NAIZ

Hats Berri zerrenda aurkeztuko da Senpereko udal hauteskundeetara

Hats Berrirentzat lehentasuna Herriko Etxeko zerbitzuetan eginiko «hutsak» konpontzea eta «gure partaideekiko konfiantza berreskuratzea» izanen da. Hala azaldu du udal gobernutik atera zen Christophe Jaureguy zerrendaburu izanen duen hautagaiak.

Hats Berri zerrendaren aurkezpena gaur goizean egin dute Senperen.
Hats Berri zerrendaren aurkezpena gaur goizean egin dute Senperen. (Guillaume FAUVEAU)

«Begirada berri bat ekarri nahi dugu, norberaren interes pertsonalak alde batera utzi eta soilik senperetarren interesaren alde jokatu nahi duten pertsona gaituekin», azaldu dio Mediabask hedabideari zerrendaburu izendatua izan den Christophe Jaureguyk.

Jean-François Bedereden Senpere Bai zerrendako kidea izandakoak kargu berri hau onartu aitzin gogoetarako denbora bat hartu duela azaldu du: «Senpereko herriak azpiegitura mailako atzerapena eta hauteskunde agintaldiaz haratagoko ikusmen falta du. Hamar edo hamabost urterako ikuspegi politikoa eman nahi dugu, hiriak eztanda demografikoa bizi bitartean. Eskemak hautsi behar dira», borobildu du auzapezorde ohiak.

Hats Berrirentzat lehentasuna Herriko Etxeko zerbitzuetan eginiko «hutsak» konpontzea izanen da: «Berregituratzea beharrezkoa da tentsioak baretzeko, baina baita gure partaideekiko konfiantza berreskuratzeko ere. Trena trenbidearen gainean eta norabide egokian berriz ezarri behar da».

Horiek horrela, Hats Berri zerrendak bere proiektua azaltzeko auzo bakoitzean bilkura publikoak egitea aurreikusi du. Honekin, karguan den Dominique Idiart auzapezaren zerrendari eta Jean-Marie Nousbaum auzapez ohiaren hautetsi zein jarraitzaileek osaturiko Agir pour Saint-Pee zerrendari aurre egin beharko lieke.

Krisia udal Gobernuan

Joan zen udazkenean Senpereko herri kontseiluan azaleratu zen krisia atzera egiteko ezinezko egoeran sartu zen abenduaren hasieran. Agir pour Saint-Pee oposizio taldeko zazpi zinegotzik dimisioa aurkeztu ondoren, 2023ko martxora bitartean udal bozak berriro egiteko atzerako kontua martxan jarri zen.

Dimisioen katea lehenago hasi zen, ordea. Zehazki iragan urriaren 8an udal gehiengoaren partaide ziren Senpere Bai talde abertzaleko bost hautetsik aliantza bertan behera uztea deliberatu zuten. Ordurako, udal gobernuan jarduten zuten bertze bost kontseilarik tantaka beren ardurak utzita zituzten Dominique Idiart auzapezaren lan moldeekin ados ez zirelako.

Gauzak horrela, iazko urte amaieran Pirinio Atlantikoen Prefeturak heldu den otsailean Senperen «boza partzial integralak» egiteko deialdi ofiziala urtarrilaren hasieran egingo zuela jakitera eman zuen.

Udal hauteskundeen lehen itzulia heldu den otsailaren 19an egingo dute Senperen. Inolako hautagaitzarik ez badu botoen %50a gainditzen, bigarren itzulia otsailaren 26an egingo litzateke. Hautagaitzak aurkezteko epea heldu den urtarrilaren 30etik otsailaren 2ra luzatuko da.