Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Entrevista
Iñigo Juaristi
Alaveseko entrenatzailea

«Talde bizia nahi dut, aurkariari deseroso jarriko diona, eta baloi irteeran zailduko ez dena»

Alavesek ez du partida bat bera ere irabazterik lortu Iñigo Juaristi etorri den arte: harekin bostetik bi irabazi dituzte. Salbazioa bi puntura dute, eta Valentziaren aurka jokatuko dute gaur. Bestalde, Kopan arituko dira datorren asteartean, baina Juaristik ez du horretan «pentsatu nahi», oraingoz.

Iñigo Juaristi Alaveseko entrenatzailea Ibaian.
Iñigo Juaristi Alaveseko entrenatzailea Ibaian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Ideiak argi dituen pertsona da Iñigo Juaristi (1968, Berango) eta halako Alaves ikusi nahi du zelaian: «Talde bizia nahi dut, aurkariari deseroso sentiaraziko diona, eta baloi irteeran konplikatuko ez dena». Cresporen lekua hartu zuen pasa den azaroan, eta Gasteizeko taldearen bolada txarra etetea lortu du. Juaristik uste du taldeak «azkartasunez» barneratu duela talde teknikoak nahi duen joko estiloaren ideia.

Ezustean harrapatu zintuen Alavesen deiak?

Bai, nik beti jarraitu izan dut emakumezkoen gorengo liga, bereziki euskal taldeak aurretik euskal selekzioko hautatzaile izan nintzelako. Ikusi nuenean Alaves ez zegoela egoera onean, badakizu entrenatzailea aldatzeko aukera egon daitekeela, baina inola ere ez nuen pentsatu ni izan nintekeenik. Beraz, esan daiteke deiak ezustean harrapatu zidala.

Zalantzak izan zenituen kargua hartzeko?

Batetik, ilusioa handia egin zidan hainbeste urteren ondoren jendea nitaz gogoratu izana. Eta bestetik, izan nituen zalantzak lotuta zeuden nola uztartu entrenatzaile lana nire beste lanarekin. Hori posible zela ikusi nuenean, ez nuen zalatzarik izan.

Zaila al da aldagela bat zure gain hartzea jakinda neurketa bat bera ere ez zutela irabazi?

Alde batetik bai, baina beste alde batetik erronka bat da. Talde bat hartzeko sasoi erdian deitzen dizutenean bi arrazoirengatik izaten da: jaitsiera postuetan daudelako, edo titulu bat irabazi nahi dutelako, eta taldeak ez dituelako lortzen nahikoa garaipen. Erronka polita da, eta horretarako gaude entrenatzaileak: laguntzen saiatzeko eta gauzak aldatzeko.

Zer esan zenien jokalariei lehen entrenamenduan?

Egon naizen talde guztietan jokalariei transmititu dietena izan da talde biziak gustatzen zaizkidala, jendeak gogor lan egitea nahi dudala, eta ideiak argi dituen taldea ikusi nahi dudala zelaian. Bereziki, ikusarazten diet ni hemen nagoela beraiei laguntzeko. Prentsaurrekoren batean galdetu izan didate ea hagaxka magikorik dudan; inola ere ez dut horrelakorik. Gainera uste dut ego pertsonala entrenatzailearen kalterako izaten dela, errezeta magikoren bat duzula sinisteraino, eta egiazki errezeta magikoa jokalariek dute. Ukaezina da ere prestatzaile batek erabaki asko hartzen dituela, eta erabaki horiek jokoan eragina izan dezaketela norabide batean edo bestean. Hortaz, ahalik eta erneen egongo naiz, dudan esperientzia baliatuz, egokiena iruditzen zaidan lekura bideratu ahal izateko taldea.

Ondo etorri zaio taldeari neguko geldialdia?

Egia esateko ez dakit. Futbolean denbora asko daramat, eta geldialdiak daudenean inoiz ezin duzu jakin biziko duzuna beste era batera egingo bazenu desberdina izango litzatekeen ala ez. Hala ere, taldeak ahalik eta gehien hobetzeko saiatzen zara entrenamenduak, eta atseden hartzeko uneak horretara bideratzen.

