NAIZ

Mendi martxak eta hitzaldiak antolatu dituzte Urola bailaran, zentral eolikoen aurka

‘101 arrazoi mendietan zentral eolikorik ez eraikitzeko’ lelopean, mendi martxa eta hitzaldi zikloa antolatu dute Urola bailarako hainbat eragilek. Bihar bertan hasi eta maiatzaren 4ra arte antolatu dituzte ekitaldiak, eta baliteke besteren bat ere egitea.

Urola bailaran eraikitzekoak diren zentral eolikoen aurkako mendi martxa eta hitzaldi zikloa aurkeztu dute.
Urola bailaran eraikitzekoak diren zentral eolikoen aurkako mendi martxa eta hitzaldi zikloa aurkeztu dute. (101 ARRAZOI egitasmoa.)

Anaitasuna Mendi Bazkuna, Sokaitz eskalatzaile taldea, Lagun Onak Mendi Bazkuna, Agiro Mendi Taldea, Oletan ere ez! eta Sañu Bizirik! taldeek mendi martxa eta hitzaldi zikloa antolatu dute. ‘101 arrazoi mendietan zentral eolikorik ez eraikitzeko’ lelopean, bihar bertan, hilak 11, hasiko dute programazioa eta maiatzaren 4an bukatu. Hala ere, adierazi dute litekeena dela beste ekitaldiren bat ere antolatzea.

«Urola bailaran ezarri nahi diren zentral eolikoek eragindako kezkaren harira, mendi martxak eta hitzaldi ziklo irekia antolatu ditugu hainbat mendi elkartek eta zentral eolikoen aurkako taldek», azaldu dute. Zikloaren xedea izango da herritarrei informazioa helaraztea «inolako interes milioidunik gabeko adituen eskutik», azpimarratu dutenez. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, horrelako «mega proiektuek ingurumenean, elikadura burujabetzan eta ondare arkeologikoan eragiten dituzten kalteen berri» emango da hitzaldietan.

Datorren urtarrilaren 11n hasi eta ia 5 hilabetez luzatuko da mendi martxa zein hitzaldi zikloa eta gaur aurkeztu dute programazioa. Bihar bertan EHUko ikertzaile eta irakaslea eta Ingenieritza teknikoan doktorea den Alvaro Camposek hitzaldia eskainiko du 19.00etatik aurrera Azkoitiko Elkargunean, ‘Analisis critica de la transicion energetica’ izenburupean.

Otsailaren 16an izango da hurrengo hitzaldia, Azpeitiko Soreasu antzokian, ordu berean. Oier Etxeberria Gutierrez Goienerreko energia komunitateen sustatzaileak eta Aitziber Sarobe biologian doktorea eta Mondragon unibertsitateko irakasleak hartuko dute hitza. Hirugarren eta azken hitzaldia maiatzaren 4an izango da, ‘Crisis energetica y de materiales’ deituriko ekitaldia gidatuko dute Antonio Turiel CSIC-eko zientzialariak eta Antonio Aretxabala geologo ikertzaileak, Azpeitiko Soreasu antzokian 19.00etatik aurrera.

Mendi martxak ere antolatu dituzte, hala nola, datorren astean, hilak 22, Oletara joan eta estazio megalitikoan bisita gidatua egiteko asmoa daukate. Martxoaren 12an, Sañura mendi martxa antolatu dute eta apirilaren 23an Elgeako zentral eolikora irteera egingo dute, anbulatoriotik 8.00etan abiatuta.