NAIZ
Donostia

Merkealdien kanpainak iaz baino lan kontratu gehiago sortuko ditu Hego Euskal Herrian

Beherapenen sasoiak 14.800 lan kontratu baino gehiago sortuko ditu Hego Euskal Herrian, iaz baino %9 gehiago EAEren kasuan eta %7 Nafarroaren kasuan. Ordea, Adeccok egindako txostenak jasotzen duenez, Estatu mailan sortuko den lan guztiaren %90a aldi baterakoa izango da.

Beherapenen sasoiak lan kontratuen gorakada ekarriko du.
Beherapenen sasoiak lan kontratuen gorakada ekarriko du. (Gorka RUBIO | FOKU)

Beherapenak ate joka diren honetan, Adecco erakundeak bere aurreikuspenak jaso ditu txosten batean eta, egindako estimazioen arabera, merkealdien kanpainak 14.800 kontratu baino gehiago sinatzea ekarriko du Hego Euskal Herrian. Erkidegoei erreparatuz gero, EAEn 7.913 enplegu izango dira eta Nafarroan 6.935. Lehenengoaren kasuan, iaz baino %9,2 enplegu gehiago da; bigarrenaren kasuan hazkundea aurreko urtearen aldean %7koa da.

Adeccok astelehen honetan argitaratutako txostenaren datuen arabera, Bizkaian merkealdien kanpainak 3.600 kontratazio baino gehiago utziko ditu, duela urtebete baino %10 gehiago. Kopuru txikiagoekin, bai balio absolutuetan, bai ehunekoetan, Araban ia 2.450 lanpostu berri sortuko direla aurreikusten da, 2021ean baino %9 gehiago, eta Gipuzkoan 1.900 inguru, %8ko hazkundearekin.

Adeccok azaldu duenez, kanpaina hau Black Friday eta Eguberrietan izandako joeraren jarraipena izango da, «‘e-Commerce’ delakoaren gorakadarekin, bereziki ‘azken milia’ deiturikoarekin», zehaztu du.

Erakundeak adierazi duenez, aurten «kanpaina atipikoa izango da, lan erreforma indarrean sartu delako», eta horrek aldaketa ekarri du kontratuen tipologian. Horrela, Estatuan aldi baterako laneko enpresen sektoreak egingo dituen 202.000 kontratuetatik %10 aldizkako kontratu finkoak izango dira, eta gainerako %90a, berriz, aldi baterakoak, ekoizpenaren gorabeherengatik.