Alavesek fitxatu zintuenean ez zenuen astirik izan taldea behar bezala lantzeko. Geldialdiak balio izan dizu horretarako?

Denboraldiaurrean duzun denbora sasoian zehar izatea oso zaila da. Etorri nintzenetik astero neurketa bat izan dugu, batzuetan baita bi ere. Geldialdi honetan izan dugu denbora gehien gauzak patxadaz egiteko, baina jokalariak oporrak izan dituzte. Beraz, kontzeptuak barneratzeko, eta entrenatzaile batek beti nahi dituen gauzei forma emateko ez da izan une egokiena. Hori da dagoena, eta horrekin lan egin behar dugu.

Zu etorri zarenetik bost partidetatik bi irabazi dituzue, eta kontuan izanik estreinakoa Bartzelonaren aurkakoa izan zela, zein da sekretua?

Entrenatzaile guztiek dituzte etapak, eta iristen da momentu bat taldearekin ez duzula bat egiten. Prestatzaileok jakin behar dugu hasiera bat dagoen bezala, bukaera bat ere badagoela, eta hasieran jokalariei helarazitako zenbait ideiek ez dutela hain harrera ona denbora pasatzen doan heinean. Zentzu horretan, pertsona bat ideia berriekin etortzen denean, dena bere alde jartzeko prestutasun handiagoa egoten da aldagelan. Eta, hain justu, horrek eragin dezake taldeak jarrera aldaketa hori izatea.

Horrez gain, beste era batera jokatzen ari gara, eta uste dut agian une jakin batzuetan horrek zerbait eman ahal izan diola taldeari. Denborak esango du, hala ere. Taldeak denbora asko zeraman irabazi gabe, eta hori lortu dugu, baina irabazi gabe ere, ez dugu partida txarrik egin. Askotan badakigu emaitzak xehetasun txikienen menpe daudela, eta batzuetan horiek zure alde daudela, eta beste batzuetan ez. Horren harira, behin eta berriz esaten diet jokalariei indartsuak izan behar dugula. Izan ere, lehiatzea da momentu onez gozatzea, baina baita ere indartsua izatea gauzak ondo ez doazenean. Halako momentuak beti iristen dira, eta horietan ikusten da benetan zein dagoen erronka zailei aurre egiteko prest.

Ligako azken partida 3-1 galdu zenuten Alhama CF El Pozoren aurka, neurketa ona eginda, gainera. Hiru puntuek ihes egin izanaren sentsazioa izan zenuten?

Niri kosta egiten zait arrazoitzea partida on bat egin izana 3-1 galdu ostean. 3-1 galtzeak esan nahi du aurkaria zu baino hobeagoa izan dela, bereziki eraginkortasunean. Baloiaren jabetza izateak ez dizkizu puntuak ematen, golek, ordea, bai. Zentzu horretan, nahiz eta aurkariak goleko aukera gutxiago izan, eta baloiaren jabetza ez izan, ate aurrean asmatu zuten, eta hori da balio duena. Hala ere, halakoetan aspektu positiboak ateratzen ere saiatu behar gara, eta hain ondo egin ez genituenak hobetu. Ate aurrean eraginkortasuna hobetu behar dugu, eta aurkariari ahalik eta aukera gutxien eman.

1-5-2-1-2 marrazkiarekin aritu zarete. Horrekin ikusten duzu erosoen taldea?

Ez naiz sistema jakin baten aldekoa, nahiago izaten dut jokatzeko modua egokitzea jokalariek dituzten gaitasunen arabera, jokatuko dugun zelaiaren arabera, eta gainerako taldeek nola jokatzen dutenaren arabera. Garrantzitsuena da zein marrazkik eman diezaiokeen zentzurik handiena zure jokatzeko ideiari. Sistemak lagundu behar du jokalariei etekin handiena ateratzen. Batzuetan asmatuko dugu eta beste batzuetan ez.

Marrazki hori aproposa izan daiteke trantsizio azkarrak baliatzeko, aurkaria goian estutzeko, eta kontraerasoak egiteko. Ideia hori da jokalariei helarazi nahi diezuna?

