ALBA BERLIN 85 - SASKI BASKONIA 84
Irabazi edo galdu, Saski Baskoniak ezin du «oporrik hartu» Euroligako zeinahi aurkariren kontra. Alba Berlin Euroligako azken sailkatua da eta duela astebetera arte segidan hamabi porrot jasan ditu. Alabaina, Israel Gonzalez espainiarrak zuzentzen duen taldeak badaki saskibaloian ondo jokatzen, ondo asko gainera, eta Saski Baskoniak gorriak eta beltzak ikusi ditu Mercedes-Benz Arenan eta azken laurdenean, Pierria Henryren bultzadari esker neurri baten eta baita Alba Berlinek berak egundoko bertigoa nozitu duelako, azaroaren amaiera aldetik zirauen bolada bikaina eten du, segidan hamabi partida irabazi eta gero. Kuriosoa da, baina joan zen astean Alba Berlinen segidan hamabi porrot jasan eta gero, bolada txarra eten zuen.
Partida irabazteko aukera azkenera arte izan du talde gasteiztarrak, hala ere. Azken hiru hirukoak barrutik atera zaizkio eta, nolanahi, azken zortzi segunduetan bi aukera nabarmen izan ditu Mercedes-Benz Arenan irabazteko, baina Ben Lammersek txapela jarri dio Markus Howardi eta Costelloren azken hirukoak ez du saskirik aurkitu.
Ezin da beti irabazi, baina hurrengo partidei begira ikasgai dexente ateratzeko modua izan lezake Joan Peñarroyak eta bere taldeak. Saski Baskoniaren defentsa ez da aurreko egunetakoa bezain ona izan, batez ere Sedekerskis kantxan izan ez den tartean, pibotek oso neurketa eskasa jokatu dute oro har eta Daulton Hommesen defentsa behar baino bigunagoa izan da.
Alba Berlinek sekulako bertigoa jasan du azken minutuetan eta 80-70 irabazten izatetikl 82-84 galtzera pasa da, baina Jaleen Smith eta Baskoniaren aurka beti ondo jokatzen duen Maodo Loren eskutik buelta eman dio Israel Gonzalezen taldeak demari. Azken minutuetan, berriz, batzuen panikoa eta besteen zorte txarrak bat egin dute eta, bada, oraingoan arabarren kontrakoa izan da azken orduan airera bota den txanpona. Edonola ere, arraunean ere olatu bati joaten laga behar zaio hurrengoa harrapatzeko eta, bada, porrot honek hurrengo neurketei begira balioko al dio Saski Baskonia.
Defentsarik ezean, jai
Martitzenean atseden hartu zuten Thompson, Hommes, Giedraitis eta Kotsar hasierako bostekoan sartu ditu Joan Peñarroyak, baina hauen erantzuna oso hotza izan da, bai erasoan nola defentsan. Errebotean nagusi eta idea oso garbiekin, talde alemaniarra ezustean 27-14 ihesi joan da aurreneko laurdena amaitzear dela, eta gasteiztarren entrenatzailea sinetsi ezinda azaldu da bere jokalarien oldarkortasun ezagatik; ez defentsan, ezta erasoan ere.
Zorionez, Markus Howard eta Tadas Sedekerskis sartu ditu Peñarroyak eta hauek sartu duten hiruko banarekin nahikoa txukundu du markagailua aurreneko laurdenaren akaberan: 27-20. Ez hori bakarrik, bigarren laurdena hastean beste sasoi batekin jokatzen hasi da Saski Baskonia eta, tira, halakoren baten partidan murgildu da.
Izan ere, ikusgarria izan da Baskoniaren ibilera bigarren laurdenaren aurreneko txanpan. Alba Berlinek Pierria Henryri bi metro eman dizkio Virginiakoak hirukoa bota deza, eta Henry jaurtitzaile ona ez bada ere, ausarta bada behintzat, eta ekinaren ekinaz hirukoak azkenean asmatu ahal izan ditu. Bestalde, Markus Howardek bere ohiko saskiratze ezinezko horietako batzuek laga ditu ikusleen harridurarako. Onena, ordea, defentsako lana izan da, Sedekerskisen bitartez asko gogortu baitu Baskoniak zaintzan bete beharrekoa.
Denbora gutxian, ordea. Egia da gasteiztarrak 34-35 aurreratu direla, baina Alba Berlinek bere martxari eutsi dio. Tamir Blatt ordezko antolatzaileak kalitate handia erakutsi du eta Koumadje erraldoiak –2,24 metro neurtzen ditu Chaden jaiotako gizonak– erreboteak bere egin ditu. «Koumadje efektua» gainditzearren jokoa azkartu nahi izan du Baskoniak, baina ez zaio nahi bezala irten saiakera eta alemaniarrek berriz ere aurrea hartu dute, batez ere Thiemann eta Olinde kanpotik barrura jokatzen eta saskiratzen hasi direnean.
