Alessandro Ruta
Entrevista
Leire Palacios
‘Ta bihar zer?’, ETB-1eko saioaren aurkezlea

«Euskal gizartean prest gaude gai unibertsalen eta gai zehatzen inguruan hitz egiteko»

Leire Palacios Eguiguren EiTBko ‘Ta bihar zer?’ saio berriaren aurkezlea da: «Hibridoa da, elkarrizketak, mahai-ingurua, eta sare sozialetan ere presentzia nabarmena du». Sei atal eta berezitasun bat: «Gai unibertsal batzuk jorratu ditugu. Baina beste hainbeste daude programa bat merezi dutenak».

Leire Palacios.
Leire Palacios. (EiTB)

‘Ta bihar zer?’. Galdera ona, orokorrean, etorkizunari begira askotan zer egin ez dakigulako. ETBko programa berri baten izenburua ere bada, Leire Palacios Eguiguren (Bilbo, 1986) kazetaria aurkezle duena.

Lehen atala urtarrilaren 3an eskaini zuten ETB-1en, eta audientzia eta kritika onak eduki zituen. Nabarmena da oso interesgarria izan dela jendearentzat: sexuari buruzkoa izan zen programa eta hainbat ikuspuntu erakutsi zituen.

Gazteen iritziak entzun genituen, emakume nagusi baten oroimenak, eta nola aldatu den egoera azken hamarkada hauetan. Leire Palaciosekin hitz egin dugu.

Aspaldiko, Leire!

Ez horrenbeste! Oso arin joan da dena. Urtebete eman dugu ‘Ta bihar zer?’ saioa prestatzen. Iaz data hauetan sukalde lana egiten ari ginen.

Ikusi dut lehen atala, zorionak lanagatik. Baina zer da ‘Ta bihar zer’? Munduaren erradiografia bat edo beste zerbait?

Eskerrik asko, lantalde polita izan dugu saioa egin ahal izateko. ‘Ta bihar zer?’ saio hibridoa da: batetik, iragana eta orainaren zantzuak irudikatu nahi dituen elkarrizketa saioa da, eta bestetik, etorkizuna nolakoa izan daitekeen ulertzen hasteko zertzelada batzuk eskaintzen ditu gazteekin mahai-inguruan bilduta.  Programa denok zeharkatzen gaituen gai unibertsal batetik abiatzen da, datuak eskaintzen ditu eta testigantzak ere bai.

Aurrenekok gaia sexua izan zen. Zeintzuk izango dira hurrengoak?

Hurrengoa familia izango da; egiturak eta ertzak azalduko ditugu. Estetikaren pisuaz arituko gara, gaur egun influencerrek gure bizitzetan duten eraginaz, zahartzaroa nola bizi dugun entzungo dugu, eta hizkuntzaz ere arituko gara, euskaraz.

Nola edo nork erabaki ditu gaiak?

Bi fase izan ditu: lantaldean brainstorming prozesua egin genuen. Gai zehatzak lantzeko proposamenetik abiatu ginen, hala nola, arrakasta edota aire zabala kontzeptuak nola aldatu diren ulertzeko. Ondoren, EiTBko lantaldearekin batera gai unibertsalen alde egin genuen. Orokorrean, denboraldian landu ez ditugun beste hamaika gaik ere mereziko lukete atal bat.

Horregatik sare sozialetan programa asko bultzatzen ari da?

Bultzatzen edo ikusgarri egiten. Sare sozialak ikus-entzunezko plataformak dira, telebista lineala eta streaming plataformak diren gisa berean. Online logiketan pentsatzen hastea da gakoa: sare sozialetan adin tarte zabala bizi da. Ondorioz, ikuspegi horrekin bat eginez, iragana, oraina eta etorkizunari so egiten dion saio bat izanik, ‘Ta bihar zer?’ saioak sareetan egotea naturala da.

Orduan ez da kasualitatea...

Ikus-entzunezkoak modu askotan kontsumitzen ditugu. Sare sozialek berezko edukia biltzeaz gain beste hainbat plataformatako edukiak ere biltzen dituzte. Beraz, galdera izan daiteke: zergatik ulertzen dugu telebista linealeko edukien promoziorako balio dutela sare sozialek? Izan ere, egongo da saioa osorik ikusi beharrean sare sozialetan piezak ikusiko dituenik. Eta hori ez al da ‘Ta bihar zer?’ saioaren audientzia?

Uste duzu euskal gizartea prest dagoela gai unibertsaleei buruz hitz egiteko?

Noski baietz. Ez dut zalantzarik. Euskal gizartea anitza da, geroz eta anitzagoa. Prest gaude gai unibertsalen eta gai zehatzen inguruan hitz egiteko. Ausardia, ardura eta miraz, posible dela sinetsita nago.

Elkarrizketatu duzun jendea ‘proaktiboa’ izan da zurekin? Momentu hunkigarriaren bat bizi duzu?

Bai, asko, eta oso eskuzabala. Elkarrizketatuetatik gertu egoteko gorputza jarri nahi nuela esan nien Ane Rotaetxe zuzendariari eta Larraitz Zuazo produktoreari, eta horrela izan da. Hemen bi kontu nahasten dira, eta hori da gakoa: kazetari lana egiten duzunean tresna bat zara, ez zara protagonista, elkarrizketatua eta haren ahotsa dira inportanteak, baina kontakizuna entzuten eta bideratzen duen tresna hori pertsona bat da. Pertsona naiz, eta gure artean geratuko diren momentuak bizi izan ditugu.  

‘Ta bihar zer’ zuk, Leire?

Nork daki, kar, kar, kar. Euskararen biziberritze prozesuan daramat lanean urte luzez, eta horretan jarraitzeko gogoa daukat, Badalab-en. Kazetari gisa orain arte bezala jarraituko dut, gustuko ditudan proiektuetan.