NAIZ

Bizkaiko Batzar Nagusiek bidegorri sarea luzatu nahi dute, auto bidaiak gutxitzeko

2023-2035 Bizkaiko Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialaren Foru Arau proiektuaren berri eman du Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko foru diputatuak Batzar Nagusietan. Egun autoz egiten diren 8 kilometro baino gutxiagoko 157.130 bidaia bizikletaz egin ahal izatea da xedea.

Txirrindulari bat Zumarragako bidegorri batean.
Txirrindulari bat Zumarragako bidegorri batean. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Bizkaiko Foru Aldundiak hamabigatik biderkatu gura du bizikletaren erabilera hurrengo hiru legealdietan. Horretarako, Foru Gobernuak gaur Batzar Nagusietan aurkeztu duen 2023-2035 Bizkaiko Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektoriala abian jarri nahi du. Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko batzordea izan dute goizean, eta Imanol Pradales diputatuak aurkeztu du plana.

5 urte behar izan dituzte dokumentua ontzeko eta Pradalesek baieztatu du prozesuak «udalen, adituen, eragileen eta erakundeen partaidetza handia» izan duela. Halaber, azaldu du aurkeztutako 120 alegazioen %66a gehitu zaizkiola planari. Plana Aldundiaren webgunean dago eskuragarri, eta Bizkaia egituratzen duen bizikleta bideen sarea zehazten du.

Planak proposatzen duen sareak 365,5 kilometroko luzeera dauka eta haietatik 162 km eraikita daude dagoeneko. 7 ibilbide handik osatzen dute sarea: Nerbioi - Ibaizabal - Arratia - Durangaldea (L1), Txorierri - Mungialdea (L2), Eskuinaldea - Uribe Kosta (L3), Ezkerraldea - Meatzaldea - Enkarterri (L4), Urdaibai (L5), Artibai (L6) eta Bilbo (L7). Pradalesek adierazi du litekeena dela orain planteatutako trazatuek aldaketaren bat izatea. Proposatutako ibilbideen artean dago Galdakao Bilborekin lotzen duena, Biziz bizi elkarteak urte luzez aldarrikatu duen bidea izanik.

Diputatuak Batzar Nagusietako taldeei azaldu dienez, egin barik dagoenak 188,8 milioi euroko kostua izango du eta horietatik 39,4 milioi udalek hartu beharko dituzte euren gain. Halaber, Pradalesen ustetan, 365,5 kilometro horien %63,8 udalerriek kudeatu beharko dituzte, eta gainerakoa Foru Aldundiak.