Loiuko aireportua Europa osoko bigarren onena da, eta 24. postuan dago munduko aerodromo nagusien artean, AirHelp Aire Bidaiarien Eskubideen aldeko erakundearen urteko rankingaren arabera. Bertan, munduko aire konpainia eta aireportu onenak sailkatu dituzte, eta Loiuko La Paloma aireportuak 8,05eko puntuazio orokorra lortu du; 8,39 puntualtasunari dagokionean, 7,81 bezeroek egindako balorazioan eta 7,28 aisialdi espazioen alorrean.
Estatu mailan ere bigarren postua eskuratu du Bilboko aireportuak, mundu mailako 12. postua daukan Madrilgo Barajas Adolfo Suárez aireportuaren atzetik eta Bartzelonako El Prat Josep Tarradellasen aurretik. Rankingean postu bat lortu duen Euskal Herriko aireportu bakarra da La Paloma.
AirHelpek egindako sailkapenaren arabera munduko aireporturik onena Tokyo Haneda Nazioarteko Aireportua da. 8,83ko puntuazio globala lortu du, 8,89ko puntualtasunarekin, 8,90eko puntuazioarekin bidaiarien balorazioan eta 8,57ko puntuazioarekin denda eta jatetxe gisa.
Rankingaren bigarren postuan Brasilgo Recifeko aireportua dago (8,52) eta hirugarren Japoniako beste aireportu bat, Internacional Tokyo Narita (8,49). Bestalde, Brasilek bost aireportu ditu munduko hamabi onenen artean.
Erakundeak 2015etik egiten du AirHelp Score rankinga, mundu osoko airelineen eta aireportuen datuetan oinarrituta. Sailkapenerako, AirHelpek zerbitzuen bikaintasuna, puntualtasuna, erreklamazioen prozesamendua eta jatetxeen eta denden kalitatea baloratzen ditu.