NAIZ

Miguel Angel Diez (PSE) zinegotzia balizko prebarikaziogatik salatu du Parte Zaharren Bizi-k

Terrazen ordutegiarekin lotura balizko prebarikaziogatik salatu du Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak Donostiako Miguel Angel Diez (PSE) zinegotzia. Establezimendu bati ordenantzak ezartzen duen ordutegiaren muga ez errespetatzeko baimena eman ziola leporatzen diote.

Informazio honekin lotura ez duten Konstituzio plazako terrazak. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Informazio honekin lotura ez duten Konstituzio plazako terrazak. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak salaketa jarri du Miguel Angel Diez (PSE) Donostiako Hiri Mantentzeko Lanetako zinegotzi ordezkariaren aurka, prebarikazioa leporatzen diotelarik.

Talde honek azaldu duenez, lurzoru publikoaren erabilera arautzen duen ordenantzak Alde Zaharrean zamalanetarako aurreikusitako ordutegia amaitu arte Bulebarreko 18. eta 26. zenbakien artean terrazetako bil ilara baino ezin dira jarri.

«Hala ere, uda honetan behin eta berriz salatu dugu hirigune historikoaren barruan kokatutako establezimendu batek goizeko 9.00etatik aurrera jartzen zuela terraza», adierazi du Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak.

«Gure haserrea handia izan zen Udalaren erantzunean Miguel Angel Diez zinegotzi delegatu berak 2022ko uztailaren 22an baimendu zuela jakiterakoan. Udal ordenantza horren aurkako erabakia hartu eta, horrela, legez indarrean ez dagoen arau berezi bat sortuz», gaineratu du, prebarikazioa egin duela egotzita.

«Gure ustez, Donostiako Udaleko Hiri Mantentze Lanetako zinegotzi ordezkariak hartutako erabakiak aipatutako delituak bere existentziarako behar dituen elementuak aurkezten ditu», nabarmendu dute.

«PSEko zinegotziaren jarduna udal-pasibotasunaren testuinguruan gertatzen da, olanei,  irisgarritasunari, terrazei, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta abarri buruzko arauak eta ordenantzak behin eta berriz betetzen ez direnean. Kasu honetan, beste urrats bat eman da; pasibotasunetik eta egiten uztetik, ordutegi bat baimendu da, ordenantzak onartzen ez duela jakinda», gaineratu du.