Eskerrak laurdenaren azken aldera Darius Thompson azaldu den. Honi esker Saski Baskonia atsedenaldira 54-48 atzetik iritsi da; hau da, aurreneko bi laurdenetan 27na puntu jasota. Alperrik izango duzu Markus Howard edo Stephen Curry zure taldean, halako puntu jarioa eteten ez baduzu asmatzen, irabaztea askoz gehiago kostako zaizu.
Pierria Henry ez da nahikoa
Hirugarren laurdenean partida zuzentzeko borondatearekin ekin dio lanari Saski Baskoniak, baina borondate ona bi minut baino lehen ezerezean geratu da. Are eta ezerezago Luke Sikmak bere bi saskiraketak eta Jaleen Smithek bere minuturik onenak kateatu dituztenean.
Pierria Henryk nortasuna sobera duela erakutsi du eta bera eta Darius Thompsoni esket nolabait eutsi diote gasteiztarrek, baina defentsan oso leun aritu direlako gasteiztarrak, Alba Berlinek aldea zabaldu du eta oraingoan Markus Howard «salbatzailerik» ez da inon azaldu. Gaitzerdi hirugarren laurdenaren azken emaitza 77-67 baino ez dela izan, alemaniarrek are eta zulo handiagoa egiteko parada izan baitute, bain aberaien akatsen erruz –falta inozoak, esaterako–, Saski Baskoniak inguruan eutsi dio.
Are eta gehiago beldurra sartu zaionean etxeko taldeari. Kolpetik Israel Gonzalezenek erlojuarekin jokatzea erabaki dute, saskirik erasotu gabe eta uztaipeko jaurtiketa pare baten kale eginez. Baskoniaren aldetik, berriz, Sedekerskis kantxara itzultzea defentsan hobetzeko errezeta ia magikoa izan da, eta erasoan, berriz, Henryk eta Thompsonek partida iraultzeko bidea aurkitu dute.
Hala, Thompsonen «bi gehi bateko» jokalti baten ostean 82-84 aurreratu da Saski Baskonia eta Alba Berlinek Jaleen Smithen bidez partida berdintzeko bi jaurtiketa libre izan baditu ere, honek, hirugarren laurdenean 11 puntu sartu ostean, bat bakarra saskiratu du.
Orduan hasi da gasteiztarren erasoko kalbarioa. Henryren hirukoa barrutik atera da eta Maodo Lok 85-84koa lortu du Sedekerskisi bikain iskin egin eta gero. Artean bi minutu falta ziren partida amaizeko, baina markagailuak ez du zirkinik ere egin handik aurrera. Falten bonusean egonagatik talde alemaniarra, Baskoniak hirukoa izan du begiz jota eta hauek saskian sartzeko gogorik ez; Thompson, Giedraitis eta Howardi barrutik atera zaizkie jaurtiketak, hurrenez hurren, baina Alba Berlinek ez du partida erabakitzeko aukerarik baliatu.
Hala, azken zortzi segunduetan Baskoniak partida irabazteko aukera izan du. Hutsarteen ostean, Markus Howardek barneraldi bat egin du, baina Ben Lammersek bikain erakutsi dio Bilbao Basketen eman zituen bi urteetan zergatik irabazi zuen «Txapel» ezizena. Hala ere, bi segundu eta erdiren faltan, azken aukera bat izan dute gasteiztarek. Costellok bota du azken jaurtiketa, baina kapitainak ez du asmatu eta, bada, kitto Saski Baskoniaren bolada bikaina, zeinen aurka izango eta Euroligako azkenaren aurrean. Bada ordua, beraz, beste olatu on bat harrapatu eta bolada bikain berri bati heltzeko.
PARTIDAKO FITXA:
ALBA BERLIN: Maodo Lo (11), Olinde (11), Smith (18), Sikma (4) eta Lammers (6) –hasierako bostekoa–, Thiemann (10), Blatt (11), Zoosman (6), Wetzell (6), Koumadje (2) eta Delow.
SASKI BASKONIA: Darius Thompson (15), Rokas Giedraitis (10), Daulton Hommes (8), Maik Kotsar (4) eta Vanja Marinkovic –hasierako bostekoa–, Pierria Henry (19), Markus Howard (17), Tadas Sedekerskis (6), Steven Enoch (2) eta Matt Costello (3).
Epaileak: Belosevic, Silva eta Koljensic. Falta teknikoa adierazi diote Joan Peñarroyari. Egotzitakorik gabe.
Partzialak: 27-20, 27-28, 23-19, 8-17.
Gorabeherak: Arturs Kurucs geratu da Baskoniaren deialditik kanpo.