Talde bizia nahi dut, aurkariari deseroso sentiaraziko diona, eta baloi irteeran asko konplikatuko ez dena. Azkenaldian modan dago baloiaren jabetza izatea, atzetik baloiarekin jokatzen hastea... baina badakigu horrek zer zailtasun dituen, aurkariari ematen dizkiozun aukerez gain. Talde pragmatikoagoa izan nahi dugu, eta hortik aurrera, joko zuzenagoa egin nahi baduzu, jokalariak ondo kokatuta egon behar dute zelaian baloi luze bat jotzean gurea izateko. Hobetzeko asko dugun arren, orokorrean nahiko ondo moldatzen ari gara. Pixkanaka jokoa zehazten joango gara; ez dakit sistema berarekin edo beste batekin. Izan ere, marrazki bat edo bestea erabili, finean ideia berbera izango da.

Zergatik ari zaizue hainbeste kostatzen etxetik kanpo irabaztea?

Nirekin kanpoan jokatu dutenean, Bartzelonakoa kenduta, gainerako neurketetan taldea etxean ikusi dudanaren ildotik aritu da. Bereziki, Sporting de Huelvaren aurkakoan [2-2 berdindu zuten]. Murtzian [Alhama El Pozoren aurka 3-1 galdu], baina, etxean dugun oldarkortasuna falta izan zitzaigun, eta horretan, haiek gailendu ziren. Horrez gain, etxean bezala, ez ginen hain pragmatikoak izan. Askoz ere zuzenago eta errazago jokatu behar dugu, konplikaziorik gabe.

Orain arte, zer egin du ondo taldeak eta zer gaizki?

Taldeak azkartasunez barneratu du guk nahi dugun joko estiloaren ideia. Eta zerbait gaizki egin baino gehiago, ondo egiten ari garenari zentzu gehiago eman behar diogu, eta oraindik hobeagoak izan horretan.

14 gol alde eta 37 kontra. Horretan badu zer hobetu taldeak, ezta?

Argi dago jasotako goletan hobetu behar dugula, eta uste dut taldea indartsuago egin dezakeen gauza bat dela erasoko saialdietan asko ez konplikatzea, batez ere arrisku eremuetan. Izan ere, gol gehienak etortzen dira trantsizioetan baloia galtzean eta geldikako jokaldietan. Hain justu, azken hori lantzen ari gara, eta gainerakoetan arrisku gutxiago hartu behar dugu, eta baloi irteeran zentzuz jokatu. Pixkanaka horrelako aspektuak findu behar ditugu, defentsan fidagarriagoak izateko.

Horrez gain, eraginkortasuna hobetu behar dugu erasoan. Taldea oso baxu dago aldeko goletan, eta oso altu kontrakoetan. Beraz, ezin dugu soilik arreta jarri defentsan, erasoa ere garrantzitsua baita. Azken finean, helburua beti da hiru puntuak eskuratzea, eta soilik defentsan aritzen bazara, aurkariarentzako zailagoa izango da zuri gola egitea, baina erasoko jokoa alde batera uzten duzu. Zulotik ateratzeko beharrezkoa dugu puntuak hirunaka lortzea.

Marta San Adrian aurrelaria partida guztietan atera duzu hasieratik. Crespok, ordea, bat bera ere ez. Entrenatzaile bakoitzak norbere gustuak ditu. Konfiantza handia duzu harengan?

Entrenatzaile bakoitzak bere gustuak dituela ados nago, eta ez dakit zein zen Martaren egoera ni hona etorri aurretik. Alavesera iritsi nintzenetik saiatu naiz ikusten jokalari bakoitzaren gaitasunak zein diren. Marta talentu handiko jokalaria da, eta niri gustatzen zaizkidan gaitasunak ditu. Horrek esan nahi du harengan konfiantza izaten jarraituko dudala? Elkarrenganako zerbait izan behar du. Garrantzitsuena da harengan ikusten dudana niri gustatzea, eta horrek jarraikortasuna emango dio hamaikakoan.

