NAIZ

Alex Txikon, Katmandutik: «Leher eginda gaude, baina oso pozik»

Gailurrera «hogeitaka ordutako» erasoa jo eta gero iritsi zirela adierazi du Lemoako mendiozaleak, bidean «arazo asko» gainditu eta gero. «Mina gorputz osoan» dakartela aitortu arren, «dena ondo» joan dela gaineratu du Mansluko gailur nagusia zapaldiu eta gero.

Txikon irribarretsu, gailurretik behera bueltan.
Txikon irribarretsu, gailurretik behera bueltan. (@ALEX TXIKON)

«Arratsalde on, Euskal Herria!», izan da Alex Txikon Lemoako mendizalearen agurra behin Manaslu mendia atzean laga eta Katmandura iritsi berritan. Nekea eta poza nahasian nabaritu zaizkio bizkaitarrari munduko zortzigarren mendirik altuenaren gailurra zapaltzea erdietsi duen neguko espedizio honen amaiera zoriontsuan.

«Leher eginda gaude, Katmandura heldu berritan, arnasa hartzera eta berrindartzera. Mina gorputz guztian daukagu: hankak erreta, sudurra, musu-zuloetan... denean! Leher eginda gaude halako saio gogorra egin ostean», onartu du Txikonek. Hala ere, «dena oso ondo joan da» gaineratu du. «Ea laster joaten garen Euskal Herrirantz».

Gailurrerako bideari buruz, bestalde, «arazo asko» izan zituztela aitortu du. «Gaueko hamaikak aldera abiatu ginen, arazo askorekin. Taldekideak oxigenoarekin joan ziren, baina zeropetik 50 graduko tenperaturarekin, ez dabil ezer», aipatu du.

«Oso saio gogorra» izan dela esan gabe doa, «hogeitaka ordutakoa», gaineratu du Txikonek, baina beste alde batetik, gailurrera iristeko uneari ere ñabardura bat gehitu dio. «2008an tontorrean izan ginen; orduan tontorra zela pentsatzen genuen, baina baina Manasluren tontor nagusira iritsi gara orain, lehen egon ginen lekutik 30 bat metrora baino ez, hiru bat metro gorago».

Jaitsieran dena ondo joan omen zen, nahiz eta «susto pare bat eduki genituen». Edonola ere, «oso pozik» egon behar Lemoakoak nahitaez, hirugarren ahaleginean neguko espedizio baten Manasluko gailurra zapaltzea erdietsi ostean.