, euskaldunak».

Txotxongilo Taldearen lehenbiziko asmoa alabaren ikastolan oparitxo bat egitea izan zen: antzerki bat, bi panpinarekin. Ikusleen artean euskal mugimenduko jendea zegoen, Andereñoen Erresidentziakoa. Bertan ez zen titulurik ematen, baina Elbira Zipitriaren metodologia erakusten zen ikastoletan lan egiteko. Jaxinto Setien zegoen koordinatzaile. Honi txotxongilolariak gustatu, eta haien berri zabaldu zuen.

Berehala hasi ziren deiak jasotzen: «Gure ikastolara etorriko zarete?», «eta gurera?». «Bai». Bultzada hain handia izan zen, non orain arte iraun duen.

Haurrengandik gertu

«Haurrengandik oso hurbil daude txotxongiloak. Joko dramatiko hori berez sortzen zaie, nahiz eta orain horretarako denborarik gabe dabiltzan», egin du kritika Genuak. «Txotxongilo emanaldi ugari dago. Topic-en urtero egiten da Titirijai jaialdia eta jendea jada ohituta dago». Mundu hagitz zabala da, eta gehiago ireki da. «Lehen castelet batean ezkutatzen ginen, derrigorrezkoa zen titiriteroa gordeta egotea; orain atera eta txotxongiloekin hitz egiten du».

Teknika ugari dago: eskularru gisa erabil daitezke panpinak, hagatxoekin mugitu, mahai gainean... Objektuekin ere egiten dira antzezpenak. Errekamariren bizilagunak, Agustina eta Kattalin, erratzak dira. «Ohikoa da hori. Baita txotxongiloak eta aktoreak elkarrekin aritzea ere. ‘Printze txikia’ gure ipuinean txotxongilo bat da printzea eta hegazkinlaria Manolo da».

Komunikazioa

Lehenik, zer komunikatu nahi duten pentsatzen dute, eta ipuin bat asmatu. Gero, istorio hori nola kontatu erabakitzen dute. «Txori bat behar badugu, ez dugu mozorrotu behar», agertu du Genuak kartulinazko txori bat eskuetan ekarriz. «Itsasora joaten garenean arrainak ditugu», esplikatu du makila batetik zintzilik arrainak erakutsiz. Tailer honetan ez da irudimenik falta eta horrek dena egiten du posible. Argazkitarako auto  gainean jarritako liburuak ere mugitzen dira: bizi direla dirudi!

Enkarni Genua, Txotxongilo Taldearen ipuinez eta izaki magikoz inguratua. Atzealdean galtzagorriak ageri dira. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Ogibidea banketxe batean harrapatu zuen Manolok, irakaskuntzan Enkarnik. Irakasle lanak eta txotxongilo antzerkiak antza omen dute: «Zerbait komunikatu behar duzu, arreta lortu behar duzu eta erakargarria izan behar du egiten duzunak. Ezkondu eta gero Filosofia eta Letrak ikasi nituen eta klasea ematen hasi nintzen 36 urterekin. Ikasleek jakin zuten irakaslea hasiberria zela eta konplot bat antolatu zuten, baina nik urte asko neraman oholtzan. ‘Gezurra da hasiberria zinela!’ leporatu zidaten. ‘Egia da, baina badakit nola komunikatu behar den’. Gure abilezia inportanteena txotxongilolari gisa komunikazio hori da».

Nafarroako Erriberan

«Egia esan, beti oso ondo moldatu gara jendearekin. Gurasoak eta irakasleak gure alde egon dira beti», adierazi du. Kultur etxeetan eta batez ere eskolaz eskola ibiltzen dira, gehienbat Gipuzkoan. Baina Nafarroako Erriberan ere lan aunitz egin dute A ereduko ikastetxeetan. Ipuinak eta diskoak argitaratuta zituztenez, ikastetxean lantzen zituzten.

24 liburu eta bertze hainbat disko dituzte, tartean unitate didaktiko gisa erabiltzen den “Errekamari” eta “Itsasminez”. «Tamalez, ez dira modaz pasa. Natura zaindu beharra azaltzen da bietan eta ‘Errekamari’-n oraindik eskola askotan dagoen bullying madarikatu hori ere bai: pertsona ezberdinak baztertzen ditugu».


«Tamalez, Errekamari ez da modaz pasa. Natura zaindu beharra azaltzen da eta bulling madarikatu hori ere bai: pertsona ezberdinak baztertzen ditugu»

 

«Ablitas, Castejon, Cortes eta Cascanteko haurrei poliki-poliki hitz egiten nien, eta hitz bat ez bazuten ulertzen beste bat esaten nuen. Emanaldia bukatuta haiekin euskaraz egiten saiatzen nintzen. Esaten nien idazteko zerbait euskaraz. Egun batean gutun bat jaso genuen. Hala jartzen zuen: ‘Enkarni: jangela, liburutegia, irakasleen gela, komuna, te he escrito en vasco’». «Ze polita!», dio irriz. Haiek ulertzen zidaten, gainera nik banekien nola ikasten zen euskara».

«Biba euskara defizientea!», aldarrikatu du. «Jende asko hasten da euskara ikasten, baina gero ez du hitz egiten ez duelako nor-nori-nork menderatzen. Eta ez da beharrezkoa».

Saria

Bere ibilbidean sari ugari irabazi ditu txotxongilogileak. Bilduma erakutsi digu etxean: Bilboko Ercilla saria (1980), Victoria Eugenia saria (2007), Donostiako Hiritar Merezimenduaren Domina (txotxongilo taldeari 2013an)... eta azkena, ibilbide osoa aitortzen duena, Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria.

«Martxoaren 16an emango didate saria Donostiako udaletxean eta nire biografia argitaratuko dute», kontatu digu Joan Mari Torrealdairena eskuan. «Ikusten? Hemen agertzen da sarituen zerrenda». Gehienak gizonak direla ohartarazi digunean, «hasieratik izan duzu genero ikuspuntua» aipatu diogu, eta liburu baten bila joan da gu koadro, eskultura, argazki eta oroigarriz betetako salan utzita.

«Dramatizazioa lantzeko liburua da», azaldu digu. «Marrazkilaria jatorra eta aurrerakoia izaten zen, baina mutila borrokan jartzen zuen eta neska negarrez. ‘Neska honek zerbait egin behar du negarraz aparte’ esaten nion. Gure herensugearen ipuinean neska mutilarekin batera borrokatzen da. Protagonistak parekoak dira».

Manolo Gomez eta biak elkarrekin ari dira bidea egiten  eta beretzat ere bada sari hau. Kide guztientzat ere bai eta, nola ez, txotxongiloentzat. Berrizeko lorategi batean Errekamariren eskultura bat jarri dute. Pozarren erakutsi digu argazkia. «Lamia unibertsala da, baina Errekamari, gurea», erran du harro.