Hala ere, erasoan bi jokalarik dute lekua, eta beste hiru-laurek jokatu dezakete postu horretan. Haien artean oso alde txikia dago, beraz, lo hartzen duenak, ezustekoren bat hartuko du. Saiatzen naiz denei konfiantza eskaintzen; jokatzen dutenei eta ez dutenei. Garrantzitsuena taldean lehiakortasuna izatea da, jokalariak ezin dira erlaxatu. Ondo jokatzen duenak hamaikakoan jarraituko du, eta norbait hura baino hobeto aritzen bada, lekua hartuko dio.

Garazi Facilak sasoi onean hasi zuen denboraldia. Orain dela asko ez duela jokatzen. Min hartuta dago?

Iritsi nintzenetik aste hau izan da lehena prest dagoena deialdian sartzeko. Izan ere, sorbaldan arazo bat izan zuen Bartzelonaren aurkako partida baino lehen. Hemendik aurrera ikusiko dugu nola egokitzen den taldera; hasieratik jokatuko duen ala aulkitik aterako den. Gainera, datorren astean hiru neurketa jokatu beharko ditugu, eta zentzu horretan, Garazi taldera itzultzea ondo etorriko zaio taldeari jokalarien indarrak neurtzeko.

Salbazioa orain bi puntura duzue. Villa Real eta Levante Las Planas dituzue goian, eta, hain justu, laster jokatuko duzue haien aurka. Horrelako neurketak irabaztea berebiziko garrantzia dute, ezta?

Zuzeneko aurkarien aurka hiru puntu jokatzeaz gain, zerbait gehiago dago jokoan. Beti esan ohi dut nahiz eta partida bat galtzen joan, ez dela berdina 3-0 galtzea, 3-1 edo 3-2. Izan ere, denboraldi amaieran ez dakizu itzulerako partidan bi goleko aldearekin edo hirukoarekin irabaziko diozun aurkariari, eta bien arteko golen bataz bestekoan aurkariaren gainetik bazaude, eta puntuetan berdinketa izanez gero, aurkaria baino gorago zaude goleko bataz bestekoari esker. Ligan zerbait jokoan dagoenean garrantzitsua da neurketak jokatzea ideia horrekin buruan. Bestela, sasoi amaieran pentsatzen duzu: 'partida honetan gol bat gehiago sartu izango bagenu...' Horregatik da garrantzitsua aurkari zuzenen aurka partidak lehiatzea.

Nolako taldea ikusi nahi duzu Valentziaren aurka?

Betisi eta Sevillari irabazi zion taldea ikusi nahiko nuke zelaian. Valentzia denboraldi ona egiten ari da, talentu handiko jokalariak ditu, eta gure onena eman beharko dugu punturen bat lortu nahi badugu. Talde gogorra, bizia eta ideiak argi dituena izan beharko dugu. Hil ala biziko partida izateaz gain, ezinbestekoa izango da hiru puntuak poltsikoratzea.

Datorren asteartean Kopa jokatuko duzue. Nola egingo dio aurre taldeak txapelketari?

Larunbatean baino ez dut pentsatzen. Arreta osoa Valentziaren aurkako partidan dut, eta ez dut Kopaz ezer jakin nahi. Partida bukatzean, ikusiko da.

Zelai artifizialean jokatzen duzue. Inoiz jokatuko al duzue belar naturalean?

Ez da nik eman dezakedan erantzun bat, klubari dagokio. Ni entrenatzailea naiz, eta zelai bat jartzen didate entrenatzeko eta jokatzeko. Klubak xedatzen duenera egokitzen naiz.

Euskal selekzioko hautatzaile ohi moduan, iragan abenduan jokatu zen neurketa ikusteko tartea izan zenuen?

Bai, ikusi nuen. Nahiko neurketa erraza izan zen selekzioarentzat. Oro har, giroa ohi baino hotzagoa izan zen, eta ez dakit hori gertatu zen orduagatik, astean zehar jokatu zelako, edo euria egin zuelako. Ez zen intentsitate handiko partida izan, eta ez zuen distirarik eduki. Txilekoa baino selekzio hobea ikusi nuen, eta zenbait unetan detaile politak egon ziren.